malús arbide
Donostia, 1958. Artista da, ehun-ilustratzaile grafikoa eta inprimaketa- eta estanpazio-tekniketan aditua. Lanean arte-sorkuntza eta ehun-ilustrazioa konbinatzen ditu, eta, aldi berean, ikastetxe espezializatuetan irakasle ere badabil, arte-plastikoekin eta patternen diseinuarekin eta inprimaketarekin lotutako alorretan.
Nazioarteko azoketan aurkeztu du ehun-estanpatuetan egindako diseinu-lana, adibidez: Indigon (Parisen, 2004an) eta Tissu Premieren (Lillen, 2006an).
Erakusketa ugari egin ditu artista bisual moduan. Batetik, banakako erakusketak: Luca, Naratan (Bilbon, 2016an); Superficies, La Sonrisa de la Ballesta aretoan (Madrilen, 2008an), Dentro Fuera Extraño, Ciudadelan (Iruñean, 2007an), eta Altxerri galerian (Donostian, 1995ean). Eta, bestetik, erakusketa kolektiboak: El Contrato, Azkuna Zentroan (Bilbon, 2015ean), Tesoro Público, Artiumen (Gasteizen, 2013an), Acepciones, Trayecto galerian (Gasteizen, 1995ean) eta El Recreo, Sajazarran (Errioxan), BBK Aretoan (Bilbon) eta Amarica Aretoan (Gasteizen, 1992-1993an).
Arte-sorkuntzarako bekak jaso ditu eta beraren lanak ikus daitezke Artiumen bilduman, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundien bildumetan, Bilboko Udalarenean eta BilbaoArte fundazioarenean.