editatzea, ekoiztea, programatzea

Arteleku / Donostia-San Sebastián

Lan-mahaiak eremuak batzordearen kideak moderatu zituzten: Peio Aguirre, Nuria Enguita Mayo, Beatriz Herráez, Fernando Illana.

Elkarrizketa-mahaietatik kanpo, jardunaldietan partaidetza berezien bidez parte hartu zuten Antonio Colladosek, Jon Mikel Eubak, Anna Pahissak eta Aimar Arriolak Jeletonekin hizketan.


2010eko abenduan eremuak programaren deialdi irekia abian jarri zenetik izan diren proiektu eta ekimenak ikustarazteko eremua izan nahi dute jardunaldiok: euskal arte-eremuko ekoizleen artean zubi eta sareak ezarri nahi dituen programaren babesean agertu diren artista, kolektibo, orotariko proiektu, argitaletxe eta beste jarduera modu hibridoak. Artelekun izango den topaketak hausnarketa-nodoak ezartzea du helburu eta, horretarako, hiru elkarrizketa eta harreman-mahai aurkeztuko ditu, 2010eko abenduan abian jarri zenetik eremuak programa osatu duten proposamenetan agertu diren gaietako batzuk aztertzeko.

  • Elkarrizketa-mahaia editatzea / argitaratzea / banatzea

Orotariko argitalpenak bultzatzea izan da eremuaken lan-ildo nagusietako bat: artisten liburuak, idazki-bildumak, mintegien aktak eta arte-kritikari eta -teoriari lotutako argitalpen-proiektu espezifikoak. Mahaian, hain zuzen, argitalpen-proiektu horietan ari diren eragileak bilduko dira (artistak, idazleak, editoreak), ekoizpen-baldintzei eta proposamenak garatzeko behar diren banaketa- eta truke-sareei buruzko elkarrizketa jorratzeko.

  • Elkarrizketa-mahaia ekoizpena eta arte garaikidea

Ekoizpena, laguntza-sistema, ordainsariak, prestakuntza eta profesionalizazioa… termino horiek behin eta berriro agertzen dira arte-ekoizpenari lotuta. Gaur egungo krisi-egoeran arte garaikidea laguntzeko eta sustatzeko eredu publikoa kolokan jarri delarik, hainbat galdera mahairatuko dira: zer ondorio zuzen izan dira artea ekoiztu eta erakusteko instituzioek jasan duten birdefinizioaren ondorioz? zer eragin jasan du arte garaikidearen hizkuntzaren berezitasunak, geroz eta garrantzi handiagoa duten kultura-industriekin batera bizi izatearen ondorioz?

  • Elkarrizketa-mahaia espazioa – eszenak – programak

Azken urteotan, eta EAEko esparruan jarraian etorri diren instituzio-ereduekin batera, testuinguru horretan programazio egonkorrak garatu dituzten plataforma, kolektibo eta pertsonek bultzatutako programak sortu dira, profesionalen arteko topaketa eta truke-gune modura. Programa horiek noiz edo noiz instituzioei lotuta, beste batzuetan hainbat espaziotan etenka “ostatatuta”, eta inoiz, kokapen pribatuetan kokatuta ere egoten den eszena baten berri ematen digute. Mahai-inguru horretan, proposamen horiek hobekien antolatu eta funtzionatzeko moduak, helburuak eta egoera berriak izan lezakeen garapena aztertuko dira.

 

Display gune batek ikustaraziko ditu programan sortutako material, edizio, argitalpen eta ikus-entzunezko materialak. Era berean, jardunaldietan eremuak argitalpenaren 0 zenbakia kaleratuko da.