zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana

irudipena eta errealitatea: zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana

mikel onandia garate

Lucky filmean (John Carroll Lynch, AEB, 2017), protagonistak, bizitzako azken fasean dagoen eta Mexikoko mugaren ondoko herrixka estatubatuar batean bizi den gizon nagusiak, honako elkarrizketa du tabernari batekin:
– Lucky: ‘Errealismoa da egoerak bere horretan onartzea, diren bezala’.
– Tabernaria: ‘Hau da, ikusten duzuna’.
– Lucky: ‘Baina zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana’.

Lehen esaldian, badirudi Luckyk egunero pentsatzeko eta jarduteko modu praktiko bezala ulertzen duela errealismoa, errealitatea den bezalakoa denaren uste osoan. Horrela ulertu du tabernariak, errealitatea ikusten duena dela baitio; hau da, errealismo epistemologikoaren berri ematen du, eta gizakiok errealitatea ezagutzeko gaitasunaren objektibotasuna onartzen. Alabaina, horri erantzutean, Luckyk argudio hori hausten du, eta, biek berdina ikusten ez dutela esatean, atea irekitzen dio subjektibotasunari.
II
Hiru artista. Sinbolismoz beteriko hiru mundu. Fikzio bitxia, non figurazioa den izendatzaile komuna. Eta izenburu bat. Ismael Iglesiasek, Zumaiako Oxford Aretoan egindako erakusketaren komisarioak, bere egiten du Luckyren bigarren esaldia –‘Zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana’–, eta izen hori eman dio erakusketari. Raisa Álavaren (Zuhatza, Aiara, 1990) lana ekoizpen grafikoaren eta zeramikaren artean dago; hondo laua duten irudiak dira, komikien alorrari lotuak eta atmosfera koloristadunak. Irudikapen-kodeak, hala nola, konposizioa eta proportzioa, diluitu egiten dira, eta hainbat izaki fantastikoren eszenatoki bihurtzen. Zenbait elementu surrealista ere ageri dira, adibidez, egitura tubularretatik jaiotzen diren buruak, izaki biomorfoak eta moztutako eskuak, hiru dimentsioko piezetan. Alberto Alborren margolana (Burgos, 1977) xehetasun handikoa eta akabera finekoa da, eta leihoak irekitzen ditu errealitate artifizial batera. Bertan, eguneroko objektu eta elementuak erabiltzen dira, adibidez, jolasteko kartak, landareak eta arkitekturak, eta elkarren artean lotzen dira mundu onirikoetan, non ispiluek eta koadroen barruan dauden koadroek hainbat ikuspegi eskaintzen dituzten, eta interpretazio askea egitera gonbidatzen. Bestalde, Ane Rodríguez Zaitegik / Anemotorazing (Bilbo, 1991) gelako horma oso bat estali du esekitako oihalekin. Hala, trazu lodien eta tonu fluoreszenteen bidez, adarbakar irribarretsuak irudikatzen ditu; izaki horien irudi idealizatutik aldentzen da, eta munstrokeriak edertzeko joera kritikatzen.
III
Grezia klasikoan, errealitatearen irudikapen mimetikoa hartzen zen egiatzat. Baina hor ere interpretazioak oso bestelakoak ziren. Platonek planteatu zuen edertasunaren inguruan lehen teoria: betiereko ideia aldagaitzen munduan kokatzen zuen. Atenaseko filosofoak zalantzan jartzen du mundu sentsoriala, eta ez da arteaz fidatzen, egiaren kopiaren kopia egiten duelako; hori dela eta, bere errepublikatik kanpo uzten ditu artista plastikoak eta poetak. Bere ikasle izan zen Aristotelesen arabera, ordea, edertasunak eta arteak izpiritua eta sentimendurik ezkutuenak hunkitzeko gaitasuna dute, eta gertuago daude egiatik. Hortaz, Platonek uste du artea errealitatetik aldentzen dela, eta Aristotelesek, berriz, defendatzen du arte bisualen esentzia imitatzea dela; izan ere, errealitatea islatzen dute, gauzak diren bezain eder, ez hain eder edo ederrago erakutsiz, eta gauzak nola izan beharko luketen edo izan zitezkeen ere bai. Hortaz, artistak errealitatea aurkeztu ahal du modu errepikaezin eta pertsonalean. Bi filosofoek garai hartan hasi zuten eztabaida gaurko egunera arte heldu da, eta horrek esan nahi du modu asko daudela artea, ekoizpen plastikoa eta fikzioa ulertzeko.
IV
Bere adineko beste batzuek baino gehiago bizi eta gero, Lucky bizitzako azken fasean dago. Zahartzaroan egon arren, ugarituz doazen osasun-arazoek ez diote oztopatzen bere errutinarekin jarraitzea. Baina, antsietate-krisia izan eta erori ondoren, Lucky bere errutinatik esnatu eta existentzia zalantzan jartzen hasi da: –‘Guztiz beldurtuta nengoen. Pentsatzen hasia nintzen ez zegoela besterik. Dena beltza dela, ez dagoela ezer’–. Ikuspegi melankolikoa larritasun bihurtzen da. Heriotza ezin saihestea eta hutsaren ziurtasuna. Kierkegaarden lehengusu bizkaitar Miguel de Unamuno bezala sentitzen da Lucky, hark ere beldur handiagoa baitzion hutsari infernuari baino.
V
Plinio historiagile erromatarrak, Historia Naturala obran, margolari greziar nagusietako biren arteko gatazkaren legenda jasotzen du, Zeuxis eta Pharrasios margolarien arteko gaztazkarena. Bietatik zein zen margolari hobea erabakitzeko lehiaketan, Zeuxisek mahatsak margotu zituen; hain ondo, ezen txoriak gerturatu ziren haiek jateko asmoz. Pharrasiosek, berriz, margotutako oihal bat aurkeztu zuen, baina, egiazkotasun handiarekin. Zeuxis, txorien jokabidea ikusita, harro zegoen bere lanaz, beraz, oihala kentzeko eta koadroa erakusteko eskatu zion. Une hartan ohartu zen oihala bera zela margolana, eta onartu behar izan zuen berak txoriak soilik engainatu zituela, baina Pharrasiosek bera, artista, engainatzea lortu zuela. Mendeetan zehar, istorio hori gutxi gorabehera errepikatu egin da, beste protagonista batzuekin. Horrek erakutsi digu historian zehar mimesiak, bere konplexutasun osoarekin eta aldaera guztietan, garrantzia handia izan duela mendebaldeko tradizioko margolaritzan.
VI
Bilatzailean ‘errealismoa’ idazten badugu, ohartuko gara Wikipediak berak ez duela termino horri buruzko artikulu jeneralistarik, eta beste adiera batzuetara deribatzen gaituela, gehienak ere adjektibo bezala, hainbat diziplinari lotuta: psikologia, politika, gizarte-zientziak, historia, arteak eta filosofia. Azken bien eta horien inplikazioen kasuan, honako zalantza hauek sortzen dira: Raisa Alavaren, Alberto Alborren eta Anemotorazingen obrak errealistak dira? (Bere horretan) aurkezten dute errealitatea? Arteak errealitatea irudika dezake? Zer da errealitatea?
VII
Artearen Historian, XIX. Mendean garatutako mugimendu piktorikoa da errealismoa. Errealismoaren ordezkari nagusia, Gustave Courbete, 1955eko Parisko Aretotik kanpo utzi zuten, eta  Pavillon du Réalisme delakoan aurkeztu zuen bere obra, Nazioarteko Erakusketaren barruan. Halaber, erromantizismoari erantzunez, literaturan ere errealismoa abiarazi zen Frantzian, garai hartako gizartearen errealitatea bere horretan islatzeko helburuarekin. Errealismo hitza, XIX. mendeko obrei aplikatzeaz gain, adjektibo bezala ere erabili da artelan jakin batzuk deskribatzeko, zehazki, errealitatea, natura, leialtasunez irudikatzen saiatzen direnak. XVI. mendean Caravaggioren eta Carracciren defendatzaileen artean egondako gatazka margolaritza ulertzeko bi moduren adibide bat besterik ez da. Alde batetik, margolaritzaren egiantzekotasuna errealitatea irudikatzean defendatzen dutenak; eta, bestetik, margolaritza orientazio idealistadun programen zerbitzura egon beharko litzatekeela uste dutenak. XIX. mendearen bigarren erdialdean, inpresionismoa sortu zen, neoklasizismoari eta errealismoari kontra eginez. Inpresionismoak begiradan jartzen du arreta, margolariaren ikuspuntuan, uneak, argiak… irudikatzen ari diren objektuan eta errealitatean eragiten duten inpresioan. Inpresionismoak atea ireki zion subjektibotasunari, errealitatearen irudikapen figuratiboa egitean. Eta ez dago atzera egiterik.
VIII
Nahiz eta zenbait urte iraun, bizitza laburra da; ezinezkoa da errealitatea bere osotasunean ezagutzea, bakarrik zatikatuta eta erreferentziekin. Narrazioak eta irudiak mapak bezalakoak dira: bizitzaren isla gordetzen eta irudikatzen dute, eta, horiei esker, beste modu batera bizi ezingo genituzkeen uneak bizi ditzakegu. Gizakiak, mintzaira artikulatua asmatu aurretik ere, fikzioak sortzen zituen, izan ere, narrazioak sortzeko eta kontatzeko premia du. Eta bizitza askoz konplexuagoa eta aberatsagoa da fikzioaren bitartez bikoizten denean. Hala, Luckyren larritasuna, dena desagertuko delako ustearen ondoriozkoa, jarrera errealista bihurtu da: –‘Egiak axola du. Eta aurre egin behar zaio. Eta onartu’–. Gauza ororen patua da belztasuna, ezereza. Hutsa. Hala da. –‘Eta zer egingo dugu horrekin?’– galdetu diote. Berak erantzun, –‘Irribarre’–. Hala, jarrera bitalista inposatu da. Zentzurik ez dagoenean, esanahi bat, narrazio bat, istorio bat sortzen da. Beraz, badirudi Luckyk fikzioa onartu duela bizitzaren laburpen bezala.
IX

  1. mendean, irudikatzearen kontzeptua baztertu egin zen, abstrakzioa agertu eta garatu ondoren, kontzeptualtasuna, artelanen autonomia eta gero eta autoerreferentzialtasun handiagoa. Arthur Danto, 1964an, ohartu zen, Andy Warholen Brillo Box obra ikustean, ez zegoela desberdintasunik artelanaren eta berak supermerkatuetan erosten zituen Brillo kutxen artean. Duela zenbait hamarkada lehenago Duchampek bere ready-mades izenekoekin –artelanek ez zuten errealitatea irudikatzen, artelanak ziren errealitatea; ez zieten irizpide estetikoei jarraitzen, kontzeptualak ziren, besterik gabe– abiarazitako deriba punturik gorenera heldu zen, artista batek egunero kontsumitzen den produktu bat zehatz-mehatz irudikatzea eta karga estetikodun artelantzat hartzea lortu zuenean. Alabaina, Dantok artearen heriotza iragarri arren, artea aurrera dihoa, margolaritza –horren heriotza ere iragarri zen– aurrera dihoa, eta errealismoa bizirik dago oraindik.

X
Errealismo mota ugari daude, eta bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu. Errealismo sozialista. Naturalismoa. Surrealismoa. Verismoa. Neorrealismoa. Hiperrealismoa. Errealismo zikina. Errealismo poetikoa. Fotorrealismoa. Figurazio berria. Nouveau Réalisme. Errealismo magikoa. Eta abar luzea. Egia esan, etiketa estilistikoetatik kanpo, eta batez ere argazkigintza hasi zenetik, errealismoak –errealitatea ahalik eta egiazkotasun handienarekin irudikatzen duten arlo guztiak biltzen ditu: margolaritza, literatura, zinema, eskultura…– mugak zabaldu ditu, zentzurik zabalenean, eta, akademikoen baimenarekin, saiakera figuratibo preziosistak, inpresionistak, espresionistak, idealistak eta fantastikoak ere barne hartzen ditu. Objektiboagoak diruditen mugimenduek ere beren artifizialtasuna onartzen dute. Ez dago hiperrealismoa baino ezer irrealagorik.
XI
Errealitatea, errealitatea da; gizakiok hura hautematen, interpretatzen eta irudikatzen dugu, eta, era berean, errealitatearen irudikapena interpretatzen dugu; irudiak gainjarri egiten dira etengabe, errealitatearen eta gure begiradaren artean, errealitatearen eta bere irudikapenaren artean, eta, hala, errealitateari buruz dugun ezagutza zehazten eta aberasten duten fikzioak sortzen dira: literatura, zinema, margolaritza, eskultura eta abar. Luckyk, fikzioko pertsonaiak, errealismoari ematen dion zentzuari helduz gero, errealitatearen irudikapen sinesgarria ikusten dugu, non subjektibotasunak ere bere lekua duen. Errealitatea zehatz-mehatz irudikatzea ezinezkoa da, eta, horrez gain, pertsona bakoitzak modu desberdinean ikusten ditu errealitatea eta bere irudikapena.
eta XII
Artea gogo-aldarte bat da. Errealismoa errealitatea irudikatzeko metodo bat da. Errealitatea ikusteko modu bat. Besteak beste. Raisa Alava, Alberto Albor eta Ane Rodríguez (Anemotorazing) artistek egun errealismoa ulertzeko dauden hiru modu desberdin ordezkatzen dituzte, hiru bertsio desberdin; horien bidez, ikusleek ezagutu ahal dute zeintzuk diren gaur egungo sortzaileak motibatzen dituzten erreferenteak. Errealitatea hor dago. Irudikatzen dudana ez da ikusten dudana. Zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana.