hArrApAtu erakusketan a letraz hasten diren hiru artistek hartzen dute parte: Andrea Berbois, Adrián Irisarri eta Ángela Rodriguez. Maider Aldasorok idatzitako aretoko testuak autoerretratua, desioa eta sedukzioa abiapuntu hartuta, bestearen aurrean egindako aurkezpen gisa proposatzen du.

Andreak bi kontzertu eskaintzen ditu erakusketan zehar, bat hasieran eta bestea amaieran. Ez dio men egiten bere musika erakusketa osoan esukaragai egotearen esperoari. Zuzenekoa geruzaka eta zatika dago eraikita: loopeka, gainean ahotsa eta biolina gainjarrita, doinu batzuk flotatzen utzita, Agurra kasu. Kontzertuak publikoa zerbaiten inguruan biltzea errazten du. Baina bere horretan dirauten konbentzio batzuk ere barne hartzen ditu: artistaren eta publikoaren arteko tartea, hasiera eta amaiera, txaloak.

Angelaren soineko berde akuamarinoa lurrean dago. Andrea biolina jotzen ari den bitartean, loopen kadentziak eta soinekoaren erorketak irudia itsas girokoa, portukoa bihurtzen dute. Soinekoa bularretik altxatzen da lurretik, gorputz galdua arku txiki batean goratuta hainbat irudi erakartzen ditu, arku histerikoa edo Ofeliarena bezala. Sexua eta heriotza modurik onenean ageri dira hemen, bihurdura baten bidez. Oihala, poliesterrezkoa, zimurrak diruditen erredurez dago beteta, itxuragabetutako azal plastiko bihurtuta. Deseginda eta, aldi berean, gorpuztua egoteak aldizkako presentzia sortzen du, karga sentimental handikoa.

Haren inguruan, Angelak marrazki eta margolan ugari ere aurkezten ditu. Marrazkiak —koadernoetatik, post-itetatik eta orri solteetatik erauzita— pinturen ondoan jarrita, kontakizun ezaguna erreproduzitzen du: pentsamenduak edo apunteak beste kategoria bateko lan bihurtzen dituen artistarena. Antolaera horrek distantzia bat sortzen du. Trazuetan sartu aurretik, berezitasun bat dagoela aurreikusten dugu.

Horietako batean ohar bat ageri da: Forma suntsitu, gu geu kabitu gaitezen. Zorioneko kointzidentzia da zulatutako soinekoa esaldi hori haragitzen duen objektua izatea. Eskuragai bihurtzen da artistaren asmoetatik askatuta, objektuaren biografiarekin negoziatzen dugunean. Orduan sar gaitezke bertan, berarekin imajinatu edo gogoratu, haraino nola iritsi den berreraiki beharrik gabe.
Adrian irudi handiekin ageri da. Hormetako batean, eliza erromaniko baten irudia dago, kontrapikatuan eta argi-kontra hartua. Zinta itsasgarri gardenezko tirek gainazala beiratzen dute. Azpian, alfonbra baten itxura duen autoerretratu bat dago, hori ere beiratua. Gertu, artistaren benetako eskalako beste irudi batzuk sabaitik zintzilik daude egitura prekario baten bidez: soka batek kate bati eusten dio, kateak bridekin lotutako makila bat eta honek bulego-pintza batzuk, azkenik olanari eusten diotenak.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako altzariak, eraikuntzarako materialak eta jaiotza bat dituzte inguruan. Artistak diorama gisa jartzen ditu, instalazioa arte aplikatuetara eramateko. Hala ere, testuingurutik aterata, objektuek aldamio bat eraikitzen dute, irudiak gehiehi babestuz. Horiek gabe, irudiek punk abesti baten biluztasun eta berehalakotasuna izango lukete: paisaia eta pertsona bat, bere presentzia baino beste babesik gabe. Zuregana datoz.

Erakusketatik ateratzean, norbaitek dio: pixka bat aquí-está-mi-polla iruditu zait. Iruzkin horrek artistak bere burua aurkezteko duen jarrera frontaletik eratorritako arrisku bat seinalatzen du. Baina irakurketa horretara mugatzea ez litzateke nahikoa izango. Autoerretratuak gauza gehiago esaten ditu: hona hemen nire gaztetasuna, hemen nire edertasuna, hau da nire tamaina, zuen bitartez ikusi nahi dut nire burua. Adrianek ez du bere gorputza emaitza gisa aurkezten; aldizkako ispilu bat da eta hauxe esaten digu: adi, mugitu, ekin.

 

 

hArrApAtu

Andrea Berbois
Adrián Irisarri
Ángela Rodríguez

 

Bitartekaria: Maider Aldasoro Diaz

 

ALONDEGIA KULTUR ETXEA
Zumaia