Bizikidetasun-modu batzuk probatzeko gaitasunik ba ote erakusketa batek? Nondik ateratzen dugu ausardia, hain desberdinak garela jakin arren elkarrekin bizitzeko aukera emango digun eremu fisiko eta mentala irudikatzeko? Denok berdin lasaitu eta asetzen gaituen desira kolektibo gisara antolatzen dugu erakusketa, ohartu gabe lursail partzelatu batean ari garela. Ahal dugun guztia egiten dugu hau saihesteko: ilusio horren euskarri dugun adostasuna deserriratze bat dela, eta elkarbizitza horretan arkitektura eta «muga materialak gainditzen eta, merkurioaren antzera, erresistentzia leun eta likido batez zoraturik isurtzen den» borondatezko bereizkeria baten parametroak definitzen ari garela.
Aparte kokatzen gara, baina desartikulazio horrek ez du uxatzen elkarrekin egotera bultzatzen gaituen grabitatea, ezta partekatzeko premia ere. Zerk bultzatzen gaitu elkarrengana?
Literaturako testu askotan hitz egiten dute animaliek gizakiok bezala, betiere hitz handiak erabiliz eta ahots sakonez mintzatuz. La asamblea de los pájarosen (Txorien batzarra), bidaia luze eta nekagarri bati ekin dio hegazti-talde heterogeneo batek (kardaba eta galeperra, zikoina eta belatza, arabazozoa eta argi-oilarra) Zazpi Haranetan zehar, beren errege Simurgen bila. «Nola liteke aginte-ahots bat gabe irautea guk?», galdetzen diote bere buruari. «Nola liteke geure kasa hegan egiten uztea, mugarik eta biderik gabe?». Hala, bada, urteak ematen dituzte galdera horientzat erantzun bila, eta bidean aurkitzen duten guztiari galdetzen diote. Beren istorioak jaso, eta parabola gisa ekartzen dizkigute. Berehala ohartzen gara zein den bidaia horren xedea: elkarrekin aurrera egitea. Ohartzen gara, halaber, ez dela existitzen ez Simurg delako txorien errege hori, ez antzekorik; bai, ordea, narrazioan gauzatzen den ikaskuntza-bide bat.
Hain gaude ohituak munduaren prosara, ezen hegaztiek dakarkiguten kontakizun mistiko eta xehetasun urriko horrek galdeketa egiten baititugu geografia fisikoa eta giza geografia osatzeko erabiltzen ditugun teknikez. Testuingururik gabe hedatzen da gure aurrean haien elkarrizketa, eta hain gaude ohituak txori-begiz ikustera huts bisual hori eta haien deskribapenen urritasuna, ezen paisaia minimizatu aurkezten baitigute, hurrenkera toponimikoari mugatua. Drone-armada baten zaintza- eta entzute-erregimen selektiboaren antz handiagoa du ikuskeraren mekanizazio horrek zerua zeharkatzen ari den hegazti-saldo batena baino. Kontua da hain gaudela konbentzituta gure gailuen teknika eta nonahikotasuna deskribatzeko ahalmenaz, ezen sarritan nahasten baititugu ikustea eta ukitzea, esatea eta egitea.
Eta batzuetan esatea egitea denez, denbora luuuuuze igaro zen harik eta deskribapenaren bitartez mendia eta, harekin batera, paisaia sortu ziren arte. Eta, hegaztiekin bezala, Ventoux mendirako igoaldia kontatzen duen literatura-konposizio goiztiar hori ere zoritxarretik sortua da, bazterrak eta ezagutzen ez dena ezagutzeko nahiak eragina. «Ez zaitezte igo —esaten die artzainak abenturazaleei—; ni igo nintzen, neke handiak igarota, eta apenas aurkitu nuen ezer gailurrean».
Autobidetik goaz gidari, zingira baten ertzetik; begien aurrean ditugu soroak, baso monumental bat, paisaia babestuak edo ustiatuak, eta deskribatzeari ekiten diogu (fabrika izugarri baten hondakinak —dena da fabrika—, bazterrera utzitako gorputz- eta organismo-nahaste urduri bat, berreraikitzen ari den orografia bat) eta partekatu egiten dugu. Eta irudikapen eskematiko horretan, premia jada ez da ikustea, baizik eta apaintzea. Eta orririk, eraikinik eta plazarik gabe lekualdatzen den apaingarri bat da.
~
Batzuetan, hesitako baratze baten antzekoa da erakusketa, denbora mugatu batez nahierara ibiltzen uzten digun baratze bakarti baten modukoa. Burura datozkit Lehen Mundu Gerran lubakien artean soldaduek lantzen zituzten baratze polit haiek, edo Bigarreneko parterre txukunak eta sarriak. Goseak edo plazerak bultzatuta, antzinako ordena hartatik pixka bat jorratzen zuten batzuek zein besteek, beldurrari aurre egiteko, erresistentzia-ekintza edo matxinatzeko modu sotil gisa, agian.
Sarritan, belar arraro batzuk hazten dira baratze-ertzetan eta, konturatzerako, norbaitek ahaztuta utzitako loreontzi haren jabe egiten dira. Oso trebeak dira landare horiek, eta zokorik ezkutueneteraino joaten dira haien haziak. Ugaldu egiten dira, alegia. Beraz, behar adina talentu eta dohain behar dira jakiteko noiz utzi belar horiei sustraitzen, eta noiz atera. Bada, erakusketa bat ere liskar-eremu izaten da, eta espero ez genuen gonbidatu hori oso lagungarri izan dakiguke pazientzia handiz txukundu dugun ekosistema hori hankaz gora jartzeko. Puntu jakin batera iristean, komeni da uztea lorategiari bere gisara moldatzen, mugatua baita gure gobernu-ahalmena, eta bidezkoa loreak eta zurtoinak nahierara nahastea.
Beharbada, lorategi baten eta erakusketa baten arteko konparaketa apetatsua bidean aurkitutako metafora bat baino zerbait gehiago izango da, eta agian argi pixka bat eman dezake gai ilun samar batzuez. Denok dakigu, izan ere, alor publikoaren erakustoki direla parkeak eta museoak, eta hura ikusgai jartzen dugunean galdetu egin behar diogu gure buruari zer ondasun metatzen eta zer balio betikotzen ditugun gure lorategietan botere faktikoen mesederako. Gogora dezagun gure motibazio xumeetatik landa beti egongo dela bakarren bat garia lastotik bereizteko prest, eta bere interesen arabera soilik jarduteko. «Orain, lorategi komunitarioen alde egitea erabaki du hiriak, batez ere langile-jendea behin betiko bota duten lekuetan»2. Komunitate horiek gabe, «esperientziaren ekonomiaren» konkista berri bilakatzen da lorategia.
Desira-eremu bat sortzen laguntzen dugu, musu-truk, gure lorategien bidez. Izan ere, kapital sinboliko bat agertzen da han, «lorezaintzaren (eta sustraitze-metaforak) eta modernitatearen lekualdatze deserosoen, lekuarekiko eta komunitatearekiko lotura sakonen (baita inkontzienteak ere) baztertzearen artean loratzen dena».
Puntu honetara iritsirik, merezi du aipatzea lekuaren zein tokiaren eta komunitateek haren definizioan duten egitekoaren arteko aldea. Lekuari dagokionez, inguruan dituen geografiaz eta bizimoduak kontuan hartu gabe azter daiteke; tokietan, aldiz, paisaiaren elementuak eta gizartea funtsezkoak dira haien definizio kontzeptual eta formalerako. Leku bat beti da toki bat, baina toki bat ez da nahitaez leku bat. Lekuaren parte dira gorabeherak. Argiaren eta uraren materialtasunak eta beste fenomeno batzuek balio deskribatzailea dute lekuetan. Tokietan, berriz, bakartzeko joera izaten dugu, aterpea bilatzekoa. Lekuetan, ustekabeen mende egoten gara, zoritxarrak beti aurkitzen baitu gu ukitzeko moduren bat. Hala eta guztiz ere, lekuetan sustraitu egiten dira komunitateak; tokietan, berriz, batetik bestera ibiltzen dira, denbora mugatuan.
Erakusketa leku bat baldin bada, sustraitze-modu horiek frogatzerik izango ote du?
Deskribapena sustraitzeko modu bat baldin bada, nola defini dezakegu lorategi bat eskuarea erabili gabe?
~
Batzuetan, sistema berri baten ereduen arabera garatzen dira hiri-egitura eta auzoak, bai eta lorategia edo erakusketa ere, hots, adimen-forma bakar baten aginduari uko eginez. Hazkuntza-era horrek konponbide ugari eskaintzen ditu arazo berarentzat, eta jarduteko modu bakarra hau da: entseguaren eta errorearen bidez konbinatzea era guztiak. Arazoak dira sistema berri ororen antolakuntza-oinarria, baina, paradoxikoki, ezin ditugu konpondu hutsegite berri eta galantik sortu gabe. Orain, lan- eta gizarteratze-erek gure gorpuztasuna alde batera uztea erabakia duten eta izaki abstraktu, mugikor eta —zoritxarrez— ordezkagarriak bihurtuak garen honetan, gure fisikotasuna ukatzen duen prozesu baten aurkako oposizio-modu gisa ageri zaigu lurraldearen araberako sailkapena. Herrietan zein hirietan, gure jardunak gauza baten mendekoa dirudi soil-soilik: lekuz aldatzeko premiarena. Baina, hala ere, ahaztu egiten dugu maiz gure joan-etorrien trazabilitatearen araberakoa dela hain egunerokoa dugun gure mugikortasuna. Ahaztu egiten dugu, halaber, gure gelatik irten eta kaleetan barrena abiatzen garenean interpretatzen dugun koreografia jotzeko prest dagoen partitura baten mendekoa dela..
Dena dela, badago halako poz-ukitu xume bat gure desagertze horretan. Atomizazio horrek laguntzen dio afektuen eraldaketari, gure nortasuna birnegoziatzeko premiari, baita, agian, subjektu izateari uzteko borondateari ere. Askotan iraintzen du gure komunitatea uzkurtu eta handik gutxira diluitzen gaituen formarik gabeko indar batek. Lagundurik gaude, baina, aldi berean, distantzia bat ezartzen digute, eta ez-ukitze horretatik, elkarrizketa bat abiatzen dugu —batzuetan, bakarrizketa—, hil edo biziko gai garrantzitsu hau konpondu nahirik: gu ezkutarazteko ahalegin horren aurrean, nola berrager gaitezke?
Zer zantzuk adierazten digute gorputz baten barruan jarraitzen dugula?
Hiri-egiturak, lorategiak edo erakusketak bezala, mutatu garen forma ezegonkor horiek espazioa okupatzen dute eta forma nagusi baten aginduari uko eginez azaltzen dira: ematen du kasualitatez sortua dela «borroka molekularra» eta hartzaile jakinik gabe barreiatzen dituela mezuak, norbaitek bidean atzemango dituelakoan.
Baina, hala eta guztiz ere, hirira itzultzen gara beti, eta susmoa dut desiratzeko gure modu kolektiboaren deskribapen moduko horretan esku hartzeko itxaropenaz ez ote garen itzultzen, behin eta berriz. Orririk, eraikinik eta plazarik gabeko deskribapen hori izango da, beharbada, irudiz eta hitzez eginiko leku bat eraikitzeko modurik lauena. Horrela berragertuko gara, deskribatuz eta besteek gu deskribatzen gaituztela.
Eraldaketaren bateko partaide izan nahi dugulako itzultzen gara; izan ere, ba ote zalantzarik deskribapenik leialena eraldaketa-ekintza ere badela? Deskribapenak proposatzen du gauzen arteko izen-harremana ezabatzea: gauzak izendatzea da haiek mozteko modurik azkarrena, haien itxura eta ukia aurrefabrikatzekoa. Deskribatzen ditugunean, zerbait berria, ez-perfektua —munstro-itxurakoa, agian— ari gara sortzen. Munstro-itxurakoa diot, zeren eta deskribapena berez baita ekintza guztiz intimoa, subjektiboa eta buru bikoa. Eta nekez sintetizatzen da ikustaldi edo entzunaldi batean, irakurketa edo entzuketa batean.
Deskribatzea egitea da, eta sarritan deskribapenak lotsatu egiten gaitu ere, milika samarra delako, ez dezagun ahantzi «mundua etengabe deskribatu behar dela, behin eta berriz, inoiz ez baita lehen zen bera, besterik ez bada lehen gu ez geundelako»6. Begirada babestu gabe munduan dugun posizioa adierazteko modu xumea eta antibiografikoa da, zatikatu gabe erregistratzekoa.
Zalantza eta ziurgabetasuna oinarri ditugula lan egitea dakar horrek. Eta, aitortu dezagun, ezerk ere ez gaitu gehiago lotsatzen zalantzak baino. Dena dela, ezin dugu ezer egin, hau izan ezik: posizio ahul eta inperfektu hori exijitzea gure buruari. Ados ez egoteari eta elkarrizketari ateak irekitzea ere bada hori, nolabait. Eta ez du lekukotasunik eskaintzen gure ontasunaz, izaki eredugarri gisa azaltzea baita adostasuna sortzeko modurik errazena eta tranpatiena, ezta?
Hobeto edo okerrago gainditzen dugu gure burua eta elkar esplotatzeko tentazioa, fagozitatzekoa, konplizitatea eta lotura adiskidetasuna instituzio, topaketa ekitaldi eta partekatzeko nahia proiektu bilakatzen duen igarobaimen bihurtzekoa. Inguruan ditudan horiengan pentsatzen badut, multzo gisa irudikatzen baditut, berehala ohartzen naiz jada ez dela aski ahotsa goratzea; gure isiluneak jasateko gai izan behar genuke.
Argi-oilarraren hitz batzuk gorde ditut —gogoratzen al duzue hegazti hori?— testu hau amaitzeko. Hainbeste ordu hegaka mekaniko eta lehiatsuan daramaten bere kide nekatuen erreguak entzuten dituen bitartean, esaera gisa ohartarazi die:
Ipini oina bidean; itxi mokoa; egon isilik. Erre zeu ere, beste guztiak bidean erretzen badira.
____________________
1 Sonter, Jill, Hacia una arquitectura menor (Arkitektura xeheago baterantz)
2 Rosler, Marta, Clase cultural. Arte y gentrificación
3 ibid.
4 Javier Mozas, Javier Arregui, Luis Peña Luis Peña, arquitecto del lugar, 1990eko maiatzean Gasteizko Tecnología y Arquitectura aldizkariaren 9. zenbakian argitaratutako elkarrizketa.
5 «Molecular struggles are struggles that emerge accidentally and spread further through what is accidental to the accidentals. No master heads the molecular organization». Gerald Raunig, Factories of Knowledge Industries of Creativity, 154. or.; Semiotext(e) argit., Los Angeles, 2013
6 Wisława Szymborska, Correo literario, 52. or., itzul. Abel Murcia eta Katarzyna Moloniewicz, Nordica Libros argit., 2018
7 Farid ud-Din Attar, El lenguaje de los pájaros, 134 or., Clara Janés eta Said Garbyren bertsioa, Alianza argit., Madril, 2015