Kuku, kuku, kuku. Lotsak, irrigarriak, tentelkeriak, batzuetan, inoren gorputz epelera hurbilarazten gaitu.
Agnès, Ander eta Guillermo ez dira larregi arduratzen estilo bat edukitzearekin; belarrietatik, eskuetatik irteten zaie. Leku eta interes desberdinetatik (soinutik, modatik eta argazkigintzatik) abiatuta, hirurak abian jartzen dira, ezinbestean bakoitzarena izango den leku baterantz. Beraien arrarotasunak diziplina horien mugak gainditzen ditu. Aurretik erabaki gabeko egintza da, bizitza-tarte bat, irudi, soinu eta guzti. Sarritan, baimenik eskatu gabe eta ordutegiz kanpo jazartzen zaigu laneko denbora, kontua ez baita soilik errealitaterantz jotzea, errealitatea etorri ere egiten delako… Denak talka egiten du eta zentzua isuri egiten da.
Artea isiltasun bihurtzen da, aldi bakoitzean berriro ere, atzera ere gu ustekabean harrapatzeko. Lan itzela da munduko ele-melea une batez isilaraztea. Hemen ez dago askorik esateko, erakusketan eginda dago eta.
Kukuak basoan kantatzen du, bi segundotan, zer gauza txikia eta, halere, nola dakarren irudi zehatz-zehatza eta unibertsala aldi berean. Nola lotzen dituen urrunekoa eta bertakoa, lipar iraunkor batean.
Jarduera osagarriak
Urriak 5, 19:00etan,
Inagurazioa
Urriaren 8an, 13.30tan
Bisita gidatua Ander Lauzirika eta komisarioaren eskutik, Aita Larramendi Ikastolako batxilergoko ikasleentzat.
Urriaren 9an, 18:00etan
Konferentzia Agnés Pé-ren eskutik: POP MARROI EZ-HILGARRIA, Arma sonikoak: historia, testuinguruak eta somatika.