beatriz setién

(Donostia 1980). 8 urte zituela Beatrizek ile-apaintzaile edo business woman izan nahi zuen. Azkenean, Arte ikasketak egin zituen Bilboko Arte Ederretako fakultatean eta Estrasburgoko L’École des Arts Décoratifs eskolan. Idoia Zabaletarekin batera dantza garaikideko sorkuntza-tailer batean hartu zuen parte Euskal Herriko Unibertsitatean. Aurrerago, dantza garaikidean eta performancean trebatu zen hainbat topaketa, tailer eta ikastaroren bidez; horietan, zenbait artistarekin aritu da, besteak beste, Simone Forti, Xavier Le Roy, Germana Civera, La Ribot eta Esther Ferrer. Berriki, dantzari gisa egin du lan Mylène Benoit eta Olivier Normandekin, Mié Coquempot eta Antoine Defoortekin eta Halory Goergerekin Frantzian, Kanadan eta Europan.
Beatrizek bere pieza eszenikoak egiten ditu 2007tik, eta lan horretan hainbat diziplina erabiltzen ditu, honako hauek batez ere: dantza, arte plastikoak, musika.
Business woman izateko bere ametsa betetzen ari da, izan ere, gaur egun artista izatea ekintzaile eta negoziatzaile izatea baita, hein handi batean. Ile-apaintzaile izateari dagokionez, estetikako eta ile-apainketako erdi-mailako ikasketak egiten ari da Beatriz Bilbon.

beatriz-setien.com