Batzuetan ez daukadan zerbait desiratzen dut, behar ez dudana, okerreko lekuan sentitzen naiz, azalekoari garrantzia ematen diot eta ondorioak aurreratzen ditut. Oraindik prozesua amaitu gabe dago, eta zaila da hemendik balantzea egitea, baina leku egokian gaude, lortutakoa baloratzen. Eraikina lehen aldiz ikusi genuenetik, erakusketa-espazioa hedatzen eta kanpoko eskailera proiektuan integratzen saiatu ginen. Bi espazioak, aretoa eta eskailera, konnotazio eta muga argiak dituzten igarobideak dira, eta modu desberdinetan erlazionatu dira lanekin. Imanol, Pama eta Santiago muntaketa baino lehentxeago elkartu dira. Pama urrun bizi da, Imanol hemen bizi da, Barakaldon, eta Santiago gertu bizi da.
Urriko egunotan Santiago eta biok lokal berean aritu gara lanean. Azken egunetan, idazketara nola hurbildu pentsatzen ari nintzela —idazten izan ezik denetan— Santiago ahal zuen guztia oihaletik urruntzen saiatzen ari zen, zer egiten ari zen ikusteko. Orain bere mugikorra behar du distantzia jaso eta eskala konprimatzeko. Kamera bere urrutiko begirada bihurtzen da. Santiagok Sa Bouche II (diálogo) izenburua jarri dio piezari; aurreko sail baten parte da, Gore Vidalen figurari buruzkoa, eta ez zen ez edozein aho. Piezarako, Santiago parapenteko bi oihalez baliatzen da, tamaina handiko bi aho josteko oinarri gisa, eta trazuak ere material horren puskak dira.
Santiagoren eta Pamaren lanak haizearekin erlazionatzeko pentsatuta daude; eraikinaren alde honetan, neguan bereziki gogor jotzen du haizeak. Pamaren pieza ere aurreko sail baten parte da, Patagonian hasi zuen harpa eolikoen sail batekoa. Zilindroaren pareten artean tenkatutako soka batek haizeak eragindako bibrazioak jaso eta bozgorailu baten bidez erreproduzitzen ditu. Kopia ukimenetik sortzen da, eta entzumenaren bidez deuseztatzen da sorburuaren eta erreprodukzioaren arteko distantzia.
Behin baino gehiagotan entzun diot Imanoli bere proiektuari buruz hizketan, eta beti geratzen zen zerbait esateko. Neurri batean, artxiboarekin lan egitearen paradoxa da, etengabe hedatzen delako, eta, neurri batean, historia hurbilari heltzeko zailtasuna da. Stranger than paradise lana Barakaldoko testuinguru post-industrialari buruzko ikerlan bat da. Abagune honetarako, Imanolek etxeko altzarietan oinarritutako display bat diseinatu du. Bertan, hainbat material eta dokumentu aurkezten ditu. Objektu horietako batzuk mugitu, jaso eta eramateko pentsatuta daude.
Niretzat, erakusketa honetako nire lanak enpatia eta urruntze ariketa bat dakar gainera, Mozkorra eta farola txistean gertatzen den bezala, hau dioena:
Gauez, gizon batek beste bat ikusten du farola baten azpian belauniko zerbaiten bila.
– Zer galdu duzu?
– Nire etxeko giltzak.
Hala, hari laguntzeari ekin eta tarte baten ondoren ezer aurkitu ez dutela, galdetzen dio:
– Ziur zaude hemen galdu zenituela?
– Ez —erantzun du mozkorrak—. Kalezulo ilun hartan galdu nituen.
– Orduan, zergatik ari zara hemen bila?
– Hemen argi gehiago dagoelako.