buru-belarri, buru eta bihotz, burugogor!

buru-bihotz

Arantza Santesteban

¿Somos capaces de imaginar a alguien sin tener la imagen de su rostro?
El alma sería el ente sin rostro, una presencia sin rostro.

 Aurrez-aurre. Buruz-buru. Frente a frente.

Georges Didi- Hubermanek Philippe Bazin egilearen argazkiak aztertu zituen, sakonki aztertu ere, Peuples exposés, peuples figurants (Herri ikusgai jarriak, herri figuranteak) liburuan. Bi irudi nagusi dira aztertzen dituenak, lehena Vieillards (1985-1986) serieko argazki bat; bigarrena, La habitación (1983) izenekoa.

Lehenengo irudian gizon zuri zahar baten aurpegia agertzen da lehen planoan. Hain da gertukoa planoa, non aurpegi osoa ez den enkoadrean sartzen. Bere zimurdura guztiak agertzen dira, bere begi gastatuak, heriotzatik gertu dagoen gizonaren aurpegia da. Bigarren irudian gela bat ikusten dugu, ospitaleko gela hotz bat da, eta fondoan emakume batena dirudien gorpu bat, aulki batean abailduta dagoen gorpu bat hain zuzen ere. Didi-Hubermanek bi irudi hauen bidez enkoadre zabalaz eta enkoadre laburraz ari zaigu hizketan. Paisaiaren eta momentuaren kokapena egiteko ahalmena izango luke aipatutako plano zabalak -zinemaren lengoaian, plano orokorrak-.

Plano laburra ordea, detailearen planoa da. Dena agertzen zaigu aurrez-aurre, buruz-buru. Philippe Bazinek gizon zahar zuri horren aurpegia Faces argazki seriean erretratatu zuen. Bertan beste aurpegi asko ageri dira eta ez dira edozein, heriotzaren zain ospitale batean bizi diren pertsona zaharren aurpegiak dira.

Erretratuak baino gehiago, aurpegi biluziak dira.

El encuadre corto reduce, es cierto,
la perspectiva. Pero impone la fuerza del cara a cara[1].

Buruan dago burmuina, gorputzaren sistema motorea, adimena, gingil okzipitala, gingil parietala, gingil frontala, memoria, emozioak. Eta aurpegia.

***

Aurpegia ematea. Dar la cara.

Burua ente abstraktu baten islada bada -arima, gorputza, herria-, orduan zer da aurpegia? Aurpegia izango litzateke burua den osotasun horren zehaztapena. Bazinen argazkian agertzen den gizon zahar zuriaren aurpegia bezala. Ez dago abstrakzio agerikorik, dena da konkretua: bi begi, sudur bat, aho bat.

Jean Gabriel Periot zinemagile frantsesak, Frantziako Orleans hirigunean dagoen espetxean zine tailer bat egin zuen bertako preso batzuekin. Bertan landutakoak Le jour a vaincu la nuit (Egunak gaua konkistatu du) filmean jasotzen dira. Preso batzuei eskatu zien haien ametsak kontatzeko kamarari. Adimenean gordeta zituzten desirak, oroitzapenak, harridurak eta irudi surrealistak kontatzen dizkiote presoek zine zuzendariari. Ekoadrearen forma karratuan zentratuta, lehen plano batean, begirada aurrez-aurre dutelarik, ametsak kontatzen dituzte izen gabeko preso horiek. Nola aktibatzen den aurpegi bat burua den sistema konplexua -memoria, desira, mina- martxan jartzen denean. Bekainean tik bat. Alde batetik bestera mugitzen diren bi begi. Hortzik gabeko aho bat.

Zer gertatzen da baina aurpegi bat aurrez-aurre dugunean? Sostengatu dezakegu bestearen begirada une luze batez?

Pero erguir los rostros, sostenerlos, devolverlos a su poder de
encarar, ¿no es ya exponerlos en la dimensión de una posibilidad
de la palabra? [2]

***

Begirada sigi-sagatsua. Mirada en zig-zag.

Marisa Belausteguigoitia UNAMeko irakasleak kartzelan preso dauden emakumeekin irakurketa tailerrak egiten ditu. Testu akademikoak ematen dizkie bertako emakumeei elkarrekin eta altu irakurtzeko. Deleuzen testu bat, esaterako. Bakoitzak bere hizkuntzatik, bere entonaziotik, bere irakurgarritasunetik jarraitzen du testua, ahots altuz, elkarren segidan.

Ez dago aurrez-aurre begiratzerik testu akademikoei. Begirada okerturik irakurtzen dira, alderatuta. Kasuan kasu, oin-oharrak lehenik, eta oin-oharretik testura itzultzean begirada galdurik dago. Sigi-sagatsua da emakume presoen begirada.

 

El zigzag refiere a ese movimiento quebrado que denota un
 cambio de ritmo, que no se sostiene ni directo, ni recto en lo que a
la lectura de textos literarios o académicos por las mujeres presas.
“No es un hacer frente, es hacer perfil”, es un mirar quebrado,
inclinado, de perfil al texto, lo que impulsa la generación de un
conocimiento ambulante, de múltiples pliegues. (…) La mirada
directa y franca puede poner en riesgo al sujeto que ve
y que sabe lo que ve, pero no dice que sabe[3].

 

***

Zure burua ez ezagutzea. No conocerse a una misma.

Prosopagnosia aurpegiak errekonozitzen ez dituztenen gaitza da. Burmuinean garatzen den gabezi neuronal batek eragiten du gaixotasuna, izan liteke burmuineko lesio batek eraginda, edota neurri txikiagoan, sortzetikoa ere izan liteke. Gaixotasuna dutenek ez lituzkete besteen aurpegiak ezagutuko, eta kasurik larrienetan, beren burua ere ez lukete ezagutuko.

Ispilura begiratu eta aurrean duzun hori -zu zaren hori- ez ezagutzea. Halako estrainamendua sentitzea egunero. Nor da ni naizen hori.

***

Georges Didi-Huberman. Peuples exposés, peuples figurant (2014).
Philippe Bazin. Faces (1985-1988).

Jean Gabriel Periot. Le jour a vaincu la nuit (2013).
Marisa Belausteguigoitiaren zita bat (Maite Garbayoren testu batetik aterata). 

Arantza Santesteban.
“Buru bihotz” (2022). Buru-belarri, buru eta bihotz. Buru-gogor! erakusketarako sortutako testua.

[1]Didi-Huberman, G. (2018) Pueblos expuestos, pueblos figurantes. Buenos Aires. Pág. 37.
[2]Didi-Huberman, G. (2018) Pueblos expuestos, pueblos figurantes. Buenos Aires. Pág. 38.
[3] Marisa Belausteguigoitiaren zita bat (Maite Garbayoren testu batetik aterata).