I.
Kobazulo baten itxurako giroan egindako erakusketan, barraskilo bat artelan bat hozkatzen ari da, gauez. Ez da alegoria baten hasiera, baizik eta egitate batena: kaltzio karbonatoak, paperari distira eta bolumena emateko erabiltzen den betegarriak, barraskiloa erakartzen du. Paperaren mineralak moluskuaren oskola osatzen du, eta artelana ertz bihurtzen da; bere zeinuak alde handiagoetatik atera daitezkeen atal soilak izango dira.
Gela hexagonalaren bestaldean, antzinako harri batzuen atzean, argi arinarekin distiratzen duen gainazal arrosa dago. Isla baten ordezkoa da, subjuntiboa den horretara joatera gonbidatzen gaituena, eta, beharbada, hori gu geu gara, ikusleak, barraskiloa, arkitektura, harriak…
Horrela hasten gara, hartu-emanez beteriko espazio hexagonalean. Toki hau baseliza, galeria eta duela 40 milioi urte Lurrak eztanda egin zuen lekua da aldi berean. Eraikina bi ibairen elkargunean dago, «baterakuntza magikoa», eta adierazleek bertan flotatu dezakete, bai eta urperatu ere. Sei aldeko gelaren erdigunean dauden hiru harriek egundoko triangelua osatzen dute; kapera bat da, beste beste kapera baten barruan dagoena, edo, hobe esanda, jatorrizko kapera. Eta gotorleku bikoitz horren barruan (basajaunek[1] eta agitazio geologikoak eraikitakoa) Done Mikelen estatuak ezpata du eskuan, eta egun gona deritzogun hori darama jantzita.
Done Mikelen atzean, harrien kontra jarrita, ukipen-pantaila bat dago, hainbat gizonen irudiekin. Ezin gara horra heldu, hortaz, zenbait gorputz-atal aztertzen ditugu: oina –edo oina dirudiena–, bular-punta, irribarrea. Irudiak, itzalekin lotura dutenak, gure eta argiaren arteko desioak dira. Alabaina, haiek harrapatzen hasi bezain pronto, gure ikuseremua hutsaldu egiten da.
II.
Ingeniariek diote hexagonoa dela naturaren formarik gustukoena. Bere egitura osoa ezin hobeto moldatzen da gainazal batera, tarterik utzi gabe. Hala, hexagonalak dira eztia biltzeko abaraskak, elur-malutak, liztorren habiak, Frantziako bainugela gehienetako baldosak, burruntziaren begiak, itsas gainazaleko burbuilak, Babeleko liburutegiko galeria amaigabeak edo Iraneko meskitetako oinarrizko geometria. Esan ohi da hexagonoaren eta sei zenbakiaren perfekzioaren barruan bateratzen direla unitatea, dualtasuna eta hirutasuna. Halaber, hexagonoak gogora ekartzen ditu «sei bertuteak, alegia, eskuzabaltasuna, autodiziplina, pazientzia, ausardia, zolitasuna eta errukitasuna»[2].
Baina, bere abantaila praktiko, mistiko eta etiko guztietatik, gure kaperan edo galerian jokoan dagoena, batik bat, da bere formak bihurtzeko gaitasuna.
Hexagonoa da ingeniari mekanikoen formarik gustukoena, torlojuak biratzeko duen gaitasuna dela eta; izan ere, azkoin hexagonalak hobeto estutzen dira giltzaren laguntzaz (edo, alderantziz, agian azkoin hexagonala da tresnak ondoen eusten duena). Hexagonoa puntu perfektua da ixte poligonalen munduan. Sei alde baino gehiago dituztenen ertzak biribildu egiten dira, eta, beraz, erraz irristatzen. Sei alde baino gutxiagoko poligonoek, berriz, denbora luzeagoa behar dute biratzeko, eta eusteko angelu gutxi dituzte.
III.
Hurbilketa. Heltzea. Tortsioa.
Ikus dezagun orain alegoria baten bidez.
Demagun hiru dantzari daudela gela batean.
Lehenak, iraganeko mugimenduak soilik egiten ditu. Bere gorputza korrika dabil oroimen pertsonal eta kulturalen, antzinako erritmoen, sekuentzien eta keinuen atzetik; hortaz, historia bat kontatzen du, eta, bere izaera dela eta, zalantza egiten, faltsutzen, baztertzen, berrantolatzen, berreraikitzen eta distortsionatzen du.
Bigarren dantzaria orainean mugitzen da, edo, hobe esanda, oraina imitatzen saiatzen da. Bere mugimenduek gainezarpenak zatikatzen dituzte: keinu bat egiten hasi bezain pronto, hurrengoa hasten da, berriro.
Gelan dagoen hirugarren dantzariak, irakurleak segur aski igarri duen bezala, etorkizuneko mugimenduak egiten ditu. Bere keinuak espazioan proiektatzen dira. Dantza horretan, mugimenduak ikusten ditugu, baina oraindik ezin ditugu guztiz ikusi edo ulertu. Alabaina, mugimenduen planoak hauteman ditzakegu. Hirugarren dantza hori, hortaz, transmisio bat da, dantzariaren gorputzetik gurera. Iragarpen baten dardarak dira.
Hemen, gure gela hexagonalean, hiru dantzariek denboraldi hirukoitzean antzezten dute. Agian bals deitu ahal diogu. Dantzariak biraka dantzatzen dira, arkitektura eta batak bestea baliatuz:
Dantzari bakarlarientzat, tortsioa lurrean aplikatzen da, oinen bidez; bakoitzak albo baterantz bultzatzen du. Bikoteka dantzatzen denean, oinek eta lurrak eginkizun hori dute oraindik, baina tortsioa dantzariek aplikatzen dute haien artean… Badirudi dantzariek desafio egiten diotela grabitateari, ez haren kontra eginez, baizik eta bere arauak menderatuz eta haien ezagutza erabiliz biratzeko gaitasunaren legeak, pisua, abiadura, distantzia eta forma zorroztasunez aplikatzeko[3].
Jakina, artistak dantzariak dira; lurra, berriz, hormak, mahaiak, apalak, teilatu-hegalak, harriak eta gure pertzepzioa. Galeriaren alde honetan, beharbada, «hexagonoaren sei aldeak norabideak ere badira, hau da, aurrera, atzera, eskuinera, ezkerrera, gora eta behera»[4].
IV.
Buelta gaitezen gertakarietara. Egungo gertakarietara. Erakusketa bisitatu zuen barraskiloaren digestio-hodia mamiz beterik dago. Beti bezain motel mugitzen da, agian gorputz barruan duenaren eta kanpoan dagoenaren arteko desberdintasunaz jabetu gabe. Bere gainetik argia sartzen da, leihotik. Kanpotik sartzen den argiari gehitu behar zaio horman proiektatzen dena, hori ere kanpotik etorriko balitz bezala. Argi eta proiekzio gainezarpen horretan, mugitzen ari diren hostoak ikusi ahal dira, bai eta horien itzalak ere. Leihotik begiratzen egongo bagina eta kanpoan dagoena gugan islatuko balitz bezala. Agian proiekzioak erakusten digu hormarik egongo ez balitz une horretan ikusiko genukeena; edo baliteke izatea hormak bere lekutik ikusten duenaren transposizioa. Edonola ere, gure helmenean ez dagoen ikuspegi batetik ikusten ari gara antzerkia.
Gela hexagonalean, antzinako harrien atzean (leihotik sartzen den argitasunetik ezkutatuta), mahai bat dago, eta Maria Magdalenaren estatua horra begira. Mahai gainean lau margolan daude sakabanatuta, tarot kartak bailiran. Maria Magdalena margolanei begira dago, eskuan egun kikara deritzogun hori duela. Nola interpretatu ahal dugu mahai/aldare berezi hori? Edo, hobe esanda, zein da santuak ikusten duen eta guk ikusi ezin dugun etorkizuna? Gorria, berdea, marroia, beltza, urdina, horia… Horiek bai, ikusten ditugu. Denak ere tonu misto baina zehatzetan. Gordelekuak ikus ditzakegu, edo horien antza duen zerbait; landareak, puntak eta kiribilak; azpiko edo barruko munduak, eta forma estralurtarrak. Baina, margolanak deszifratzen hasten garenean, zerbait gure begien bistatik ezkutatuta dagoelako susmoa dugu…
V.
Gogora dezagun Maria Magdalenaren historia ez zela idatzi denbora errealean. Bere historia, beste askorena bezala, lekukoen testigantzatik abiatuta idatzi zen, eta memoria horiek estrategikoki lausotu eta konbinatu zituzten gertakariak, nahi eran identifikatuz, ezabatuz eta aldatuz. Hala, kontenplaziozko bizitzaren ugazaba hau etxean sentitzen da galeriako espazio subjuntiboan. Erakusketa ikustera gerturatzen diren pertsonak erromes arrotzak bezalakoak dira, jakintza eta azalpen eske, beti aldakorrak direnak.
Maria Magdalenaren atzean, alboan dagoen hormari jarraituz, eguneroko zenbait irudi daude; horien xehetasunak ez dira ia ikusten. Gutxitan gogoratzen diren keinuak dira, eta horiei lotutako afektua. Guri dagokigu erabakitzea hutsuneak betetzea eta nola egin. Hau da, irudiek gonbidatu egiten gaituzte gure esanahi eta sentimenduak irudietan proiektatzera; edo, bestela, gure nebulosa grisetan geratu ahal gara, noraezean.
VI.
Alegorian, zenbaitek parte-hartzea sustatzeko aldarrikapena ikusten dute. Beste batzuek, berriz, diote alegoria interpretazioaren prozesua bera dela. Bi kasuetan ere, alegoria modernizazio-prozesutzat hartu ahal da , «zerbait moderno bihurtu zuen, bihurtzen duen edo moderno mantentzen duena, etengabe berrinterpretatzeko ahalmena duen iragana»[5].
Erakusketara heldu aurretik, hego-mendebaldetik etorritako bisitariek erromesen seinaleak jarraitu zituzten, baselizaraino. Ondoren, otoitz-banderekin, ikuskizunaren izenburua iragartzen zutenekin, apaindutako zubitik igaro ziren; hala, bisitariei jakinarazi edo ohartarazi zitzaien bisitatzear zeuden espazioan edozer bihurtu zitekeela beste edozein gauza.
Galeriako barraskiloak materia bereganatu, birmoldatu eta berarentzako oskol bihurtu zuen. Bere digestio-hodiak 180 gradu biratu zuen gorputz barruan; hala, lortu zuen hondakin guztiak iraiztea[6]. Bestalde, gela hexagonalak bere angeluak aprobetxatu zituen biratzeko eta espazioaren barruko tentsioekin jolasteko, eta artistek tortsio hori baliatu zuten mugimendurako eta esploraziorako bide berriak irekitzeko. Ikusleek, adi-adi, ikuspegi gainjarriak, artifizio pertsonalak, etenak, hausnarketak eta interpretatzeko modu amaigabeak gehitu zituzten. Kapera barruko harrizko kapera irmo mantendu zen; hala, gogorarazten digu aurretik zegoenaren gainean bakarrik eraiki ahal dugula.
Bisitariak galeriatik irteten zeudela, gizon batek mantra bitxia bota zuen bizikletaren gainean zegoela: «Ez dago inor, ez dago ezer!»[7]. Beharbada, ohartarazpena zen, gogorarazteko «alegorian muturra sartzen ez badugu, alegoria ere ez dela gure aurka arituko»[8].
[1] Ikusi: Jose Migel Barandiaran, Mitología vasca (Madril: Minotauro,
1960) 75-76. orr.
[2] Monir Shahroudy Farmanfarmaian-ek esan zuen Hans Ulrich Obrist-ekin egindako elkarrizketa batean. Ikusi: Hans Ulrich Obrist, Lives of the Artists, Lives of the Architects (New York: Penguin Design, 2015) Penguin Books Ltd. Kindle Edition, 279.
[3] Emanuel A. Schegloff, “Body Torque,” Social Research, 65. liburukia, 3. zenbakia, (Baltimore: The Johns Hopkins University Press 1998), 535-596. orr.
[4] Monir Shahroudy Farmanfarmaian-ek esan zuen Hans Ulrich Obrist-ekin egindako elkarrizketa batean. Ikusi: Hans Ulrich Obrist, Lives of the Artists, Lives of the Architects (New York: Penguin Design, 2015) Penguin Books Ltd. Kindle Edition, 279.
[5] Morton W. Bloomfield, “Allegory as Interpretation,” New Literary History, 3. liburukia, 2. zenbakia (Baltimore: The Johns Hopkins University Press, 1972), 302.
[6] Robert D. Barnes, Invertebrate Zoology (Philadelphia, PA: Holt-Saunders International, 1982) 348-364. orr.
[7] There is nobody, there is nothing.
[8] Morton W. Bloomfield quoting William Hazlitt. ibid, 310.