itzuli barik

itzuli barik

iraitz agirre

Harresiak. Europa banatu izan duten harresietako bat bota zen 1989an. Itzulera bako historiaren kontakizunaren arabera, bi bloketik baterako trantsizioari bide eman omen zitzaion. Urte gutxiren buruan, mugakide zen herrialdeetako batean arte garaikideko museo bat bisitatu genuen. Bertan kolore bakarreko koadroz betetako areto batean sartu ginen. Koadro gorria. Koadro berdea. Koadro urdina. Eta koadro beltzaren azpiko errotuluan zera irakur zitekeen ingelesez: soilik egileak daki zer ezkutatzen den koadro honen atzean. Honen ondoan su-iltzalgailu bat zegoen eta gure buruari galdetu genion ea hori ere arte museoko pieza bat izan ote zitekeen. Onartuko dugu irribarre gaiztoaz irten ginela bertatik, ezer ulertu gabe baina guk geuk ere hori egin genezakeela sinetsita.

Orduz geroztik hamaika museo bisitatu eta lientzoari begira hausnarrean beste hamaika koadro ikusiak izango ditudan arren, oraindirik orain, harresia jausi osteko momentu, espazio eta objektu horretara itzultzen naiz arteak gugan sortzen duen hori ulertzen saiatzen naizen bakoitzean. Ulertzen saiatu bai, saiakera horretatik eratortzen dira galdera berriak eta. Argitasunez interpretatu ditzakegun zeinuek baino, ulertzen ez dugunak erakartzen gaitu gehien.

Esperientzia artistikoa ez da salbuespen bat. Esanahietara mugatu beharrean, polisemia gisa eztanda egiten du egile-ikuslearen  arteko hartu-emana proposamenaren materialtatasuna eta subjetibitatea bera gaindituz. Mugagabea eta ulergaitza. Badago nondik tiratua Da Vincik esan zuen gauza ilunetan arakatzetik, ez ulertzearen misteriotik. Korapiloak beharrezkoak dira pentsamendu eta hausnarketa prozesuetarako, besteak beste, guztiz askatuak izateko. Des-lotu arren, beti egongo da zalantzarako arrakalarik, ordea, ordurarte planteatu gabeko galderetan murgiltzeko aukerarik. Errealitatea izango da errealitatea guztiz ulertzea ezinezkoa dela. Itzuli ezina eta itzulpen literalik gabea dela. Soilik egileak daki zer ezkutatzen den koadro honen atzean.

Subjektu artistikoak. Korapiloak askatzeko modu bakarra galdera berriei erantzuten saiatzea da ordea, erantzun berrietarako espazioak sortzea. Bideratzea. Egokitzea. Eta  horretarako, momentuak ere sortu behar dira. Bilatu. Antolatu. Eta subjektuak elkarrizketan jarri, espazio eta momentu horri zentzua emango dioten hariak josteko baliabideak eskaini. Mediaziotik aritu. Bidelagun izan. Esperientzia artistikorako koordenada batzuk marraztuz, komunitatea dantzan jartzeko aitzakia izan daitezen.

Artista eta ikusleen rolen inguruan hausnartzea izango da prozesu honen helburuetako bat: egileek ezkutatzen dutena dezifratzea eta hori emakume* sozializatutako gorputzen subjektibitatetik egitea. Subjektu artistiko komunitarioa nola, adierazpen artistikoa bera ere halakoa izango da eta.

Artearen genealogia subjetu femeninoak ardaztu du milurtetan zehar, baina inoiz ez da lehen pertsonan edo subjektu bezala izan, errepresentazio objetu bezala baizik. Ikusgarritasuna erdigunera ekarri nahi bada lehen pertsonan egin beharko da, nortasun eta subjektibitate anitzetatik bada ere. Ez da zentzugabea, beraz, errealitate binarioak ezbaian jartzetik hastea. Artista eta publikoaren arteko dikotomia hautsi nahi den bezala, jar ditzagun ezbaian beste simulakro batzuk ere: gizonak eta emakumeak, egunak eta gauak, eremu publiko eta pribatuak, ekoizpena eta bizitzaren erreprodukzioa, eta abat. Espazio eta denbora historikoetan forma hartzen dugun subjektu historikoak garen heinean, betierekoak direla sinesteari utzi eta bestelako koordenadetan zentzua hartzen duten subjektu, espazio eta denbora ulertzen saiatu gaitezke. Historia ez da arrazoizkoa; arrazoia da historikoa eta eraikia dena. Subjektu estatikorik ez da, aldakorrak eta dialektikoak dira guztiak. Banaketa bitarrak mugikorrak eta sozialki zein historikoki eraikiak dira.

Subjektuaren mugikortasunaz dihardugularik, sexu ezberdintasunak eta eraikuntza sozial gisa josten diren dinamikak  bereizi beharko  dira. Generotik aztertuta, gorputz biologikoak gorputz sozialak nola bihurtzen diren konturatzen gara, gizartean eraiki eta kulturalki forma hartzen duten gorputzak garela. Beti mugikor eta aldakorrak.

Errealitatea kontatzen diguten istorioen arabera ezagutzen dugu eta gure nortasuna ere, gorpuzten dugun errealitate honen arabera ezartzen diren etiketek baldintzatzen dute. Emakumeen* kasuan gainera, gizonezko off ahots batek kontatua izan da genealogia hau askotan. Metaforek eta kontakizunek pentsatzen gaituzte eta horren arabera ematen digute forma.

Arte oro publikoa da. Elkarrekintza da. Hartu-emana da. Eta emakumeak historikoki espazio publikoan beti egon dira, koadro batzuetako musa estatikoetatik haratago. Mugimenduan eraiki diren gorputzak izan dira gehiago, korrika, azkar eta zaratarik atera gabe ibiltzen ikasi duten izaki gardenak. Komenigarria da gaur egun dugun emakumearen* irudia  ezbaian jarriko duten hipotesiak aztertu eta eremu pribatutik irten ez garenaren irudi hori baztertzea. Badirudi bestela emakumea zerbait atenporalada eta marginala dela, eta ez subjektu historiko oso bat.

Espazio publikoa ez da zerbait fisikoa bakarrik, berau gainditzen duen eremu arautu oso bat baizik. Publiko esaterakoan “denona den zerbait” dela azpimarratuko luke norbaitek, denok berdintzen gaituen eremu bat dela, baina arautua dagoen momentutik, kontrolatua, legez ezarria eta bereizita dago.

Marra gorri orok du trazo historikoren bat eta ez dira kasualitateak marratuak izan. Gutxiegi dakigu adibidez eresiagile edo profazadoreez. Dakigun gutxia gainera, lege ezarpen baten aitzakian dakigu. 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean jasotako atala da honakoa, emakume olerkariei abesteko debekua ezartzen zaien legea literalki eta itzulpenik gabe jasoa. Testuko gaztelaniak legearen zorroztasuna adierazten du:

  1. titulua. 6. legea. “En qué manera se puede hacer llanto y poner luto por los difuntos… Ordenaron, y establecían por ley, que de aquí adelante cuando quiera que alguno muere en Vizcaya […] no sea osado de hacer llanto alguno mesándose los cabellos, ni rasgándose la cara, ni descubriendo la cabeza, ni haga llantos cantando, ni tomen luto de marraga, so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez.”
  2. titulua. 1. legea. “… y sobre mujeres, que son conocidas por desvergonzadas, y revolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero llama profazadas).”

Debekua. Horixe dugu emakume olerkariez dugun lehen berria. Emakumeek publikoki abesteko debekua. Testuan adierazten den auzoa aldrebestearen kezkatik haratagoko zerbait dagoela sumatu daiteke, motibazio bat dagoela, ezin du kontuak hain arina izan. Argi dago jardun horrek bazuela pisu bat, esaten zenagatik baino, zertarako esaten zen, beharbada. Inguru bat biltzen zuelako ere izango zen arriskutsua ezartzen ari ziren botere-harremanen begietan. Esaten dena bezainbat baita, zein inguru, zein plaza eta zeinentzat esaten den; askotan, plaza horretan sortu daitekeenak dakar arriskua. Botereak mamu asko ikusi behar izan zituen hor.

Esperientzia artistikora itzuliz. Ez da espazio edo denbora bat aztertu nahi izan, ordea, Itzuli Barik izeneko proiektu honetan. Horien baitan eta baitatik egin da. Bestelako errealitate posibleak aztertzea bihurtu da erronka, emakume* sozializatutako gorputz kolektiboek begiratu, berreraiki eta bir-hartutako (reapropiar) errelatoak jostea. Errealitatearen inguruko intuizioa eta honen inguruko narratibak ez dira linealak, ez eta zerrenda batean sartzen diren izen eta adjektibo edo bizipenen baturak. Elkarrizketa berriak aktibatzeko moduak eskainiko dira (norbere buruari inoiz aitortu bariko gauza bat gutxien espero duzun harr-emanean azaleratzen den bezala), ikusgai eta ikusgarri eginez, errelato berrietan eta berriak gorpuzteko aukerak zabalduz.

Komunitatea eraikitzeko espazio bihurtuko da erakusketa honen baitan Kulturate. Espazioa betetzea da asmoa, ulertzen ez dugun eta erakartzen gaituen horri bideak emango dizkion galderak planteatzea; elkar ezagutzen ez duten errelatoak harilkatzeko orube bat sortzea; subjektu anitzak elkarrekin gorpuzteko esperientzia baterako aukerak zabaltzea; korapiloak askatzeko aitzakia emango duten hamaika koloretako koadroak margotzeko espazio eta denbora bat egokitzea. Eta hala ere, zorionez, Soilik egileak jakingo dute zer ezkutatzen den koadro honen atzean.

Ez dago dena ulertu beharrik. Itzuli barik geldituko dira interpretaziorako arrakala batzuk. Beste batzuk dezifratuak izango dira. Baina besteak beste, hori ere bada artea; ulertzen saiatzea eta harrapatzen gaituen koadro beltz horren aurrean sentitzen den ezin-ulergarritasun horrekin elkarrizketak aktibatzea.    

Harresiak botatzerakoan aitzakiak sortzen dira eta errealitatea ulertzeko koordenadak eraldatzen (nahiz eta honek ez duen esan nahi errealitatea ulertzeko koordenada hauek argiagoak izango direla). Ez beti beharbada, baina esperientzia artistikoak baietz diosku, egile zein hartzaileek gutxienez badakitela zer ezkutatzen den koadro horren atzean. Eta hala ere, ez dago zertan dena ulertu eta hitzez hitz itzuli.