bulegoa z/b
zenbaki barik arte eta jakintza arloko bulego bat da, eta ikerketa, eztabaida eta hausnarketa sustatzea du helburu. Bilboko Solokoetxe auzoan dago. Ikerketa ildo jakin batzuen inguruan sortutako lankidetza ekimena izan da. Historizazio-prozesua, kultur itzulpena, performatibitatea, gorputza, postkolonialismoa, teoria soziala, artxibo-estrategiak eta hezkuntza dira, hain zuzen, aipatutako ildoak. Bulegoa z/b ekimenak praktikaren eta teoriaren arteko topagunea izan nahi du, eta, era berean, ekoizteko, ideiak eztabaidatu eta trukatzeko eta arte proiektuak gauzatzeko eremua. Helburu horiek guztiak lortzeko, mintegiak, aurkezpenak, emanaldiak, performantziak, hitzaldiak, elkarrizketak eta bestelako jarduerak antolatzen ditu. Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara dira Bulegoa z/b-ko kideak.