KRISTALEZKO EHUNA
Gueñesko udaletxeko parkean den ARENATZarte erakusketa-gunera sartu baino lehen, garrantzitsua da aipatzea begirada —intuizioz— gure pausoen aurretik doala eta aretoko kristalezko hormetatik barrura sartzen dela, gu sarrerarantz oinez goazela. Erakusketan diren elementu gehienak —eskulturak eta bideoak— lurrean jarrita daudela sumatzen dugu, eta argazki eta marrazki batzuk kontu handiz paratu dituztela kristaletan.
Barrura sartu orduko kontrakoa gertatzen da. Parkeko berdearen indarrak, zuhaitz zaharrek eta belar leunak kristalak zeharkatu eta ihes egiteko gonbita egiten digute. Kanpotik begiratzera gonbidatzen gaituzte, gorputza kanpoan jarri eta gero berriro sartzeko. Horrela, behin eta berriro, erakusketari begira gauden bitartean.
Begiradaren mugimendu eta desira hori aretoko kristalezko arkitekturari emandako erantzuna da, haren isla, nolabaiteko «kontraesan espaziala» sortzen baitu. Izan ere, begirada barrura sar daiteke gorputza kanpoan dela, eta alderantziz, kristaletatik at irten daiteke, gorputza areto barnean dagoela. Horrek, nahitaez, «itzulera-tonua» ezartzen du aretoaren barrualdearen eta kanpoaldearen artean eta, seguruenik, ARENATZarten antolatzen dituzten erakusketa gehienetan. Trenza erakusketak, hain zuzen, zuhaitzean den amaraun gardenaren antzera konpontzen du espazialitate hori: hiru artistek eta kuradoreak batera eta sotilki ehuntzen dituzte eskulturak, marrazkiak, margoak, bideoak, argazkiak eta performancea.
Trenza izenburuak —kuradoreak[1] aukeratutako goiburuak— hiru zatiak osotasunean antolatzeko modu txirikordatua adierazi nahi du, hau da, hiru artistak erakusketa-gunean antolatzeko era. Baina txirikorda objektua bera baino gehiago, espazioan txirikorda egiteko modu bat proposatzen du izenburuaren keinu poetikoak. Txirikorda eskuz egin eta, agian, objektuak espaziora lotzeko modua. Esanguratsua da pentsatzea txirikorda egiteko ere «joan-etorriko» mugimendua egin behar dela. Egia esateko, ehun gehienak egiteko sartu beharra dago gero ateratzeko, puntu bat beste batekin kateatu, eta horrela behin eta berriro. Txirikordatzea begiekin egin dezakegun keinua ere bada. Adibidez, txirikorda bat irudika dezakegu oraintxe bertan, gure begien mugimenduarekin, edo, bestela esanda, txirikordaren mugimendua pentsatze hutsarekin gure begietan zerbait mugitu egiten da, halabeharrez.
Horrela, txirikordaren bueltei begira, aretoa atzetik inguratuko dugu. Kanpoan, sarrerak aurrez aurre duen aldean (kristalezkoa ez den bakarrean), urre-koloreko zintarekin egindako marrazkia edo ehun abstraktua dago. «Horma-brodatua», alde horretan eraikina estaltzen duen burdin sarea aprobetxatzen duena. Hiru bat metro koadroko ehuna landare igokaria balitz bezala egokitzen da egiturara, azaleran zehar hainbat norabidetan zabalduta. Brodatuaren aldamenean, oso hurbil, zuhaitz bat dago. Piezaren egileak[2] hormara igo behar izan zuen altuera horretara —hostotzaren altuerara— iristeko, besoak luzatuta brodatu ahal izateko. Eremu arkitektonikoan, eskalaren gehiegikeriak gainditu egiten du brodatu zehatz eta intimoa egitearen ideia konbentzionala. Horrenbestez, emaitza den objektuak aretotik kanpora darama, nabarmenki, Trenzaren erakusketa-eremua. Antzera gertatzen da kristaletan dauden argazkiekin[3]. Horietako batzuk kanpora begira daude eta parketik bakarrik ikus daitezke; bertatik pasatzen direnei egindako keinua dirudite. Aldi berean, barrualdean, kanpora begira dauden irudi horiek eten egiten dute argazkien eta marrazkien segida. Argazki batean sardina oliotan heltzen ari den eskua ageri da. Hatz erakuslea arrainaren gorputzean sartuta dago, bururaino.
(irudi horri begira larritasun arraroa sentitzen dut, pertsona bat hurbiltzen ari baita kristalaren beste aldetik. Begira nagoela harrituta sentitzen naiz, baina pertsona horrek ez du nabaritzen, hurbil dagoen argazki bati, kanpora begira dagoen horietako bati, arretaz begiratzen baitio).
*
Aretoan barrura eskulturak[4] daude, material mixtoz eginak: zementua, igeltsua, kartoia, zinta itsaskorra, beirazko flaskoak, lore artifizialak, pintura eta gogoratzen ez ditudan beste batzuk. Lurrean zehar jarrita daude, altuera baxuan, haien hauskortasunean lurreratuta, objektu txikiak dira, gehien bat. Haien artean kontuz zabiltza, baten batekin estropezu ez egiteko. Batzuk irregularrak dira eta beste batzuk lau angelukoak. Ikaragarri intimoak dira. Batez ere irregularrak direnak, barrurantz eginda daudela ematen du, temati, materialek euren burua besarkatuko balute bezala, edo, agian, materialak eskultura bilakatu arte besarkatu zituen artistaren keinua da. Espazioan kokatuta, haien hauskortasunak distira egiten du. Laukirik gabeko taulan dauden xake-pieza kementsuak dirudite, jokalariek taldean pentsatu eta birpentsatu behar dituztenak. Eta pieza bakoitza eskuz mugitzen da, bata bestearekin guztiak harremanetan jarriz, kokapen espaziala ehunduz eta tenkatuz. Erakusketako piezek ez baitute bakoitzaren egilearen izenik. Hirunaka egindako txirikordaren itun kolektiboari eusten diote. Halere, esan dudanez, zuhaitz bateko amarauna ere izan liteke, non beste alderdi performatibo batzuk partaide egiten diren.
Eskulturen artean bada beirazko kontserbekin egindako bat. Flaskoak zinta itsaskor gardenez estalita daude, oso estalita. Fardel amorfo bakarra osatzen dute, horixka dena, eta material itsaskorrak uzten dituen tarteetan flaskoen zatiak ikus daitezke. Flaskoen haridun ahoak taparik gabe azaltzen dira. Horietatik ere ikusgai da kontserba-flasko hutsaren barruko espazioa, ezaguna, egunerokoa ere badena. Horixe da apur bat barrurago ikusten dena.
(aretoko lurrean eserita nengoen, eskultura horren ondoan. Nire belarria haren ahotik oso hurbil zegoen, kontzertuko musikariek Mikelen partitura jotzen zuten bitartean[5]. Hasieran kanpoan aritzekoak ziren, baina euriaren mehatxuak barrura sarrarazi zituen. Ezusteko horri esker lurrean esertzeko aukera izan genuen, eskulturak bezala. Objektuak distantziarik gabe begiratzeko aukera, haien artean egotekoa. Soinuak ere tartean zirela. Tonu batzuk hurbil nuen eskulturaren haridun ahotik sartu eta irteten ziren. Itsas kurkuilu bitxi bat izan zitekeen. Soinuak errebotatzen entzuten nituen).
*
Bitxia da pentsatzea ezagutzen ditugun ehun edo txirikorda ia guztiak aldeen arteko harreman tenkatuan antolatzen direla. Bai ehunari zurruntasuna, pisua eta sendotasuna ematen dioten barruko korapiloen bidez, edo bai haren egitura banandu eta zabaltzen duen kanpoko tentsioa dela eta. Nolanahi ere, ez ohi dugu ehun laxoa estimatzen. Badirudi laxotasuna ez datorrela bat ohikoenak diren ehunek berezko duten tentsio-, zabalpen- eta sendotasun-ideiarekin. Oso gutxitan iruditzen zaigu onargarria ehun korapilatua, okerra, izkinaren bat lasai duena, solte dagoena edo lurrean nahasian bilduta dena. Baina edozein ehun egon daiteke egoera horietan. Are gehiago, ehun baten laxotasunak tentsiorik gabeko erresistentzia-egoera erakutsi dezake. Beti tenkatuta dagoenaren erregimenarekiko egoskorkeria.
Bada laxotasun polita erakusketako bideoetako batean[6]. Kamerak kalea edo galtzada-harriak enkoadratzen ditu, enkoadraketatik kanpo den norbaitek lur horretara zinta zuriak —eta batzuetan beltzak— botatzen dituen bitartean. Moztutako bridak edo zartada bigunak balira bezala botatzen ditu, eta segundo batzuk igarota jaso egiten ditu berriro botatzeko. Gelditasun-segundo horietan zintarekin bilbe gorabeheratsuak marrazten dira lurrean. Beste batzuetan, zinta lurretik arrastaka eramaten dute, enkoadraketa finko eta nahiko itxian. Enkoadraketa finkoan nabaria da grabatzen ari den pertsonaren esku-dardara, eta bideoan zintaren manipulazioak eragiten du mugimendua. Mugimenduak egituratzen du bideoa, baina beti enkoadraketatik kanpo den gorputzaren mugimenduak. Enkoadraketa (lurra) joko-zelaia da eta materialak hartzeko gunea.
Era berean, artistak berak parkean zehar egiten duen bisita gidatuan, nabaria da gorputzak kanporantz —erakusketa-aretotik kanporantz—egiten duen mugimendua. Koreografiaren testuingurutik datorren artistak lorategiaren inguruan gidatzen gaitu, gure arreta paisaia pertsonal eta anekdotikoan zehar bideratzen du, parkearen espazio berberean. Kasu horretan, gu, publikoa, zinta lasaia gara, kanpoko espaziora jaurtitako zinta.
Plastikoak?
Norbaiti entzun diot platano esaten ziela, nik bezala
Ez, hori alberjinia da
Niretzat platanoa da baina alberjinia da
Nik txori bat ikusi dut
Grazia egiten dit…
Nik txori bat eta platano bat ikusi ditut
Platanoa, eta apur bat gehiago begiratzen baduzu txoria dirudi… [7]
___________________________________________
[1] Maia Villot-ek.
[2] Esti Ibarrak.
[3] Horiek ere Estirenak.
[4] Gehienak Claudia Lorenzorenak dira.
[5] Kontzertua, Mikel A. Garcia & ensemble (Andrea Berbois Esti Ibarra Garazi Navas eta Fernando Ulzion).
[6] Bideoaren egilea Beatriz Setien da, eta, besteak beste, erakusketa-aretoa inguratzen duen parkean zehar bisita gidatua egitea proposatzen du.
[7] Inaugurazio-egunean egindako grabaketaren zati baten transkripzioa. Publikoko andre batzuen eta artistetako baten arteko elkarrizketa.