Elkar gurutzatzen diren hiru lerroko marrazki batek aurkezten ditu erakusketan parte hartzen duten artistak: Andrea Aguilera, Gabriele Muguruza eta Carmen Valero. Hiru ardatzeko intersekzioa dimentsio espazial bat irudikatzeko erabili ohi da. Izenburuak, 3.600 metro kubikok, espazio baten bolumena, hura betetzeko edo husteko aukera ere aditzera ematen du.

Obrak altuera eta distantzia desberdinetan sakabanatuta daude. Espazioaren erabilerei, korridore, sarrera, gela edo eskailera gisa haiek esperimentatzeko moduei erreparatzen diete. Andrearen bi eskulturak korridorea argitzen duten lanparekin bat eginda agertzen dira; beste batek zutabea inguratzen du. Gabrieleren bi marrazki eraikinaren seinaleen ondoan daude; beste batzuk, sarrera dekoratzen duen landarearen ondoan. Carmenen marrazki bat liburutegira daraman eskaileran agertzen da; beste batzuk, sotora jaisten den eskaileran. Harreman horiek berrenkoadraketa subjektiboak sortzen dituzte, espazioaren pertzepzioa zatitzen dute, eta arkitekturak aurreikusitakoez bestelako ibilbideak gaitzen dituzte.

Espazioak bizi egiten ditugulako bihurtzen dira leku. Erloju batek abstrakzio partekatu bat baino ez du sortzen, denbora ordenatzen duten lerro multzo bat. Eta, hala ere, ordu zehatz batean gatoz hona: jolastera, kirola egitera, liburu bat irakurtzera edo lagun batekin kafe bat hartzera. Nahiz eta denbora atzemanezina izan, gaur hona etorri gara, ordu zehatz batean, erakusketa bat ikustera.

Denbora, gainera, artista izatea eta hemen egotea da, zerbaiten nahian. Gu modu jakin batean agertu nahi izatea denbora da: iraganarekin eta etorkizunarekin lotuta egiten dugun edo gure inkontzienteak egiten duen zerbait da. Gabrielek frontoiaren ondoan zurezko ohol handi bat jarri izanak, edo Carmenek dimentsio handiko mural bat egin izanak, presentziaren irrika adierazten du: denbora eta leku bat modu zehatz batean hartzea, inkontzienteki bada ere, iraganarekin eta etorkizunarekin lotuta agertzea.

Andrearen lurreko eskultura batek konplexutasun material handiagoa erakusten du erakusketako beste lan batzuen aldean. Egurrezko ohol baten gainean Möbiusen zinta metaliko bat dago. Honen gainean soka bat txirikordatu da, multzoari bizkarrezur kurbatu baten itxura emanez. Muturretako batean, bi folio txiki daude taularen gainean. Prozeduraren alderdi abstraktua figuratibo bihurtzen da eskulturak bere buruaz duen gehiegizko kontzientziagatik. Izan nahi duenaren eta denaren arteko aldea oso txikia da. Eskultura izateaz jabetuta, badirudi bere konfigurazio materialak eskultura izateko nahi horri bakarrik erantzuten diola.

Gabrieleren grabatu bat hormetako batean dago modu dramatikoan argiztatuta. Grabatu-paper angeluzuzen baten gainean gofratu bat egin da zirkulu txikiekin. Kartulina beltz batek markoztatzen du grabatua, plastiko mikrozulatu baten barruan. Argi adierazkorra jasotzen du foku batetik, hodi formako kartulina beltz batekin ñabartua. Hurbiltzen zarenean ezinezkoa da irudia ikustea, gofratuaren zuri gaineko zuria beltz gaineko beltz bihurtzen baita gorputzaren beraren itzalagatik. Hala, errepresentazioak huts egitera behartzen du piezak: ezin da ikusi erliebean dauden zirkuluak bezain sotila den zerbait, bai argi gehiegi bai itzal gehiegi jasotzeagatik. Esperientziak frustrazio dibertigarria eragiten du; zapuztu egiten da asmoa, eta formatuaren, argiaren eta euskarriaren arteko desplazamendu-joko bat sortzen da.

Gabrielek beste bi grabatu erakusten ditu, bi xilografia. Hauetan, koloretako zirkuluak dantzan ari dira diagonal nabarmen baten inguruan. Berriro ere, euskarriaren ertzetara bideratzen da arreta. Estanparen beltza egiteko erabilitako zurak biribilduta ditu ertzak, hondoaren geruza zuzena du, eta passe-partouta eta markoa ere, zuzenak. Gabrielerengan halako asmoa sumatzen dut, arte ederrei lotutako ohiko prozedurekin lan egitekoa. Arruntaren erabilera horrek ageriko zentzua sorrarazten du obran, prozesuaren narratiba berezi baten bidez alderdi artistikoari zentzua emateko halako joera garaikide batekin kontrastean.

Gabrielek berak jarrita, egurrezko ohol handi bat dago urdin distiratsuz margotuta eta frontoitik gertu dagoen horma baten gainean bermatuta, hori ere zerrenda urdinekin. Eskulturak inaugurazioa baino pixka bat lehenago egina dirudi, margotu berria dago eta tanta dariola ertzetan. Keinu adierazkor bat da: erakusketan falta dela dirudien zerbaiti biluziagoa eta sendoagoa den zerbaitekin erantzutea. Argi-fokuaren erabileraren antzeko zerbait da, baita Gabrielek argizariak bere marrazkietan sartzen dituen moduaren antzeko zerbait ere. Argizari oliotsuagatik gaindi egiten du antolaketa geometrikoak, zuzentzen duten hutsuneen bidez urtzen den inkontziente baten moduan.

Erakusketako lan batzuen ezaugarri eutsiaren aurrean, Carmenek bi horma-irudi egin ditu ihes-puntu gisa. Lehenengoak, eskaileraren atzealdeko marrazkiak, giza irudiekin arkitekturan esku hartzearen plazer adostua aktibatzen du. Bigarrenak, abstraktuak, lerro batzuk marrazten ditu hormetako baten gainean, eta aretoko pitzadura eta orbanekin nahasten da. Ur gaineko distira antzeko bat da: errepresentazioaren sotiltasunak gainjartze arin bat sortzen du, gainazala agerian utzita. Proposamenak Raúl Domínguezen planteamenduekin jarraitzen du, Media hora de sol (Carreras Mugica, 2022) bezalako erakusketetan, non grafitoaren eta arkatz horiaren erabilerak gainazaleko bibrazio moduko hori ere sortzen zuen.

Hormako esku-hartzea beste marrazki batzuekin batera agertzen da; hauen tamaina ez da plegu-laurden bat baino handiagoa. Marrazkien aurrean, handi eta publiko agertzen da murala; marrazkiak, berriz, txiki eta etxeko. Hauen artean eskala tenporal bat irekitzen da, esan ahal balu bezala: hemen egon naiteke, horrela, han egon bainintzen jada.

 

3.600m3

Andrea Aguilera
Gabriele Muguruza
Carmen Valero

 

Bitartekaria: Maite Choya

 

ZELAIETA ZENTROA

Amorebieta-Etxano