antoine beuger
Antoine Beuger (1955ean jaioa, Haan-en, Alemanian, bizi eta egiten du lan) herbeheretar konpositore eta flautista da. 1980an, Ton de Leeuw konpositorearekin Amsterdamgo Sweelinck kontserbatorioan ikasketak amaitu eta bi urtera, konposatzeari utzi zion hamar urtez. Nazioarteko hainbat konposizio-sari irabazi ditu, hala nola Boswil-eko (Suitza) 1991ko Nazioarteko Hamargarren Konposizio Mintegikoa (ahotserako, eta zinta aurregrabatuarekin, lesen, hören – buch für stimme obragatik), Koloniako (Alemania) 1992ko WDR-ren Forum Junger Komponisten saria (perkusio eta orkestrarako schweigen, hören obragatik) eta Varsoviako 1998ko Nazioarteko Seigarren Kazimierz Serocki Lehiaketakoa (akordeoi eta orkestrarako fourth music for marcia hafif (4) obragatik). Haren obrak nazioarteko musika garaikideko hainbat jaialditan estreinatu dituzte; esate baterako, Donaueschingen Musiktage ospetsuan, obra hauek estreinatu ziren: etwas (lied), ahots eta pianorako, 1995ean; fourth music for marcia hafif (3), orkestrarako, 1997an; wort für fort (geraum), sei ahotsetarako, testuarekin eta soinu elektronikoekin, 2003an. Beugerrek Wandelweiserretik kanpoko musikari asko mobilizatzea lortu zuen –neurri batean, Konzert Minimal taldeari esker. Koen Nutters herbeheretar kontrabaxistak eta Johnny Chang taiwandar biolistak eta biolinistak sortu zuten talde hori, 2010ean Berlinen, Wandelweiserreko konpositoreen eta antzekoen errepertorioa interpretatzeko–. Hainbeste musikari mobilizatu zituen obratik, instrumentazio irekiko zenbait ganbera-pieza dira azpimarratzekoak; dedekind duos (2003) piezarekin hasten da, bi instrumentistarentzat, eta ihwe tunnings for twenty (2008) piezarekin amaitzen da, hogei instrumentistarentzat.
Klangraum jaialdiaren sortzailea eta antolatzailea da; 1994. urtetik, Düsseldorfeko Kunstraum-en egiten da. 1995ean, Mauser artista plastikoarekin batera, Kolonian 2001era arte egin ziren Werkraum ekitaldiak sortu zituen.
1992an, Burkhard Schlothauer-ekin batera, Edition Wandelweiser disko-etxea sortu zuen. 1996tik, hartako arte-zuzendaria da. Plataforma hori oso garrantzitsua izan da, haren obra argitaratu baitu: calme étendue (spinoza), keine fernen mehr, dedekind duos eta beste pieza garrantzitsu batzuk argitaratu ditu. Hala ere, Beugerrek beste disko-etxe batzuetan ere diskoak atera ditu; hauek dira disko-etxe horietako batzuk: Copy For Your Records (Ameriketako Estatu Batuak), Erstwhile Records (Ameriketako Estatu Batuak), Hibari, (Japonia) eta Potlacht (Frantzia).