mala xena nunca muere

xena2

Jesús Arpal Moya (Jesús Jeletón)

There is a word for rebirth
But it connotes the aftermath

of a sticky death. A body is bound
so it sinks when it drowns

I am unsure that I have enough names
to be something other than what I am

Stillbirth, Yemoja
Logan February

Irailak 20, ekinokzioa.
Eguneko orakulua: Iraunkortasuna, egoteko ekintza.

 Zirkulua hain handia egin da ezen lerro zuzena den. Jarraitutasuna edo aldaketa, nola begiratzen zaion. Harrien gogortasuna eta hauskortasuna. Bi  hilean behin, sugeak bere azala aldatzen du.

 Erakusketa okupazio- eta desokupazio-prozesu1 gisa ikusten dut; baina, orain pentsatzen badut, beti ez da hurrenkera horretan gertatzen. Norbaitek  testu hau idatzi behar zuen eta markoa2 mila zatitan apurtu da. Testua bertan behar utzitako erakusketa bati buruzkoa zen. Xena Harriak Balmasedan izan zen eta orain Harriak Arrasate-Mondragonen izango da berriro, beste bat izan ordez. Ari ginen horretara itzulita, norbaitek beste testu bat idatzi behar zuen, eta hemen nago ni beste testu bat idazten beste erakusketa baterako. Hutsean3 itsasoratu diren aldeak. Huts horri lagundu. Ez estali, seinalatu4. Espero dut zuri desira hori kutsatzea. Bitartean, Susanari irakurtzen diot presaka ireki dugula Xena erakusketan beste aukera batzuetara irekita geratu zen hori.

Zehazki, praktika bateratu bat.

 Nire nosotres-xenak5 aitzinsolasak alde batera utzi eta Xenaz, printzesa gerlariaz, idaztea eskatzen du; hau da, ipuinera itzultzea:

XenaGabrielleArgoAmbar (fanfiction 2)6

 XenaGabrielleArgoAmbar naiz, harreman bat naiz7. Gaur goizean udazkena hasi da, eta hiribildu mugitu batera iritsi naiz; ni ere bidaiaria naiz, eta kaleak eta kristalezko kuboak daude, eta haietan ibiltzen naiz.  Deigarria naiz, askotan gertatzen da, pixka batean denen bistatik kentzea erabakitzen dut. Kuxkuxeatzen ari naizela, irekita dagoen eraikin batean sartzen naiz pauso txikiz eta motelez; ez naiz inoiz bertan izan. Barrualdea lasaiago dago, zerbait gertatu dela sumatzen dut, oraindik ere beldurra edo lilura edo gorrotoa sortzen duen zerbait. Sarrerak igeltsu eta harrizko patio batera ematen du. Patioa arkupeak eta klaustroa dituen plaza ere bada, lanparak itzalita eta argi naturala dituen plaza. Patioaren erdian, lurrean eserita, sei pertsonako talde bat dago. Liburu bat ozen irakurtzen ari dira; irakurritakoa komentatu eta eztabaidatzen dute. Ez dira nitaz ohartzen. Eraikin komunitarioa izango da; eskola edo tenplua baino, liburutegi bat.

Are isilagoa izaten saiatzen naiz. Behorrentzat oso leunduta dagoen harri grisezko zoru honetan ibiltzea oso ekintza zaila da; oso soinu ederra egiten du. Desbideratu egiten dut nire ibilbidea, erdirantz bainindoan, eta erdiko talde horren inguruko zirkulua egiten dut, baina kanporantz begira, eraikina miresten arituko banintz bezala. Gutako batek8, Gabriellek, badaki irakurtzen eta soslai begiratzen du taldeko hainbatek eskuetan duten liburuaren izenburua. Azalean “Beloved” jartzen du; ezagutzen dut, ni ere istorioen narratzailea naiz eta hori istorio garrantzitsuenetako bat da, batik bat gaur hasi den udazkenerako. Beste arrazoi bat haiek ez gogaitzeko.

Sast! Tximista baten antzera eta nondik datorren ez dakigula, txakur txiki eme gris bat sartu da, gezi baten modura leku guztietan korrika eta zaunkaka. Patioan oihartzun handia dago. Hain izaki txikiak izugarrizko zarta egin eta egoera osoa hankaz gora jartzen du. Bere azkazal txikiak errepika bizian ari dira zoruko harri leunduan eta hain korrika dabil norabide guztietara, non boteka dabilela ematen duen. Behorrek ezagutzen dute txakur txikia, aurretik ere ikusi izan dute, beste hiribildu batean, eta samur begiratzen diote. Kanpotik deitzen dion ahots bat entzuten da: Xena! Barrez eta oihuka berriro dio: Xena, etorri!”. Txakur txikia ziztu bizian atera da, sartu zen bezalaxe.

Irakurketa-taldeko kideek begiratu egiten digute, begiratu egiten diegu, esperientzia bat bizi izan dugu elkarrekin eta orain begietara begiratu diezaiokegu elkarri. Zalaparta amaitzen denean, ez dirudi gu han egoteak gogaitzen dituenik, eta euren zereginera itzultzen dira. Orduan baino ez gara ohartzen lehendik zegoen soinu batez: kolpetxo erritmiko batzuk, kox! kox! Ikusten ez den puntu batean soka beltzez lotutako kutxatxo beltz batzuetatik ateratzen da soinua. Kutxatxoak zoru grisean daude jarrita, modu bitxi batean, eta ez dakit zeri erantzuten dion. Erdiko taldearen inguruan, beste objektu beltz batzuk daude, arropa distiratsuko fardel handiak, eta bi zutaberen artean irudiak dituzten oihalak tolestuta. Irudiek ezagutzen dudan beste irudi baten zatiak ikusten uzten didate, beste printzesa gerlari baten omenezko erretratua. Gero, gu gauden korridorean, beste irudipen flotatzaile eta irudi batzuk daudela ikusten dut. Irekigune bat bilatu eta korridorean sartzen naiz. Airean dabilen oihal luze batean irudipenak ikusten ditut, pilota baten ametsak balira bezala, pilota-joko baten ametsak balira bezala, kutxetako kolpetxoekin bat datozenak. Uste dut hau lehendik ere amestu dudala. Sast! Hanka luzeak eta ile-piloten bola itxurako gorputza duen hegazti  baten figura txiki bat. Figura horretatik ateratzen da oihala, benda bat bezain tenk eta mehe, eta sabairantz igotzen da, irudipenak erakusten ditu eta leihotik egiten du ihes. Azerikeriaz, oihalak sabairantz begirarazi dit, eta bertan, paseoan nabilen heinean, irudiak ikusten ditut. Orain sotilagoak dira irudiak, ganga zuriaren gainean puntu eskarlataz eginiko lerroak baino ez. Ikusmena finduz gero, puntu gorriak irregularrak dira; paperezko malutatxo gorriak, eta aurretik inoiz ikusi gabe nuen zerbait: hormetan ezpainetako margoz markatutako muxuak. Lerroek behorren siluetak osatzen dituzte, gizakienak, behienak, orkatz emeenak, batzuk euren adarrekin eta besteak euren arkuekin, baina denak arrapaladan. Bira osoa ematen diot patioari eta sarreraren ondora iristen naiz. Erdiko taldeak bere ipuinari jarraitzen dio eta nik neureari jarraituko diot hemendik kanpo. Bidaian aurrera jarraitzen dut. Ezpainetako margoaren usaina lagun izango dut marka horiek ikusi eta aldi batez. Baita pilotaren soinua eta oihal eta ileen ukipen leuna ere.

Plazara noa behar dudana erostera, baita istorioak trukatzeko itxaropenez ere. Plazan, Gabrielle mezenasaren eta artistaren, errege eta jakintsuaren, noblearen eta maisuaren istorioa kontatzen ari da.  Artistak mezenasari, jakintsuak erregeari eta maisuak nobleari honako hau esaten dion istorioa: “txoria zaindu behar da, ez kaiola”. Ea istorioak elkarrizketa abiarazten duen eta jendeak kontatzen didan zer gertatzen den hiribilduan9.

________________________

  1. Sorry-not-sorry okupazio eta desokupazio hitzak deitzen dituzten mamuengatik; Kukutzatik Oteizara, Desokupara.
  2. Ustez harrizkoa.
  3. Harriaren antonimo gisa.
  4. Zeri buruz ari naiz baldin badakizu, agian nik baino gehiago dakizu. Agian hitz egin dezakegu.
  5. AinhoaAnderJesúsM.Susanaren sinbiosia.
  6. XenaGabrielleArgoAmbar fanfiction 1en sortzaileena. Mala Xena nunca muere erakusketaren espoilerrak ditu. Lehenengo zatia irakurri ez baduzu, Harriak-en webgunean dago (De Xena a XenaGabrielleArgoAmbar), Xena erakusketan.
  7. Gutxienez, bi gizaki eta bi behorren artean.
  8. Hau da, orain “ni” garenetarako bat.
  9. Honaino iritsi bazara, agian nabarituko zenuen pertsona zehatzei zuzendutako kodeak dituzten adierazpenak daudela. Testu guztietan ezkutuko testuak daudela partekatzeko aukera da. Edo bila nazazu eta galde iezadazu.