‘frozen trees’ erakusketa

Frozeen Trees (Zuhaitz izoztuak) lanean, zuhaitzak izaki bizidun apartak direlako premisatik abiatzen da Imanol Marrodán. Haien balioa eta garrantzia agerrarazi nahi du eta, geografian duten kokapenaren bidez, bisitatzeko eta hazkunde- eta aldaketa-prozesu geldoa behatzeko aukera eskaini. Hala, mugikorretan ikusteko QR kode bihurtutako koordenada geografikoen bidez, zuhaitzak bizi diren tokia eta ingurunea bildu ditu mapa batean. [photoespaña-tik hartutako testua]

“Zuhaitzak, berebiziko izaki bizidunak.

Ia oharkabekoa da haien presentzia diskretua eta isila, agian itxurazko mugiezintasun horregatik. Isilak, fidakorrak, hain indartsuak eta sendoak baina aldi berean hain ahulak eta babesgabeak ere bai eta, hala ere, haien mende gaude. Duintasun handia dago haien existentzian.

Halabeharrez jaiotako lekutik inoiz mugituko ez diren eta inguruan hamaika aldaketa ikusiko dituzten izaki bizidunak. Pazientziaz hedatzen dituzte adarrak, bizitzarako funtsezkoa den oxigenoa sortuz.

Denboraren joanaren protagonista sorrak, mutuak. Metafora bat dira, eta gogoeta eginarazten digute kontenplazioari buruz eta natura etenik gabe eraldatzen duen erritmo geldiari buruz. Gizakiak sortu duen sistema artifizialaren erritmo frenetikoan, ordea, hausnartu ere ezin dugu egin ia sentitu gabe joan zaizkigun balioen eta nortasunen esentzian eta garrantzian. Erritmo geldia eta pausatua, arretaz pentsatu ahal izateko eta berriro sentitzen ikasteko. Badirudi horixe esaten digutela zuhaitzek itxurazko mugiezintasun diskretu horrekin.

Zuhaitzek, elurrak, izotzak eta lainoak atmosfera tonal intenporal estatiko eta kontenplatibo bat sortzen dute, denbora suspentsioan balego bezala; zuhaitzak, baina, izaki bizidunak dira, biziaren ziklo naturala osatzen duten urtaro-aldaketen mende daude. Egoera hain estremoetan hibernatzeak areagotu egiten du denboraren neurri geldi eta zorrotz bat, kasik dimentsiorik gabekoa. Gu joanda ere haiek hor jarraituko dute eta ernarazi zituen lur bera bihurtuko dira ostera.

Proiektuak izaki horien balioa eta garrantzia nabarmendu nahi du, eta aukera ematen du koordenatu geografikoei esker zuhaitzen jarraipena egiteko, beren ingurune naturalean bisitatzeko eta astiro-astiro nola hazten eta eraldatzen diren kontenplatzeko.

Zuhaitz bakoitza mapako zein lekutan dagoen jakin daiteke bere erreferentzia-zenbakiari esker.

Lan hau garatzen ari da oraindik, eta 2003tik hona egindako irudiz dago osatuta. Argazki hauek Urkiolako Parke Naturalean daude hartuta, Anboto mendiaren inguruetan.”

www.frozentrees.airplace.org