harriak: “profeten kabitu ezina, no hay tierra para tanto profeta”, ekintza eta topaketa eguna

profeten kabitu ezina: bete gabeko profezia baten giro-collagea / collage ambiental de una profecía incumplida

Nerea Ibarzabal Salegi

plaza

Hamaiketarako ordu laurden falta dela heldu naiz. Ez da komeni halakoetara justuegi heltzea. Gogorra litzateke apur bat berandutu eta iturri aurreko bankuan jesarri ohi diren agureetakoren batek esatea: “Ointxe dala bost minitxu pasau da! Bete da profezixie, errebelaziñoie, dana dalakuoi, zu barik! Bai, bai, ointxe bertan izen da, izar uxue, meteoritue. Zorixonez, hamen egon gazen danok aitxu dogu zein dan bizixan zentzune. Lastimie da, gero, zuk entzun ez izena, hain gaztie izenda, eta gu, barretz, hain zaharrak. Zuri gehixa balixo izengo leutsuke oin guk dakigunek, baina, tire. Zer eingotzeu, ba?”. Baina pareko bankuan ez da inor jesarri, eskerrak. Plaza huts-hutsik dago oraindik, abuztuko asteburu bati zor zaion isiltasuna aditzen da urrutitik. Umeek beste norabait eraman dute haien jolasen zalaparta, gure herria mututu ahala beteko ziren kostako herri epelagoak soinuz eta garrasiz. Haritz biren azpian dagoen eserlekuan jesarri naiz hamaiketako kanpaiei itxaroteko. Ezkur erori berriek estaltzen dute lurra, eta txoriak baino ez dira entzuten oraintxe. Txori bi, txandaka. Okina plazaraino sartu da furgonetarekin. Garai batean kotxeen aparkaleku bilakatzen zen orain hain zabala eta hutsa den plaza hau, eta garai are aspaldikoagoren batean hementxe zegoen hiribildurako sarrera nagusietako bat ere, Goiko Portala, Erdi Aroan hesituta baitzegoen Markina, nahiz eta dagoeneko ez dagoen, ez behintzat harriz, bai, agian, bestelako taket eta erromara ikusezinez, herri guztiak bezala. Beti du prezio bat hiribilduan sartzeak.

Hamar minutu falta dira hamaiketarako. Berunezko zeruak ez du saretu nahi.

Iturriaren pareko eraikin horian emakume bat balkoira irten da pijama gorria jantzita. Errepideari begira dago, esnatu berriaren abstrakzioan kateatuta. Eraikin horiko balkoi eta leiho denetan ipini dituzte lore arrosa fuksia berberak, pisuz pisu; ez, ordea, emakume horrenean. Berak lore gorriak aukeratu ditu, pijamarekin bat egiten dutenak. Irudikatu dut bertako bizilagunen hileroko bilera, denak portalean eta etxeko zapatiletan, balkoietarako lorerik ederrenen alde bozkatzen, haien horma horia gehien nabarmenduko duten petaloen inguruan eztabaidatzen, denak konforme samarrik arrosa fuksiaren bizitasunarekin, eta bat-batean, emakume hau komunitate osoaren kontra altxatzen bere landare gorria airean astinduz. Maite dut horregatik, defendatzeagatik edertasuna konplexuagoa eta handiagoa dela ordena edo simetria baino. Edo beharbada ingurukoak izorratzearren egingo zuen, ez besterik, baina maite dut horregatik ere, akaso gehiago. Dendek zabalik eusten diote zapatu goizari, nahiz eta ia ez dabilen inor turroi bigunez egindakoa dirudien alde zahar honetan. Kioskoa ere zabalik dago, “Prensa” dioten letra ia fosilduak kristalean itsatsita. Horko erakusleihora begiratuta neur daitezke plazako eguzki orduak, aldizkariei bi egunetan joaten baitzaie kolorea (edo 2003ko aldizkariak dira, bestela), edozein paper bilakatzen da hor urdin eta berde argi, uda eder baten amaierako tristura guztia xurgatu izan balute bezala.

Eta hemen ez dator inor, ez profeta, ez asteroide, nahiz eta bost minutu baino ez diren falta adostutako ordurako.

Oraingoz haritzek babesten naute euri gurmatik. Haizeak betiko zurrunbiloa sortu du betiko lekuan, plazaren erdi-erdian, eta hostoak kalejiran ipini ditu, aspaldiko mamuren batzuk elkartu izan balira bezala Karmen eguneko biribilketan. Andrazko batek beste bat agurtu du aterkia zabaldu bitartean, “ointxe egon naz kandelatxu bat pizten elixan, eta banoie”, ez zaie askorik ulertzen, musukoz, aterkiz eta erosketetako karroz egindako bunkerra altxatu baitute bien inguruan.

Txori biek lehen baino ozenago ekin diote kantuari, euriaz kexu, ez balekite bezala lumen gainean koipe iragazgaitz bat daukatela.

Ohartu naizenerako, txakur beltz eta bakarti bat iritsi da nire hanken parera. Erdizka usnatu nau, eta jarraian txiza egin dio haritzaren enborrari. Hauxe izango da seinalea, hiru minutu hamaiketarako, eta txakur hau nigana, gaurik luzeena bezain iluna, munduaren azken gaua bezain beltza eta hotza. Ukitu nahi izan dudanean, alde egin dit. Udaletxe ostetik txistu jo dio bere jabeak, eta lasterka abiatu da haren besoetara. Txakur-jabeak beste bi lagun agurtu ditu. Hauek ere eguraldiari buruz ari dira, txoriak bezala: “Ni gustora na honako giruaz. Iluntzien pasietako ta… / Ta ondo lo eitxeko! / Baina zozertxu epelduko baleu be, eskertu”. Jendeak pausoa bizkortu du euria ugaritu ahala. Ezkur bat erori da nire eserlekura. Iturriko ura entzuten da harriaren kontra apurtzen.

Norbere herriko plazan idaztea debekatuta dagoela uste dut, euripean zeresanik ez, XV. mendeko Bizkaiko foruek galaraziko zuten ziurrenik, jende onaren duintasuna babestearren.

Hamaikak jotzear, euri gurma zena euria da orain. Bankutik altxatu naiz, neuk erabaki izan banu bezala eta ez mela-mela eginda nagoelako, eliza aurreko aterpe estuegian babesteko. Hiru eskela daude hormari josita, eta familia bat haiei begira. “Ainhoan aitxitxe”, azaldu dio semeak amari, atzamarra paper gainean jarrita, eta lagun baten amamaz oroitu naiz, urtero-urtero ile-apaindegitik pasatu eta berehala argazki-dendara joaten zenaz badaezpadako eskelarako argazkia ateratzera. Guapa-guapa hil zen, argazkirik onena egin zioten urtean hil behar baitzuen derrigor.

Hamaikak. Orain bai. Zain nago.

  1. Kanpai
  2. hotsak
  3. herriko
  4. teilatuen
  5. gainak
  6. urratu
  7. ditu
  8. bele
  9. baten
  10. karrankarekin
  11. batera

Norbaitek botila bat jaurti du beiraren kontainerrera.

Gero isiltasuna.

Eskelak irakurtzen ari den familiari begiratu diot. “Zuek al zarete seinalea?”, galdetu nahi nieke, baina ausartzen ez. “Txakurra ez bazen, nor zen?”, galdetu nahi nieke, “Nortzuk dira eskeletako aurpegi hauek, zergatik gaude haiei begira, ez bagara haien senideak kontsolatzera joango?”. Hemen ez dago beste inor, herritar bakan batzuk baino ez, euren gorputz eta aterkiekin etxeen hormak laztantzen, turroizko lurra ez zapaltzera jolasten ariko bagina bezala.

Itxaron. Eguzki izpi bat al da hau, lainoen artetik datorrena, bizar-orri batek bezala ebaki duena zeruko masa busti hori?

Ezta ere.

 

iderraga / erdotza

Herrian gora abiatu naiz, haurtzaroaz geroztik zapaltzen ez nituen auzo eta espaloietatik. Umeena da herriaren benetako luze-zabala, eurek baino ez dakite non ezkutatu jolasteko, non ezkutatu edateko, non ezkutatu elkarri kuleroak jaisteko lehenengo biderrez. Txikitako lagunen auzoak eta etxeak irteten dira bidera lapurrak bezala, gaztelu abandonatuak, oroitzapenen amaraun lodiak zintzilik dituztela, elkarren etxeetan jandako merienda guztiak, mortadela, nocilla, pate, milaka ogitarteko izango lirateke ilaran ipiniz gero, haien alfonbrak oroitzen ditut, haien izaren usaina, etxe bakoitzeko bideojokoak, baina jada ez dugu umeen janik jaten, ez elkarren egongelarik zapaltzen, jada hil dira merienda haiek prestatzen zituzten guraso batzuk.

Platanondo bat, platanondo bi, hiru platanondo.

Ile-apaindegi honetan ia behatz lodia galdu nuen burdinazko ateak harrapatuta. Etxe horiko lore arrosa fuksia berberak dauzkate sarreran. Eta hau baldin bada seinalea? Lore fuksia hauek. Herriko azken eraikinen leihoak behatu ditut lore bila. Han ere badaude.

Eta hor ere bai.                         Eta hango leiho hartan.

Eta nire handitako lagun baten etxean.
[Jonoo, galdera raro bat. Bakizu ze lora dizen zuen baserriko atian gaiñin dauezenak? Rosa fuksiak. / Petuniak / Eskerrik asko / Erosi nahizuz ala? / Ez, kronika moduko bat idazten nabil pasiun noiela / Oso ondo].

 

harrobia

Kamioi bat dator aldapan behera, apeak nonbaiten hustuta. Asteguna balitz, askoz kamioi gehiago ibiliko lirateke bideotan, harrobira joan-etorrika. Conservas Dentici. La marquinesa. A, ez, marquesina. A, ez, marquinesa. Hemen hasten da haginkatutako gure mendia, gure paisaia eta meteorologia baldintzatu dituena, umetan herri osoan BRRUUMM bat entzuten zenetan beti galdetzen genuelako “trumoie edo kanterie?”. Tximistaren zain geratzen ginen, bi fenomenoen artean bat aukeratzeko.

Fin dabil haizea. Meabera bideko kamino ondoko lizarrek dar-dar egiten dute lizarrek baino ez dakiten moduan.

 

Eta harrizko
hormetan
behera,
malkoak.

Ez dut uste harria gauza lehorra eta itxia denik, Szymborskak bere poema batean esan bezala [ harri baten atea jotzen dut: ni naiz, utz iezadazu sartzen, begiratu bat eman nahi dut zure barruan, arnastu egin nahi zaitut / Alde -dio harriak- hermetikoki itxita nago. Puskatuta ere, puska itxia nintzateke. Haustuta ere, hauts itxia nintzateke. ] Hemengo harria negartia begitantzen zait, amore emandakoa, irekia, hildako baten ahoa bezala. Hondeamakinek tripetatik heldu diote mendiari, palakadaka hustu eta marmol blokeak hortik zehar barreiatzeko, oro har leku normal samarretan amaitzeko, parkeetako hormetan, txaletetan, baina inoiz edo behin iritsi izan dira Kairoko Errege Jauregiaren korridoreetara, Empire State Building-eko hall-era, NBEren egoitzara, edo Prada denden xake-taula tankerako zorura, eta horrek emango zion dirua harrobi honi eta El Correori albiste bat egiteko beste mami. Noizbait mendi-oskol bat geratuko da gure herriaren atzean, eta barruan kontzertu baterako oihartzun optimoa izango dugu 37 minutuz edo, oskola behin betirako erori aurretik. Power Rangersen eszena bateko paisaiaren traza du honek, edo Star Warsekoa, harriaren erresuma, dragoi bat biziko da horma hauen atzean. Itsas-moiletako kubo erraldoiak ere hemen jaiotzen dira, eta belarrak asmatzen du oraindik zelan hazi harriaren gainik irregularrenetan, ez, ordea, marra zuzenen gainean.

 

Harrizko kubo batean mezu bat spray gorriz,
Kantera gehiago
EZ.

 

Harriak erantzungo lioke,
Badakit hainbeste.

 

Itxita daude harrobiaren sarrerako ateak, eta kamerak niri begira. Hemen inor ez da ari marmolari kantatzen, edo agian bai, non daude musikari ikusezinak trumoizko instrumentuekin, marmola hunkituta sumatzen dudalako oraindik, negar eta negar.

 

uhagon

Beharbada harriek negar egiten dute ezin direlako usteldu. Ezin dutelako bizitza askatu eta lasai amildu materia organikoen abiadura geldiezinean. Harriek itxaron egin behar diote higadurari, haizeari, urari, harrobiko hari diamantatuei, haien parean gauetik egunera eta lotsagabeki desegiten diren bitartean hildako txoriak, kotxeek zapaldutako sugeak eta arboletatik jausitako sagarrak. “Ustela da ziklo baten parte, ez?”, esan dit Mikelek. “Atzera ere sortzen da hortik zer edo zer. Beti loratzen ari den gure aldea erakusteak ez nau konbentzitzen”. Lurrera erori den irudi bat berriro hormara itsasten ari da Uhagongo erakusketa-gelan. Profeziaren zati bat bete da berarekin. Iragarritako orduan eta tokian dago Mikele Sotil Etxabe, begiak galipota bezain bero eta distiratsu, eta ni bigundu eta nasaitu egin naiz, bere koadroetako izaki aldakorrak bezala. Berak “munstrotxoak” deitzen die. “Askotan pentsatzen dut psikoanalisia egin beharko nukeela”, dio, zauriek erakartzen dutelako Mikele, gordintasunak, organikotasunak. Bere neba bikia bizikletatik erortzen zen aldiro, haren urratuak eta beltzuneak erretratatzen zituen. “Nik nire nebaren mina sentitzen nuen, baina zerbait estetikoa ere bazegoen hor. (…) Foucaultek aipatzen duen haptikotasuna: plazer optikoa eta sentsoriala batzen direnean”.

 

Eta bere irudiek ondo harrapatu dute okelaren anabasa hori. Hor daude Gabonetako arrain zopa egiteko erabilitako legatz buru hondarrak, hor daude ebakiak, koipea, tendoiak, ezkatak, bodegoi lizunduak, bakoitzak irudikatu nahi dituen deskonposaketa posible guztiak. Diziplina anitzak darabiltza, argazkia, pintura zein joskintza, elkarrizketan jartzen dituenak, eta elkarri zer esaten dioten galdetuta, “denek gogo bati erantzuten diote”, dio. “Denen arteko harremanak elikatzen du nire mundua”.

 

Pinturak olioz margotzen ditu, gainazal porotsuetan. “Olioak berak daukan biguntasun hori asko gustatzen zait. Ukitzeko gogoa ematen dizun hori. Olioa normalean agoarrasarekin erabiltzen da, baina nik batere barik. Kostatu dadila. Maisu batek beti esaten zidan: ‘Orraztu egin behar da olioa. Eman egin behar zaio’.”

 

Mikeleren kabitu ezina keinu batekin laburbildu daiteke, eta berak ere horrelaxe azaltzen die lagunei bere plazeraren muina:

 

[behatz mamiak elkarren kontra igurzten ditu, basatza edo plastilina edo lubrifikatzaileren bat ukitzen ariko balitz bezala]

 

Erakusketa gelaren azken horman pintzel ukiturik bako argazkiak dauzka zintzilikatuta, bere etxe inguruan egindakoak. Siestan harrapatutako txakurraren eta lehengusinaren hankak mantapean korapilatuta. Petalo arrosak esku ahurraren barruan. Betibizi bat zimeltzen hasita. Pinturako master amaierako lanean aurkeztu zituen argazkiok, halakoxe malgua delako Mikele. Ideia finkoek ez diote plazerik eragiten. “Berrogeialdian izan zen, eta ez nengoen emankor. Argazkigintzan sentitzen nintzen erosoen. Irakasleak bultzatu ninduen. Hark esaten zidan: ‘Mikele, zer da pintura? Eta zer da argazkia?’. Eta egia da, zer da artea? Orain diziplina denak hain sailkatuta daude… baina niri horrela irten zitzaidan”. Ama lore zalea du, eta haren lorategiko bizidunek inspiratu zituzten argazkietako asko. Elkarrizketa bat izan zuen amarekin, hari-mutur bat eman ziona tiraka hasteko:

 

[Ama, zegaitxik gustetan jatsuz hainbeste lorak? / Ba, beti dizelako diferentik.]

 

“Zer pentsatua eman zidan nire pinturei buruz. Maisu askok esan izan didate: ‘Irten zure mundutik, beti ustela, ustela…’, baina behin beste batek esaten zidan: ‘Ez. Erori errepikapenean. Jausten bazara, zerbaitegatik da, zerbait ez duzu deskubritu’. Amarekin lotzen nuen. Urtero daude lore berdinak gure etxean, baina ez dira berdinak”.

 

Zinemako diseinu eta jantzien masterra ere amaitu du, eta han garatutako proiektua ere erakusgai egongo da gela honetan. Bere koadroetako munstrotxo horietako bat zinemako pertsonaia bihurtu du Mikelek; neurri handira ekarri eta oihaletan katramilatu du, tripaki koloreko parpaila eta bolanteekin. Josteak baretu egiten du, umetatik josi izan baitu amarekin, eta amama ere oso abila omen du horretan. “Zinemak txunditu egin nau. Zenbat lan egiten diren jantzigintzatik, pertsonaia bati buruz zenbat esan dezakeen bere janzkerak… Jostea da zaintzea, lotzea”. Galdetu diot ea zaurien kontrapuntu moduko bat izan daitekeen jostearena, baretze edo ixte bat. Baietz dio. “Koadroetan ere ageri da oihalen sentsazioa”, eta pinturako masterreko bere lan kuttunaren aurrera eraman nau, estreinakoz urdin tonuak erabiliz margotutakoa, izaki txiki, likits, boteretsu, santu, sexual eta erakargarri bat. Haretxi begira geratu gara biok. “Imajinatu eternoak bagina”, esan dit. “Ez litzaidake gustatuko”, jarraitu du. “Ez zen egongo aldatzeko gogorik. Heriotzak beldurra ematen dit, baina lasaitasuna ere bai”.

 

 kartzela zaharra

 

[Arretxiña zoiezela, harrizko etxe bat da, ta hantxe egoten zan kartzelie. / Gixonana, andrana…? / Danena. Goixen kuartuek daz. Nik ezautute dauket hori te, jatekue eruta jutegiñen. Baina sekulo politikiegaitxik eztot… eh… Akordetan naz batena jueten nintzena, baina harek famelixie eukiban da… eztakipa nik, jaixo zanien hil edo zer… Kuestiñoie, kartzela ekarriben. Ta haretxi jateku eruta. Kartzeleruk egotezien ta haretxi emoten geuntzen.] Mari Carmen Azkune Arrate

 

Norbere herria izan daiteke deskonposatze bidean doan materia organiko bat, usain sarkor bezain gozo bat dariona, ukitu nahiko zenukeelako higuintzen zaituena, eta alderantziz, baina Mikelek esan dit beretzat gureak bezalako herriak kutxa formakoak direla. Horrexetan pentsatuz iritsi naiz kartzela zaharraren aurreko espaloira, ohera itzuli nahi duen profeta umilduaren pausoan. Eraikinaren leihoak zorrotzak dira; kristal batzuk hautsita daude. Zelaian arrosa ahul samar bat, eguzki gosez, eta intxaurrondo bat harantzago. Petuniarik ez. Etxe-tarte desordenatu baten erdian harrapatuta geratu da kartzela izandakoa, eta nire buruan ere desordenatua da gune hau. Salamancan dagoen lagunaz oroitu naiz. [Nieto, galdera bat, zu kartzela zaharrin bizi izen ziñen umetan, ezta? Edo neuk asmauot? / Baai, hantxe bizi izen nintzen, ta kriston ondo. Bost urtera arte edo egon ginen han bizitzen. Markiña bueltetan nazenero juten na hara, patixuk-eta ikusta, eta erakusketan bat zabaltzen dabenin be bai. Nire aitxek hango arbola bat landatuban gaiña, ni jaixo nintzenin!]

 

Gaur dena da habia huts bat. [  ]

 

Burdinazko ate txikia zabalik dago. Atariraino sartu naiz, nahiz eta badakidan ez dudala inor aurkituko. Bakean nago, hala ere. Nekazal bulegoko kristaletatik begiratu dut barrualdera. Hutsik. Osabarekin etorri izan nintzen aspaldi [“Agraria jun bigu”], eta ia beti haserre irteten zen bertatik. Koordenadak ez dira aski leku batzuetara iristeko, leku bat leku asko izan daitezke. Profeziak herria zehaztu zuen, baina ez herriaren zein geruza.