Gaur, Xemeingo elizako kanpaia lagunduta esnatu da; haren handitasuna urratuta, erratuta eta birrinduta geratu da, euren buruari Urretabizkaia Txaranga deitzen dioten kalamidade-haize batzuek eraginda. Hori da “Ereregiz doinuak” ekitaldiaren berri ematen duen iragarkia. Harriak-en programa berri bat da, Miguel A. García musikariak gidatua, eta, hartan, soinuak dira nagusi Markina-Xemeinen.
12:00etako kanpai-hotsak amaitu dira, eta, “Dodeka” konposizioaren ondoren, sagu gisa ekin diogu erromesaldiari Hamelingo gure flautisten atzetik, baina, oraingoan, herritik atera beharrean, bertan barneratu gara, Txarangak berariaz aukeratu dituen txokoak ezagutzeko, haren konposizioen soinu barregarri eta bitxien bidez. Konposizio gehienak leku horietarako bereziki eginda daude: “Simón”, “IOUAE”, “Autista de Xemein”, “Euskal Pong”, “Revoluciones” eta “Desescondite”.
Urretabizkaia Txarangako kideak ez dira finkoak. Gaur egungoak hauek dira: Luis André, Luis Candaudap, Terri Florido, Jon Mantxi, Fito R. Escudero, Sara Padilla, Unai Requejo, Ibon RG, Myriam Rzm, Fernando Ulzión eta Lars Windgun. Egun horretan, Markina-Xemeinen, ez zeuden haize guztiak, baina berdin gozarazi ziguten, eta dekadentziak, patetismoak eta miseriek musikan merezi duten lekua har zezaten utzi zuten, hori guztia gure drama pertsonalak konpontzen laguntzeko beharrezkoa den umore-ukitu batekin uztartzen duen antzezpen zintzo eta ausart batean.
Zirimiria lagun izan genuen egunaren zati handi batean; behar adinako traba egin eta atmosfera egokia eman zuen, ondo eramandako gainbehera baterako. Jaiaren gainbehera horren ondorioz, hileta-prozesio bat ematen genuen batzuetan, ohiko txaranga bat baino gehiago.
Markinako hainbat monumentu eta kalezulo bisitatu ondoren, Pilota Unibertsitatera iritsi ginen. Han, Urretabizkaia Txarangaren “Euskal Pong” emanaldia nabarmendu zen. Txarangak zuzeneko soinua jarri zion pilotari txikien partidari. Txarangaren eta pilotarien artean, gure ikusmina piztu zuen interakzio zoragarri bat sortu zen. Kutsu gutural eta ia boikotatzaile horien aurrean, zehatz eta trebe jokatu zuten pilotari txikiek, eta horrek erakusten digu euskal pilotak etorkizun oparoa duela Markinako belaunaldi berriekin.
Amaitzeko, “Descondite” jo zuten, Urretabizkaia Txarangaren Youtubeko kanalean ikus daitekeen pieza bat[1]. Horrekin, agur esan genion kuadrilla haizetsu horri, eta gida musikal-espiritualez umezurtz geratu ginen.
Gure kalejira bereziarekin jarraituz, Arretxinagako San Migel baselizara iritsi ginen. 1740an egindako baseliza hartan, San Migelen irudiaren eta babesten omen dituen harri magikoen aurrean eserita, Garazi Navasek, Musikene Goi Mailako Musika Zentroan duela gutxi lizentziatu den soinujole gazteak, oso kontzertu berezia eman zigun.
Haren eskuen artean, akordeoiak instrumentu poliedriko bat ematen zuen, soinurik ustekabekoenak ateratzen baitzizkion. Finlandiako Tapio Nevanlinna konpositore garaikidearen 2002ko pieza batekin hasi zen, “Hug” izenekoarekin. Ondoren, oso konpositore desberdinen piezak jo zituen: besteak beste, Felix Ibarrondo euskaldunaren “Arinka” pieza, 2003koa; J.M. Sánchez-Verdú espainiarraren “Zuria”, 2014koa; eta Arvo Pärt estoniarraren “Psalom”, 1985ekoa. Aniztasun horri esker, musika-tresna horren ezaugarriak ezagutu genituen, eta hartatik sor daitezkeen askotariko soinuak. Hala, dagoeneko instrumentistaren zati banaezina den musika-tresnan trebatzen emandako urteetan lortutako gaitasun teknikoaz ohartzeko aukera izan genuen.
Arreta handiz aukeratutako pieza horietako erritmo-aldaketa ugariek ikusleon arreta-erritmoak areagotu zituzten. Hautaketa hori izan zen musikari gaztearen indarguneetako bat; izan ere, akordeoiaren bidez bezain argi azaldu zuen nola hautatu zituen piezak:
Lan horiek aukeratu nituen, gaur egun akordeoi batekin egin daitekeenaren erakusgarri txiki eta askotariko bat direlako. Musika-tresnaren moldagarritasuna erakutsi nahi nuen, arte modernoko jaialdi bateko protagonista gisa, hots, “Ereregiz doinuak” honetan, hain esparru tradizional eta garrantzitsu batean; kasu honetan Markinako Arretxinagako San Miguel baselizan. Izan ere, instrumentu modernoa da akordeoia; XX. mendearen amaiera arte ez da organologikoki guztiz garatu, baina, aldi berean, gure memoria kolektiboan euskal folklore-tresna gisa identifikatuta dago. Modernitatea eta tradizioa, hauspo berak moldatzen duen musikaren bidez.
Hautatutako piezen artean, akordeoirako lan originalak daude, musika garaikidearen edo abangoardistaren barruan sailka daitezkeenak, hala nola “Hug”, “Arinka” eta “Zuria”. Bakoitzak bere estiloa du, eta elkarren oso desberdinak dira, baina konexio bat dago hiruren artean. Hirurek musika tradizionalarekin dute lotura, euren konpositoreen oroimenean nabari dena, nahiz eta konpositore bakoitza leku batekoa izan. Alde batetik, “Hug” estilo lirikoko lana da, eta oso adierazkorra, garapen motelekoa. Nire ustez, oso egokia izango litzateke abesbatza batentzat. Polifonia gardena du, ezusteko harmoniekin eta Finlandiako musika tradizionalaren aztarna batekin, izan ere, harmonia atonal horren geruzak kendu eta eskeleto melodikoa agerian uzten badugu, aztarna horretaz ohar gaitezke.
Bestalde, “Arinka”, oso lan erritmikoa da, energiaz gainezka dago eta batzuetan bortitza ere izan daiteke. Muturretara eramaten du musika-tresna, tesituraren zein dinamikaren muturretara, eta esplotatu egiten du, soinua ia hautsi eta urratu arte. Arin-arin baten bulkadekin, euskal dantza tradizional indartsu eta basati hori dago soinu leherkorreko magma ezegonkor horren azpian. Azkenik, “Zuria” testuraz betetako lan bat da; akordeoitik soinu berriak sortu nahi ditu, akordeoi baten soinuen ordez beste instrumentu berri batenak. Eta lortu egiten du. Tentsioz betea, ahalegin handia eskatzen du gutxieneko soinu-emaitza bat lortzeko. Interpretatzaileak sufritu egin behar du ia, soinu horiek lortzeko, eta irudi hori entzuten denaren kontrakoa da; jendeak arreta handia jarri behar du soinuak erabat hauteman ahal izateko. Testurak gainjartzen eta gertatzen ari dira, agertzen eta desagertzen diren motibo melodiko txikiekin. Sanchez-Verdúren musikan behin eta berriz agertzen den musika tradizional arabiar sufiarekin modu melodikoan lotutako motiboekin, hain zuzen. Beraz, beste behin ere, modernitatea eta tradizioa uztartu egiten dira hiru lanetan.
Hiru lan original horiez gain, bi transkripzio interpretatu nituen; hau da, nik akordeoirako moldatutako lanak, jatorriz instrumentu honetarako idatzita ez daudenak. Nolabait erakutsi nahi nuen musika-tresna modernoa izan arren arazorik gabe erabil daitekeela beste instrumentu batzuetako eta beste garai batzuetako musikak interpretatzeko. Izan ere, errepertorioa izugarri handia da, eta oso aberatsa, eta bidegabekeria litzateke gure egunetara edo hurbileneko lanetara mugatzea. Arvo Pärt estoniar konpositore ospetsuaren “Psalom” lana minimalismo sakratuaren erakusgarri nagusia da. Alde batetik, lekuaren sakratutasuna nolabait nabarmentzeko aukeratu nuen; izan ere, Arretxinagako San Migel baselizak garrantzi sinboliko handia du, bai paganoa, bai kristaua. “Psalom” hitzak “salmo” esan nahi du, eta 112. salmoa du oinarri (112.a jatorrizko zenbakikuntzan, 113.a zenbakikuntza berrian): “Laudate pueri” (“Goretsazue, Jaunaren zerbitzariok”). Musikak hitzez hitz errespetatzen ditu salmoaren 9 bertsoak, eslaviar eliza-hizkuntzan idatziak (eliza ortodoxoaren hizkuntza liturgikoa, hori baita konpositorearen sinesbidea), eta, ahozko musika ez den arren, hau da, kantatzen ez bada ere, testuaren eten guztiak eta azentudun silaba guztiak errespetatzen ditu. Oso musika liluragarria da, bere edertasunarekin eta inoiz ere berdinak ez diren errepikapenekin hipnotizatzen gaituena, ezerezetik, isiltasunetik, sortzen dena, eta ezerezera, isiltasunera, itzultzen dena.[2]
Amaiera aldera, Garazik bere ahots itzelarekin ere gozarazi zigun; barruan “hainbat harri dituen leku”[3] txiki horretan soinuak are gehiago islatzen ziren, eta aho zabalik utzi gintuen Henry Purcell-en “Arturo erregea” erdiopera barrokoaren hainbat piezarekin.
Hainbat erregistrotan eta kulturatan zehar egindako bidaia anitzekin pozik geratu ginen, eta, beraz, topagune mistikotik Uhagon kulturetxeko lunch soil baina atseginera abiatu ginen.
Tripa beteta, eta urrunera joan gabe, hurrengo ekitaldia Uhagonen atzealdean egin baitzen, beste premia batzuk asetzera joan ginen, Tripak Kolektiboko nesken eskutik. Euren barrenetik ase zituzten gure premiak.
Kolektibo hori 2013tik dago jardunean, eta Mayi Martiarena (nahiz eta, oraingoan, Markinan parte hartu ez), Maite Mugerza, Marina Suárez Ortiz de Zárate eta Natalia Suárez Ortiz de Zárate artistek eta Andrea Berbois biolin-jotzaileak osatzen dute.
Saiorako, “Urruna” izeneko antzezlan bat eskaini ziguten, dadaismotik oso hurbil dagoena. Bi urte daramatzate pieza hori leku batetik bestera antzezten, baina badirudi leku horiek antzezlana dutela topagune. Kultura-etxearen atzealdeko espazio horretan eta horretarako dotorezia handiz garatutako obra bat da; izan ere, site specific gisa deskriba genezake. Kolektiboko kideek, ordea, obra bizia eta aldakorra dela diote, leku bakoitzera moldatzen dela, eta, seguru asko, leku bakoitzean berekin eramateko zerbait aurkitzen duela. Oraingo honetan, leku horren alde egin zuten, nahiz eta euria egin eta jendeak gogoa gal zezakeen. Antzezlana egin aurretik, leku horretan lanean aritu ziren, espazioarekin lortu zuten fusio organikoak agerian uzten duenez.
“Urruna”, Tripaken bigarren pieza, beraientzat urrun dagoen leku bat imajinatzetik sortzen da (“nolakoa den amesten hasi ginen, nolako geografia duen, han zer tenperatura dagoen, handik nor ibiliko litzatekeen, betidanik nor egon den eta nor agertzen den…”[4]), eta hizkera komun bat sortzeko arte kolektiboko lan batetik. Hizkera hori, mintzatuena ez bada ere, egun hartan ikusle guztiok ulertzea lortu genuen.
Kolektiboko kideek azaltzen dutenez, haiengandik urrun aukeratzen dituzte euren antzezlanetako pertsonaia bitxiak: gizonak, gaixoak, edo gizakiak ez direnak, hala nola animaliak, meteoritoak…, aurkikuntza bat egiteko, non, azkenean, ezinbestean, euren burua aurkitzen duten. Harrotzen ez gaituzten hainbat alderdi aurkitzen ditugu, barregarri, alfer, grinatsu, arrotz… sentiarazten gaituztenak [5]. Horrek estetikaren aldetik absurdoarekin, doilorkeriarekin, fantastikoarekin eta onirikoarekin zerikusi handia izan arren bizitzatik oso urrun ez dagoen mundu batean kokatzen gaitu.
“Urruna” ez da hain urruna, talde honen gorpuzkeran behintzat. Halabeharrez, Urretabizkaia Txarangak ere hori gogorarazten zigun, eta bazirudien Tripakekin bat egiten zuela, absurdo batekiko lan bat eragiten duen barre dramatiko eta eten horretan; absurdo hori, arrazoiaren kontrakotzat deskribatu beharrean, arrazoinamendu-aukera ororen sorrera gisa bizi genuen.
Urretabizkaia Txarangarekin bezala, kanpotik inprobisaziorako eremu gisa interpreta badaiteke ere, ez dago asteetako lana espazioan, edo urteetako lana pieza bakoitzarekin, inondik ere. Kontua zera da: antzezlana narratiba normalizatu batean kokatzen ez denez, eta are gehiago, esango nuke, narratiba hori hil lezakeen edozein egonkortasunekin hautsi nahi izanda ere, identifikazioa tarteetan aurkitzen dugu, esan ez denaren potentzialean, gurea ez diren baina arruntetik hurbilago dauden errealitateetan elkartzeko beste aukera batzuk imajinatzera gonbidatzen zaituen potentzialean. Pertsonaien kasuan bezala; kolektiboko kideek beraiek azaltzen dutenez, urrutikoak aukeratzen dituzte, baina, azkenean, haiengandik zer hurbil dauden ohartzen dira, maitekiro arrotzarengandik hurbil. Horrelakoa zen “Urruna” piezarekin sentitu genuen hurbilketa. Eta bertan egon ez eta hurbiltasun hori sentitzerik izan ez zutenek beste aukera bat izango dute hura ikusteko, betiere, beste modu batean —eta are gehiago arte-egonaldiaren ondoren, hor murgilduta baitabiltza piezari beste buelta bat emateko—. Urriaren 19an, La Fundición aretoan, BAD antzerki- eta dantza-jaialdiaren barruan, eskainiko dute emanaldia.
Behin ikusleen txaloek, errealitate dramatikoago batean jarri gintuztenek, fikzioa berriro hautsi ostean, Arretxinagako San Migel baselizara itzuli ginen. Orduan, aurrekoen oso bestelako sentsazioak izan genituen, Beñat Krolemen “Oholtza” piezaren bidez.
Bi pertsonaiaren inguruan eseri ginen. Beñatek zuzendari-lana egin eta zenbait jarraibide eman zizkien performerrei. San Migelen irudiak dituen koloreekin bat zetozen argi-elementu gorri eta urdin batzuk eusteko eskatu zien. Aktoreak izan zitezkeen horiek jakintza tradizional eta ezagunago batekin hasi ziren guri atsegin ematen; bertsolariak ziren. Alde batean, Josune Aramendi, Markina-Xemeinen jaiotako bertsolari gaztea, eta, haren ondoan, Xabat Galletebeitia, bertsolaria eta bertsolaritzako irakaslea, Josune baino zenbait urte lehenago Lekeition jaioa. Nahasita, bertsotan entzun genituen; artistak ezarritako baldintzak eragiten dien harriduraz aritu ziren.
“Oholtza”, Beñatek deskribatzen duenez, hainbat diziplinaren hibridazioarekin jolasten den pieza bat da. Diziplina horien artean, leku nagusia ematen dio bertsoari; izan ere, haren dekonstrukzioa formulatzen ahalegintzen da, atrezzoko elementuak erabiliz, eta elementuen eta bertsolarien arteko egoeren bidez. Mattin getxoztarraren eta antzeko artisten lanaren hurbil dauden gaiak dira. Esaterako, Mattinek zalantzan jartzen du bai sortzaileen bai ikusleen askatasuna, harremanak tresna eta manipulazio gisa erabilita, “Social Dissonance” bezalako piezetan. Horri buruz, hau dio: “Ni zarataren eszenatik nator, baina, une jakin batean, zarata, soinu-elementu gisa, musika-genero bihurtu zen, eta orduan hasi nintzen jendea tresna gisa erabiltzeko ideia aztertzen” [6].
Lehen begiratuan, interesgarria izan liteke bertsolariei eragiten dien gai nagusiaren ordez ikusizko elementu bat erabiltzea, hitz itxiaren ordez hain baldintzatuta ez dagoen beste bertso-mota bat sor dezakeen irudi irekiago bat jartzea. Hala ere, nahiz eta hasieran Xabatek eta Josunek (agian, Xabat baino motzago hasieran, baina, azkenean, indartuta amaitu zuen) euren gorputz-egoerak oso arraroak zirela adierazi zuten, eta, a priori, bilaketa interesgarria izan zezaketen bertsoen bidez, gero eta nabarmenagoak ziren artistaren baldintzekiko mendekotasuna eta deserosotasuna. Beraz, egoera pixkanaka gero eta deserosoagoa zen bertsolarientzat, eta haiek, bertsoetan, behin eta berriz aipatzen zuten euren gorputz-egoeraren ondoriozko murriztapena. Bertsoak gero eta errepikakorragoak ziren, gero eta interes txikiagokoak. Eta ikusleok sentitu genuen batzuetan performerrekiko indarkeria ez zela beharrezkoa.
Beharbada, ikusleek sentitutako eta bertsolariek bizi izandako deserosotasun horretan, honako honek ere eragina izan zuen: saio horretan, Beñatek tokiko bi bertsolarirekin lan egiteko arriskua hartu izan zuela, haiekin ez baitzuen aurreko saioetako bertsolariekin zeukana bezain harreman estua. Tokian tokikoan barruraino sartzearen proposamena arriskutsua da, eta Beñati eskertzekoa, gutxienez Harriak bezalako programa batean, postulatu horiek aldarrikatzen baititu.
Bitxia bada ere, pixkanaka-pixkanaka “Oholtza”-tik urruntzen ari nintzela, distantzia Urretabizkaia Txarangaren edo Tripaken piezekiko sentitu ahal izan nuen hurbiltasunaren kontrakoa baina proportzionala zen. Pieza horiek, absurdoarekiko, exotikoarekiko edo zentzugabearekiko maitasunean, neure burua ulertzeko aukera eman zidaten. “Oholtza”-ren kasuan, ordea, artista zuzendariak bertsolari performerrei eragindako mendekotasunaren indarkeriak egotzi egin ninduen. Irudiak bere asmoak adieraziko balitu bezala, erantzuteko aukerarik eman gabe, nahiz eta bertsolaria bere baliabide guztiekin saiatu. Artistak artea sentitzen utziko ez balit bezala, edo arteak bere atzean dauden pertsonekin egoten utziko ez balit bezala.
Are deserosoagoa zen sortzailearen eta interpretearen artean batzuetan egiten den bereizketa tamalgarria ikustea. Esango nuke ezjakintasunean edo egolatria abangoardistan oinarritutako bereizketa dela hori; hartan, Sortzailearen (Jainkoa) eremuan kokatzen dugu artista beti, eta interpretatzailea, berriz, transmisore (mesiasa) hutsa baino ez da. Garazik, funtsean, honela esango luke: “ez dago ondo edo gaizki dagoen interpretaziorik, iristen diren edo iristen ez diren interpretazioak baizik”. Beraz, transmisioa performerraren azken ardura izango litzateke, bai eta artistarena ere, eta hori ere iristen zaizu edo ez zaizu iristen, alde edo kontra edozer idatzi, azaldu edo argudiatzen dugula ere.
Behin Beñaten pieza bukatu ondoren, azken topagunera joan ginen pixkanaka, Xemeingo elizara; han hasi zen dena goizean. Baina iritsi ginenean, albo batean, arku batez estalita, Ana Arsuaga tolosarra zegoen; arratsalde hartan, Verde Prato izena erabili zuen. Han, apurka-apurka areagotzen ari zen euritik gordetzen zuen arku baten azpian, bere teklatuaren aurrean zutik, Serpiente eta Mazmorra talde ezagunetako kideak bere ahultasuna babesten zuen, melodia eta kanta zintzo eta soil batzuen bidez. Melodia eta kantu horiek laguntzeko, txalo eta txistu egiten zuen, eta txalo eta txistu haiek gizakion lurtartasunaren zati bat ekarri ziguten gogora.
Verde Pratoren abesti-zerrendan, abesti herrikoien bertsioak aurkitu genituen, hala nola “Galtzaundi”; Tolosako inauterietan beti entzun izan duela kontatu zigun. Markinan jotzeko, kutsu pertsonala eman zion. Beste abesti bat “Ostatnia Nietzela” izan zen, Mieczyslaw Foggen 1930eko hamarkadako tango errusiar bat. Film batean ezagutu zuela azaldu zigun, eta desamodioaren gaiagatik iruditu zitzaiola erakargarria. Anak azaldu zigunez, hau kontatzen du abestiak: gizon bat bere maitea beste batekin dagoela konturatzen da, eta, behin eta berriz, “azken igande bat” eskatzen dio. Hain zuzen, “ostatnia niedzela” esapideak horixe esan nahi du, “azken igandea”. Kantu herrikoien bertsio horiez gain, artistak bere abesti batzuk ere eskaini zizkigun, hala nola, oso ezagunak eta hurbilekoak diren hauek: “Amaren kanta”, “Mutilaren kanta”, “Anaien kanta” eta “Neskaren kanta”. Herritartasunaren eta ezagunaren ukitu horiek Ana gazte eta bakarti batekiko hurbiltasun are handiagoa eragiten zuten, eta bazirudien Anak gordintasunez adierazten zuela bizitzaren gai nagusiei buruzko urtetako jakinduria.
Verde Pratoren melodien eta ahotsaren gozotasunak eta soiltasunak, reggaetoiaren eta bossa novaren zenbait ukiturekin, giro jatorrago batean murgildu gintuen, baina amaitzear zen, gero eta euri gogaikarriagoaren eraginez. Hala ere, ez zirudien euriak ordurako blai eginda zeuden ikusleei trabarik egiten zienik.
Verde Pratok horrela eman zion amaiera Harriak-en jaialdiari. Harekin egoteko beste aukera bat izango dugu irailaren 27an Muelle aretoan, Hezurra eta Noela Covers ft. Manchurrón taldeekin batera.
“Ereregiz doinuak”, soinuak dituen baina esanahirik ez duen izenburua. Edo hobeto esanda, esanahi guztiak doinuen bidez eregiten joan den programa.
Urretabizkaia Txarangaren Youtubeko kanalean, “Ereregiz doinuak” saioaren bi bideo daude: “Simon”, gure atseginerako jo zuten lehenengoetako bat, eta “Descondite”. Kanalera bideo gehiago igotzeko asmoa dute.
[2] Garazi Navas, 2019ko abuztuan jaialdia dela eta egindako elkarrizketa batean.
[3] Hori da Arretxinagaren esanahia. Hain zuzen. jatorri hidrotermaleko harri-eraketa deigarri bat gordetzeko eraiki zen baseliza.
[4] Tripak Kolektiboa, jaialdia dela-eta 2019ko abuztuan egindako elkarrizketa batean.
[5] Idem.
[6] Mattin, in VALERO, Oscar: “Mattin, el músico ruidista que convierte al espectador en “instrumento”, La Vanguardia, 2017ko apirila. Hemen ikus daiteke: http://www.mattin.org/essays/la_vanguardia.html