manfred werder

Manfred Werder (1965ean jaioa, Zurichen, Suitzan, bizi eta egiten du lan) konpositorea eta pianista da. Luzernako eta Bernako kontserbatorioetan ikasi zuen (Virtuosité avec distinction aipamena lortuta), baita Parisen ere, Claude Helffer-ekin. Haren partiturek askotariko formak dituzte; soinu-egoera bat labur-labur iradokitzen duten jarraibide motzak izan ditzakete, edo hainbat egileren liburuetan aurkitutako hitz eta aipuak. Dena den, partitura guztiek helburu bera dute: munduaren soinuarekiko sentikortasuna piztea.

Nazioarteko zenbait konposizio-sari irabazi ditu, hala nola Koloniako (Alemania) WDR-ren Forum Junger Komponisten saria, 1992an. 1994an, egoitzako artista izan zen Parisko Cité Internationale des Arts delakoan, Los Angeleseko Cal Arts California Institute of the Arts institutuan eta Bruselako Q-O2 gunean, besteak beste. Bere lanak hainbat lekutan aurkeztu ditu: Txilen, Japonian, Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Hego Korean, Mexikon eta beste herrialde batzuetan. Kontzertu-areto eta arte-zentroetan zein hiri-esparru eta natura-guneetan jarduten du, soinuarekin lotuta esku-hartzeak egiten.

Besteak beste, Stück 1998 pieza nabarmendu behar da. 4.000 orrialdeko konposizio prozesual bat da, eta orrialde bakoitza zenbait musikarik behin soilik jotzen dute, testuinguru jakin batean. Performer Series obrak ere aipatu beharreko lana da. Zenbait konposizio dira, ia 700 orrialdekoak, solista batentzat eta zenbait tamainatako taldeentzat. Soinu-ekitaldien eta isiluneen denbora-konfigurazio bat adierazten dute konposizio horiek, eta, orrialdeak interpretatu ahala, ekitaldi eta isilune horiek zabaldu egiten dira. Konposizio horietako bat Ein(e) Ausführende(r)Performer bat– da. Nazioarte-mailan musika garaikidean eta musika esperimentalean oso ezagunak diren instrumentistek interpretatu dituzte haren konposizioak; esaterako, Rhodri Davies, Patrick Farmer, Eva Coronado, Antoine Beuger eta Michael Pisaro jotzaileek.

Saiakerak idazten ditu, bere konposizio-jardueraren zenbait alderdi jorratzeko, eta entzutearekin eta bizi garen lekuetako soinuarekin erlazionatutako gaiak aztertzeko. Desplazamientos: indicaciones en los bordes / Textos, entrevistas, partituras (Txile, 2013), Chine / Europe, Percussions dans la pensée (Frantzia, 2005) eta Words and Music (Erresuma Batua – Ameriketako Estatu Batuak, 2012) liburuetan eta Revue & Corrigée 93 (Frantzia, 2012) eta Musik Denken (Suitza, 2007) aldizkarietan argitaratu dira. Beste musikari eta teorialari batzuek haren lanei buruz idatzi dute: Ana Cecilia Medina (LLEOM Laboratorio de Literaturas Extendidas y Otras Materialidades, Mexiko, 2014), Will Montgomery (“Five Ways of Looking at Manfred Werder”, in Kunstmusik, Alemania, 2013), John Lely (“Manfred Werder”, in Word Events, Erresuma Batua – Ameriketako Estatu Batuak, 2012) edo Taku Sugimoto (“Logic and Notation”, in Tacet Experimental Music Review, Frantzia, 2013).

Edition Wandelweiserrek Werderren obren zenbait interpretazio argitaratu ditu, bai eta, besteak beste, Heresy (Espainia), Winds Measure Recordings (Ameriketako Estatu Batuak), Skiti (Japonia), Cathnor (Erresuma Batua), Futow (Japonia) eta Nueni Recs (Euskadi) disko-etxeek ere. Beste konpositore batzuekin egindako lanak ere argitaratu izan dira; adibidez, Taku Sugimotorekin egindakoa Japoniako Slub disko-etxeak argitaratu du, eta Toshiya Tsunodarekin egindakoa, Ameriketako Estatu Batuetako Erstwhile Records disko-etxeak. Pianista gisa, James Tenney estatubatuar konpositorearen Bridges obra argitaratu du CD batean, hatArt disko-etxean.