Paladin erakusketa zabaldu dute Andoaingo Bastero kulturgunean, arte garaikideari espazio berriak irekitzeko pentsatutako Harriak programaren barruan. Miren Barrena, Leire Lacunza eta Ibon Landaren lanak bildu dituzte, eta bideo proiekzio bat ere antolatu dute abenduaren lehenerako.
“Bat-batean pieza berriak nituen”. Deskubrimendu bat egin duenaren poz gardenarekin gogoratu ditu Miren Barrena artistak (Donostia, 1996) Andoaingo Bastero Kulturgunean ikusgai jarri duten Paladin erakusketa kolektiboaren muntatze lanak. Leire Lacunza Miranda (Donostia, 1996) eta Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994) dira erakusketa osatzen duten beste bi sortzaileak, eta Damaris Pan artista eta EHUko Arte Graduan eta Pintura Masterrean irakaslea aritu da bitartekari lanetan. Haizea ez dute alde izan, ordea. Osasun eta segurtasun neurri aldaketa etengabeen ondorioz, hilabeteak eman dituzte erakusketa egitera iritsiko ote ziren jakin gabe, eta zalantzaz betetako denbora horren ostean, azkenean, Euskal Herria geldiarazita daukan pandemiaren erdian egin ahal izan dute irekiera. Horregatik, bereziki biziak dira Barrenak aretoa antolatzen emandako bi egunei buruzko azalpenak, kontraste nabarmena egiten dutelako areto kanpoan nagusitutako gelditasunarekin. “Denbora guztian egon gara elkarrekin lanean, eta bata bestearen espazioan eta bata bestearen erabakietan ere sartu gara”. Elkarrizketa eta elkarlan prozesu horri esker, aretoan bertan agertu dira orain aretoan ikusgai dauden lanetako batzuk, eta elkarlan horregatik doaz nahasian ere batzuen zein besteen margolanak, eskulturak, instalazioak zein bideoak, artista bakoitzak bere ahots propioa mantendu arren. Osotasunaren eta hura osatzen duten atalen arteko elkarrizketa hori da bildumaren ezaugarrietako bat. Irudi luke bere formaren bila dabilela erakusketa bisitariaren begien aurrean. Mugitzen. Bizirik. Haren inguruan denak geldi dirudien unean. Abenduaren 5era arte egongo da zabalik.
Airea izan dute erakusketako langaietako bat. Aurrez ere ezagutzen zituen hiru artistak eta euren lanak Damaris Pan bitartekariak, eta hiru sortzaileen artearekiko motibazioa nabarmendu zuen aurkezpen ekitaldian. Horregatik titulua: Paladin. Egindako balentriengatik bereizten den zaldun indartsu eta ausartei erreferentzia eginez, alegia, edo zerbaiten edo norbaiten defendatzaile sutsuak ere badirela adierazteko, bestela. Agian, kasualitatez, baina hiru silabatan ebakitzeko hitza ere badena, pa-la-din, eta, gainera, kolpe bakoitzarekin hizlariaren mihiaren posizioa pixkanaka barrutik kanporantz daramana. Hiru kolpeko batasun bat. Eta, horregatik, piezekin batera, pieza guztien arteko airea ere zaindu beharrarena.
Leire Lacunza Miranda
Bidegurutze batean ikusten du bere burua Leire Lacunza Miranda artistak. Eskuaren eta saguaren artean. Pintzela eta teklatua. Oihala eta pantaila. Baina edonola ere, beti da “eta”, eta sekula ere ez “edo”. Eta puntu hori erakusten dute Paladin erakusketan bildu dituen lanek.
Euskal Herriko Unibertsitatean egin du Arte gradua, eta bertan dabil orain Pintura Masterra egiten. Donostiako Tabakalerako Artistentzako Lantegian ere hartu zuen parte 2018an eta hurrengo urtean Pekinen egon zen 2019ko udan egonaldi programa batean. Azken urte betean egindakoak dira erakusketan jarritako lan gehien-gehienak, eta agerikoa da mundu digitalaren eta mundu analogikoaren arteko tentsioa guztietan. Baina bidegurutze gehiagoren atarikoa baino ez da lehen bidegurutze hori ere. “Dena zoratzen hasi da pixka bat”, onartu du.
“Azken urtea intentsua izan da. Pekinen olioan pintatzen eta digitalki lan egiten aritu nintzen. Photoshoparekin aritzen naiz askotan, eta asko gustatzen zaizkit hor dauden prozedurak, nahiz eta horiek paperera eramateak ez duen beti buruan dudan emaitza sortzen. Gatazka hori neukan eta pentsatu nuen bestelako prozedura batzuetatik gerturatzea Photoshoparen prozedura horietara”. Adibide bat jarri du: “Gustuko nituen figurak kalkatzen hasi nintzen. Maite nuen irudi baten zati bat hautatu, eta haren zuriak bakarrik kalkatzen nituen”.
Hala sortutako hainbat kalko ikusiko ditu bisitariak Andoainen.
“Nire lan egiteko modua oso obsesiboa da. Jartzen naiz astebete zerbaitekin eta jartzen naiz topera. Zerbait mozten hasi, eta moztu, moztu, moztu; edo kalkatu, eta kalkatu, kalkatu, kalkatu. Eta lantokia betetzen hasten da. Gauzen zatiak nituen alde guztietan, eta horrela hasi ziren puska batzuk mahai gainean pilatzen, agian hori zelako estudioko puntu garbi bakarra, eta, beraz, puntu garbi horretan uzten nituelako gustuko gauzak. Hor hasi ziren zati batzuk besteen gainean pilatzen, eta bat-batean ikusi egin nuen: uau!”.
Eta erakusketa areto erdialdeko horman ikusi daiteke orain, zehazki, Lacunzak aipatutako “uau” hori. Hainbat geruzaz osatutako artefaktu bat. Elkarren gainean gainjarritako margotutako hainbat gardenkirekin. Kalkoekin. Siluetekin. Olioekin. Zintzilik. Geldi.
Geldiegi akaso?
“Asko gustatu zitzaidan erakusketarako pieza hori berriz zabaltzea. Desmuntatu egin zen. Sortzen den irudia gustatzen zait, baina gustatzen zait ireki ahal izate hori ere, eta toki batetik bestera mugitzean sortzen den aldaketa”.
Horra bigarren bidegurutze bat: gelditasunaren eta mugimenduaren artekoa. Eta bada hirugarren bat ere: bolumenarena.
Horma berean, justu artelan horren ondoan, bada geruza are gehiagoz osatutako beste artelan bat. Aurrekoa baino esplizituagoa. Kasu honetan, paretatik ateratzen diren torloju luze batzuetatik zintzilik daude artefaktuaren geruza guztiak, pintza moduko batzuetatik helduta; edonork kendu edo berrantolatzeko moduan. “Kasu horretan ere collage asko nituen estudioan, eta ez nekien non utzi. Nire nahi edo beharren arabera uzten nituen toki batean edo bestean, eta zintzilik ere bestela. Hasi zen bat-batean gorputz bat hartzen, faltan botatzen nuena nire lanetan”.
Eskulturarantz?
“Krisian nago. Bueno krisian ez, baina ez dakit oso ondo. Nik beti esan dut margolaria naizela. Margoa landu dut gehienbat, eta pinturara gerturatzeko moduak dira hauek ere. Orain beste gorputz bat hartzen ari da lana, eta planteatzen dut agian gorputz gehiago hartu behar duela, baina nik uste dut nire kezkak, batez ere, pinturatik datozela. Ikusiko dugu nora doan”.
Ibon Landa Amutxategi
Bastero Kulturguneko aretoaz mintzo da lehen-lehenik Ibon Landa Amutxategi. “Alde batetik, baditu museo batetik hurbil dauden hormak, baina, bat-batean, baduzu baita ere inklinatutako beste horma bat ere. Bi muturrak dituzu eskura: bata jolasteko, eta bestea zure harrotasun guztia erakutsi ahal izateko, pareta txuri horien gainean”. Eta, hain zuzen, aretoarekin elkarrizketan antolatu ditu berak erakusketako piezak.
Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen berak ere Arte Gradua, eta 2017an Itziar Okariz eta Jon Mikel Eubarekin aritu zen Tabakalerako Artisten Lantegian. EHUko Pintura Masterra ere hasi zuen iaz, eta bertan sortutakoak dira erakusketan ikus daitezkeen txinatar tintaz edo kola beltzez estalitako aldizkariko orriekin osatutako piezak. Dioenez, berotze ariketa modura hasi zuen serie hori estudioan. “Tonua hartzeko”. Aldizkariko orriak hartu, tinta beltz klaseren batekin estali, eta gero harekin jolastu. Erauziz. Kenduz. Arramazkatuz.
Artelan propio bilakatu dira, ordea.
“Aldizkarian bertan hasi nintzen orriak pintatzen, baina formatu horretan pertsona bakarrak ikus dezake lana, eta askatu egin nituen, gero, lekuaren arabera modu batera edo bestera antolatzeko. Gorde nituen orriak, eta disposizioa azken momentuan erabakiko nuela pentsatu nuen”. Eta horixe egin du Andoainen. Diagonalean ezarri baititu paper sorta pare bat, hain zuzen ere, aretoaren hormaren inklinazioa ispilatuz.
Belztasunari ihes egiteko irrikatik sortu dira beste lanak.
Ez zuen nahi bisitariak erabat beltz imajina zezan. “Konplexua sartu zitzaidan”. Beste hainbat pieza eraman ditu horregatik Basterora, eta familiarekin lotuta daude guztiak. Kasualitatez. Areto erdialdean zoruan zabaldutako izara gorri bat da haietako bat, ikurrinaren formen oihartzunekin; eta sarrerako horman iltzatutako 15 egurrezko piezatxoko sorta bat da beste bat. Txori itxurakoak.
Txoriak dira?
“Deitu nahi bezala. Gustatzen zait txoriena, polita da”. Halere, “egurtxoak” edo “egurrak” deitu ditu berak. Eta hautaketa soil horrekin, esan gabe esan du nahiago duela irudia erabat itxi gabe utzi.
“Taillatzen aritzen nintzen lehen, nire aitonarenak izandako erremintak erabiliz. Fakultatera pare bat gubia eramaten nituen. Gero, iaz hartu nituen berriz tresnak, eta gelditzen nintzen txotxolotuta egindako tailla haietatik ateratzen ziren egur puskekin. Egiten nenbilen egurrezko figuraren negatiboak bezalakoak ziren. Zakarrontzira bota beharrean, bazter batean pilatzen nituen, tontortxo bat osatu nuen arte”. Eta Leire Lacunzaren bidez asmatu zuen haiekin zer egin.
Unibertsitatean pintura masterrean elkarren ondoan egiten zuten lan bi sortzaileek, eta lagunari ikusitako keinu bat errepikatu zuen Landak pusketa haiekin. “Zutik jarrita, kola pote oso bat hustu zuen bere lanen gainean Leirek, eta keinu hori imitatu nuen. Bota nuen kola zuria tontorrera, eta, gero, hasi nintzen egur meta hura desmuntatzen, eta pieza batzuk itsatsita topatu nituen”.
Akzidente horren ostean, kontzientzia handiagoz hasi zen zatiak elkarrekin lotzen. Eraman zituen Andoainera gero kutxa batean, eta bertan zela bururatu zitzaion aretoko sarrerako hormigoizko horman iltzatzea.
Eta ikurrina?
“Ez dakit ikurrina bat den…”. Nahiago hori ere zabalik utzi.
Dioenez, 2016an, amona hil eta berehala hasi zen haren izarak pintatzen, eta orduan hasitakoa da orain Andoainen ikusgai jarri duen lanetako bat. Baina luzea izan da azken itxurara heldu arterainoko bidea.
Margotu eta urtebetera jarri zizkion oihal mozketa batzuk gorriz tindatutako izara hari, eta lerro horizontala falta lukeen ikurrina moduko bat agertu zitzaion aurrean. Erabat konbentzitu gabe tolestu eta gorde zuen pieza, ordea, eta bi urte eman zituen lanak estudioan. 2019an zabaldu zuen berriz, Pintura Masterreko eskolan, izarekin egiten zebilen lana erakusteko. Ireki zuen pieza berriz ere, baina izara bakarrik zabaldu zen guztiz, eta erditik tolestuta gelditu ziren gaineko oihalak. “Akordatzen naiz ze klik egin zidan horrek, zeren eta hor bukatu zen pieza”.
Akzidenteak?
“Noski, ez da nik nahita egindako keinu bat, baina ikusi eta nire zerbait errekonozitu nuen”.
Miren Barrena
Hasi, Miren Barrenaren zuri-beltzezko mural handi batekin hasten da erakusketako ibilbidea. Eskailerak jaitsi eta ezkerreko horman topatuko du hamaika orri puskaz osatutako pieza ikusleak. Hasiera batean, fotokopiagailu batek egindakoak diruditen forma geometriko abstraktuak bakarrik ikusiko ditu bisitariak, baina piezaren tituluak emango dio artelanaren karga ironikoa ulertzeko pista: Usoaren apunteak.
Praktika artistikoaren aldarrikapen bat da lana, funtsean.
Ezpainetan barre txikiarekin eman du azalpena artistak. “Euskal Herriko Unibertsitatean arte ikerkuntzarako master bat egiten ari naiz, eta eskoletan irakasle batek emandako apunteen ertzekin osatu dut pieza —irakasleak egindako liburuen fotokopien ertzeko beltzuneekin, zehazki—. Apunte pila bat ematen dizkigute, eta oso-oso teorikoa da masterra. Nik harrituta begiratzen nuen fotokopien bazter horretan galtzen zen tinta guztia, eta harrituta egoten nintzen hor ikusten ziren ñabardura eta beltz tonu guztiei begira. Tinta hori erabili behar nuela erabaki nuen. Moztu nituen ertz horiek, konposizio bat osatu nuen soberakin horiekin, atera nien foto bat, eta hori da artelana. Niretzat keinu moduko bat izan zen, esateko, nik, azkenean, praktika gehiago baloratzen dudala”.
Halako keinuak batzen ditu Paladin erakusketako hiru sortzaileen lanak, Barrenaren hitzetan. Ertzen erabilera horrek. Soberakinaren eta lehengaiaren arteko joan-etorri horrek. Istripu eta trebezia nahaski horrek. Eta Damaris Pan bitartekariak erakusketa aurkezteko idatzitako testuko esaldi bat dakar gogora hori ilustratzeko. “Edozer pasa daiteke euskarri izatetik eutsia izatera, eta alderantziz”.
Barrenarena da hiru artisten arteko lanik korporalena.
Hasierako mural horrekin batera, bideo bat ere jarri du erakusketan, baina aretoan jarritako eskulturek hartzen dute pisurik handiena. Etengabeak dira gorputz atalei egindako erreferentziak haietan: badira giza gerriak, banda moduko batekin lotutako hormigoizko lau oin, aldizkariekin sortutako bularralde baten moldea…. Arte ikasketak egin zituen berak ere Euskal Herriko Unibertsitatean, masterra egiten ari da orain, eta laguntzaile ere badabil June Crespo artistaren tailerrean. Zirku ikasketak ere baditu, gainera, eta, kontortsionismo ariketa batzuk egiten ere ikus dezake bisitariak erakusketako bideoan. Eta lotuta bizi du dena berak. “Niretzat eskultura da ia-ia kirol bat bezalakoa”.
“Erakusketako pieza gehienak etxeko trastelekuan sortu ditut. Konfinamendu garaian hori erabili nuen tailer modura. Oso txikia da, eta eskailera pilo bat igo behar dira hara joateko. Konfinamendu garaitik hona sortu ditut erakusketako eskulturarik gehienak, toki berean denak, eta pila bat nekatzen nintzen, ur bila edo beste edozeren bila joan-etorrian ibili behar nuelako aldiro, eskaileretan gora eta behera. Pinturan askoz motelagoa da prozesua. Eskulturan ere burua beti hor dago, baina beste zentzumenak ere askoz ere esnago ditudala sentitzen dut. Gauzak okertu, mugitu, tolestu… Erabiltzen ditut eskuak, hankak, belaunak… Gorputz guztia erabiltzen dut. Kontzientzia korporal handia behar dut”.
Eta kirolarena?
“Pintura mentalki oso gogorra egiten zait. Eskulturan ere badaude momentu zailak, baina oso ondo pasatu dut. Igual, niretzako delako beste kirol bat. Zirkuan gertatzen den bezala, kirola ez delako zerbait bakarrik fisikoa, badauka ere zerbait sortzailea”.
Trastelekuan topatutako materiala baliatu du erakusketako bideorako ere. Aitaren diapositiba bilduma bat, zehazki. Konfinamendu garaian grabatu zuen bideoa haiekin. Eta erraz identifika daiteke etxe arrunt bateko pasilo arrunt baten izkina arrunta irudietan.
Familiako oroitzapenak proiektatzen dituzte diapositibek horman, eta Barrena ikus dezake bisitariak irudi horien aurrean. Haiekin elkarrizketan. Herriko festetakoa dirudien dantzaldi baten irudiekin bat egiten du artistaren gorputzak une batean, kontortsionismo ariketak egiten ditu paisaia baten irudiekin nahasita, korrikaldi baten itxurak egiten ditu lasterketa baten irudiekin… “Trastelekutik sortu direlako daude erakusketako pieza guztiak lotuta, nik uste. Familia, kirola, gorputza… Serie bat balira bezala ikusten ditut orain erakusketan dauden lan hauek guztiak. Denak familia bereko kideak balira bezala”.
Hiru artisten lanen bereizgarriez gainera, haien arteko loturak ere aipatu zituen Damaris Pan bitartekariak aurkezpenean, eta erakusketako lan gehienen izaera “desmuntagarri” eta “birmuntagarriak” aipatu zuen. Eta ezaugarri hori da abenduaren lehenean egingo duten bideo proiekzioaren ezaugarria ere. Bideo baten zatiak hartu, desmuntatu, eta birmuntatzeko proposamena egin diete erakusketaren antolatzaileek Andoaingo ESCIVI zine eta bideo eskolako kideei, eta haien lanekin osatuko dute abenduaren leheneko proiekzioa. 11:00etatik 13:00etara izango da zita. Zinema Paladin deitu diote saioari. Kasu honetan, erakusketak proposatutako batuketa moduko hori, biderketa bilakatuz, hiru eta hirurekin, zi-ne-ma, pa-la-din.