T: Esadazu ez didazula deitu ni konbentzitzeko leku horretara joan nadin
A: Egun on zuri ere. Eta, bai, horrexegatik deitu dizut hain justu
T: Bada, alferrikako ahalegina egin duzu. Ez dut inolako interesik gauza horretara joateko, egia esan
A: Gauza horretara? Arte erakusketa bat da eta, emakumea! Uste nuen, letretakoa izanda, hobea zinela egoki hitz egiten…
T: Eta ezin hobeki egiten dut. Eskerrik asko, señoro. Horregatik esan dut horrela; ‘erakusketa’ pixka bat, ez dakit nola esan… anbiziotsua? egiten zait eta. Barregarri geratzea erakusten ari ez badira behintzat; zeren, horrela bada, orduan arrazoia eman behar dizut
A: Geldi hor! Abiada hartu eta, zu ezagututa, azkenean klaustroari su emango diozu eta, inkisidore gisa…
T: Klaustroari? “Hori” non egingo dela esan didazu? Ai, ez, ez, ez, mesedez. Jainkoak libra nazala erlikia barroko bat hondatzetik!
A: Erlikia barrokoa, e? Ikusten dut “gauza”k hainbesteko nazka emateko zerbait aritu zarela ikertzen hor nonbait
T: Tira, egoki hitz egiteko dokumentatu egin behar baita, pixka bat behintzat… Eta esan beharra daukat istorioa gustatu zitzaidala: komentua eta ikastetxea eraikitzeko diru kopuru handia emanez bere udalerriari ordaina eman nahi izan zion gizon bat, inguruko kultura- eta erlijio-maila handitzeko…
A: Bai, aipatzen ari zaren gizon hori “etxe oneko ume” bat ere izan zen, Mexikoko erdialdean urre eta zilar meatzeak arpilatuz aberastu zena… Gero nazkatuta itzuli zen amerikar indigenen artean benetako kristau sinesmenik ez zegoelako; eta bere herrian ahalik eta erlijiosoena zen nahaspila bat muntatuz libratzea erabaki zuen. Bizitza honetan denak ditu bi edo hiru irakurketa, maitea
T: Uiuiuuii, laguna gaur Polonia inbaditzeko gogoz jaiki dela! Bada, jaitsi zaitez pixka bat; ikusten zaitut-eta gin-tonic bat hemendik gin-tonic bat bestetik, ahazteko “performance”ra bakarrik joan behar izan duzula, “gauza” baino gustukoago duzu?
A: Kar-kar, ama maitea. Ez dakit nik nor ari den hemen “hundir la flota”ra jokatzen… Honetan guztian atentzioa gehien ematen didana da zu biolin-jotzailea zarela…
T: Bai, eta zu informatikaria. Hau izugarrikeria
A: Hara gin-tonicarena! Tira. Ea, esan nahi dut oso bitxia iruditzen zaidala zu hain erreaktiboa izatea arte garaikideko erakusketekin, zeuk ere lanbide artistikoa izanda
T: Ez iezadazu konparatu, ez baita antzekoa ere
A: Aha. 4 urteko ume baten erantzuna
T: Ez da antzekoa ere. Izan ere, nik denboraren bahea pasa duen musika jotzen dut, eta, beraz, kalitate ukaezina du. Egile horien lanak mundu erdiak ezagutzen eta kantatzen ditu, gutxi iruditzen bazaizu!
A: Bai. Beste hainbatek bezala, seguruenik zaborren bat edo beste idazten hasi ziren pertsonak, beren eta besteen akatsetatik ikasi zutenak, eta euren burua behin eta berriz berrasmatu zutenak beren estiloaren gakoa aurkitu arte. Oker nago?
T: Ez. Ados nago horrekin. Baina famatu egin dituzten piezak ederrak dira, inolako zalantzarik gabe. Sekulako artelanak, errege-erreginek aitortuak, publiko zabalak goraipatuak, hamaika aldiz grabatuak… Ez dakit zenbat adibide gehiago behar dituzun
A: Tira. Artean objektibotasunaz hitz egitea… ez dakit oso etikoa den. Nire ustez, edertasuna guztiz subjektiboa da; eta, horrez gain, ez dut oso argi arteak “polita” denarekin zerikusia izan behar duenik
T: Ez. Nazkagarria denarekin lotuta dago, argi eta garbi. Bai, zera!
A: Bada, nire ustez, posible litzateke. Nork erabakitzen du artelan batek zer adierazi nahi duen? Baliteke egileak zerbait zehatza transmititu nahi izatea edo publikoak interpretatzen duenari irekita uztea… edo pieza bera osatzea sorkuntzaren zatia harrerarekin, hura kokatzen den espazioarekin… nahastuz
T: Hainbeste urteren ondoren, argi dago Dafnek markatu egin zintuela
A: Bai, eta asko. Baina biok dakigu emakume haren iragan bat eta ondoren bat egon zela. Gogoan al duzu sentiberatasun handiko pertsonei gertatzen zaienari buruz zuen teoria?
T: Baietz uste dut… oroimenak huts egiten ez badit. “Zertxobait hautsita dagoen jendea” zirela zioen. Eta hausturetatik beren esentziaren zati bat pasatzen uzten dute, eta, beraz, gehienak baino gardenagoak izateaz gain eta maskara sozial sendo bat mantentzea izugarri kostatzeaz gain, inguruneko edozein huts txiki xurgatzeko gai ere badira —direla besteen sentimenduak, direla soinuak, argiak eta gainerako elementuak—. Horregatik, beste edozeinek baino gehiago sufritzen dute, baina, halaber, inork ez bezala gozatzen dute
A: Ikusten dut zeuk ere ez duzula ahaztu…
T: Egia esanda, ez. Eta uste dut gure adiskidetasuna ziurrenik inoiz ez zatekeela izango orain dena eskola hartan batera egon izan ez bagina… “Testuingurua, funtsezkoa! Jar itzazue gauzak beti testuinguruan, ulertu ahal izateko”, esaten zuen… Tragedia bat izan zen emakume harena; asko sentitu nuen
A: Zer gertatu zitzaion?
T: Bada, lekualdaketa eskatu zuela bere herriko lanpostu huts batera, eta eman egin ziotela. Ez duzu gogoratzen?
A: Ai, jauna. Batzuetan ezin dut zurekin! Mikroinfartuak izaten ditut zure erruz oso sarri. Baina gaira itzulita, ez duzu inoiz abangoardiako musikarik jo? Jakin-minagatik bakarrik
T: Ufff… Bada, noizbait bai; baina saihestu egiten dut nire indar guztiarekin. Hori egiten dut zenbaitetan partitura ez delako hain zehatza eta, ondorioz, benetan konplikatua delako interpretatzeko; are gehiago, ezinezkoa dela esango nuke pieza sortu duenaren jarraibideak zehazki erreproduzitzea. Eta horrek frustrazio eta segurtasun falta handia eragiten dit, eta esango nizuke lankide askok antzeko iritzia dutela
A: Eta horrek ez dizu zer pentsaturik ematen? Esan nahi dut, zer arazo dago obra bat % 100ean ez erreproduzitzeko? A zer asperdura pieza bera behin eta berriro berdin jotzea… Pentsatzen ari naiz interpreteek egiten duzuenak, instrumentu bat jotzen jakitea zein zaila dela kontuan izanda eta meritua kendu gabe, ez duela ezer artistikorik freskotasunaren, bat-batekotasunaren zentzuan…
T: Bada, hor erabat oker zaude! Instrumentista bakoitzak gauza txikiak aldatzen ditu bere interpretazioan. Are gehiago… pieza bat jotzen duzun bakoitzean, oso zaila da beti gauza berberak egitea; jotzea gauza bizia baita, organikoa, beti eboluzioan dagoena
A: Tira, arrazoia ematen ari zara; errepikapenean ere ausazkotasuna dago… Harrapatu zaitut!
T: Tira, ados. Touchée!!
A: Eta abangoardiako musika jotzen ez baduzu, zer lantzen duzu gehien?
T: Bada, Errenazimentuaren eta Erromantizismoaren arteko errepertorioa, batez ere…; nire lankide musikari gehienek bezala
A: Aa…Barkatu nire ezjakintasunagatik; baina, historiaz dakidana kontuan izanda, esan didazun denbora-tarte horretan mezenasgoa goren aldian zegoen… Orduan, tira, oker ez banago, askotan sortzeko askatasun gutxi edo batere askatasunik ez zuten egileen piezak erreproduzitzen aritzen zara, ohiko aberatsek enkargatu zituzten eta horien benetako jabeak izateagatik suntsi ere egin zitzaketen lanak?
T: Utzi egingo zaitut. Prestatzera joan behar dut eta
A: Zer? Baina… jakin al daiteke zertarako duzun halako presa?
T: Zurekin joango naiz gauza horretara
A: Eeegon, egon, ez duzu lasai-lasai alde egingo eta. Erantzun iezaiozu galderari; arren eskatzen dizut
T: Hara gure graziosotxoa! Ez egin hainbeste barre, badakizu nolakoa naizen-eta, e? Dafne nirekin liluratuta bazegoen, zerbaitegatik izango zen… Ea, arrazoi pixka bat baduzu, baina gutxi… Gure irakasle maiteak esaten zuen bezala, testuingurua etxean utzi duzu! Eta kasu honetan funtsezkoa da. Nor ez zen bizi presiopean garai haietan? Zortedunak bizi guztirako norbaitentzat lan egiteko egonkortasuna zutenak. Ondo dakizun bezala, zeure lanaren esklabo ere izan zaitezke eta. Eta, bestela, galdetu autonomoei…
A: Ari gara dagoeneko gaiak nahasten
T: Eez, utzidazu bukatzen, bakar-bakarrik sartu zara-eta nahaspila horretan. Mozarten adibidea jarriko dizut. Ezagutzen duzu?
A: Bada, uste dut ez zaidala ezaguna egiten… Marten bizi naiz eta, hara bestea! Eta zer gertatzen da berarekin?
T: Bada, gaur egun musikako jenio handienetakotzat dugula, eta, beraz, mamboaren erregea izan behar zukeela bere garaian eta errege-erreginen familia eta ahaideentzat soldata finko on batekin lan egin, ezta? Bada, halakorik ez. Gizagaixoak bizitza osoa eman zuen bere talentuarekin bat zetorren postu bat lortzen, baina ez zuen inoiz lortu… Eta estuasun ekonomikoak etengabeak izan ziren bere bizitzan
A: Ez dakit non entzun nuen xahutzaile hutsa zela eta diru asko xahutu zuela arropatan, jokoan eta festatan… Eta menderakaitza zela eta ezin zuela jasan bera agindupeko gisa tratatzea…
T: Bai, hori ere bai. Baina zera esan nahi nuen: une hartan, gobernatuko zintuen nagusi bat ez izatea larrutik ordaindu zenezakeela. Beraz, besterik ezean, hobe da eskatzen dizutena konposatu, arratoiak bezain aske eta pobre izatea baino
A: Bai, eta sormena non geratzen da hor? Orain ez iezadazu ziria sartu, ez baita gauza bera aukerak izatea eta eman dizkizuten parametroetara egokitzea
T: Nola sartuko dizut ziria ba… Justu kontrakoa uste dut: zure sormena ez dizu inork kenduko; are gehiago, esango nuke areagotu egiten dela justu ezer gutxi egiteko aukera duzunean… Gainera, denbora askorik ere ez zuten pentsatzeko; normalean obra baten estreinaldiaren eta hurrengoaren arteko denbora-tarteak izugarri laburrak ziren
A: Tira, gauzak hobera egin duela,… Ni ondoezak hartuko ninduke, seguru
T: Zu seguru. Baina adibidez ni ezin hobeto ari naiz: askoz produktiboagoa naiz denbora agortzen ari zaidanean
A: Zein modu dotorea prokrastinazioa definitzeko
T: Buff, ez dakit nola jasaten zaitudan ere… Zorigaiztoan eseri gintuzten elkarrekin eskola hartan…
A: Baa, biziki maite nauzu eta. Eta badakizu hori. Kontraesan perfektua gara. Beti izan naiz gauzak aurretiaz prestatzen dituen horietakoa; eta askatasunean sinesten dut, ororen gainetik, edonola. Zuk ondo lotutako gauzetan, azken minutukoak badira ere
T: Ez dakizu esekitzeko zenbateko gogoa daukadan…
A: Nondik?
T: Telefonoa, memeloa! Zehaztasunik gabe hitz egiten hasi gara. Eta mugitzen ez bagara, erakusketa pasako zaigu!
A: Tira, bere izenez esaten diozu dagoeneko eta. WOW
T: Ahaztu egin zaizu zeure buruari buruzko deskribapenean “adarjotzaile profesionala” jartzea. Ez dakit nola ahaztu zaizun
A: Horixe da, hain zuzen ere, komunean dugun gauza bakarra, laguna