-K / -S naturak / naturalezas

2019ko urriaren 17tik 19ra, AZ-ko Lantegia 1 aretoan, 1. solairuan

Ikusi hemen jardunaldietako bideoak

Ibilbide nabarmeneko gonbidatuak bildu ziren eremuak 2019 jardunaldietan, nazioartekoak zein bertakoak (alfabetikoki): Ana Laura Aláez, Bik Van der Pol, Fernando García-Dory, Hidrogenesse, Latitudes (Max Andrews y Mariana Cánepa Luna), Yael Messer, Jon Otamendi, Sergio Prego, María Ptqk, Alfredo Puente (Fundación Cerezales Antonino y Cinia), Borbála Soós, Julia Spínola, Natalia Valencia Arango, Idoia Zabaleta (Azala).


Lehenengo edizioetatik, urteroko eremuak jardunaldietan gaurkotasun artistikoko gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa eta eztabaidak sustatu dira, Euskal Herriko esparrua eta eremu zabalagoa ere kontuan hartuta.

Ildo horretan, 2019an natura esaten zaion horren hainbat alderdirekin lotura —agerikoa edo ez— duten zenbait sentsibilitateri, jarrerari eta adierazpeni erreparatu nahi diegu. Askotariko ikuspegiak dituzte abiapuntu, eta era askotan gauzatu dira. Gune instituzionalak atzean utzi eta kanpoalde konprometitu eta berritzaileen bila joan dira batzuk; beste batzuk, aldiz, prozesu edo organismo bizidunak sartu dituzte gune horietan. Nolanahi ere, kanpokotasun-gogoak agerikoa dirudi.

Kontzeptua bera zaila dela jakinik, eta ardatz gisa aukeratutako gaia jarrera sinplifikatzaile batzuk goraipatzera ez mugatzeko asmoz —konplexutasuna berezkoa baita gizatiarra denaren eta ez denaren arteko harremanetan, bizidunaren eta bizigabearen artekoetan, artifiziala denaren eta ustez naturala denaren artekoetan—, terminoari pluralaren marka jarri diogu (-k naturak adierazteko eta -s gaztelaniazko naturalezas hitzaren kasuan). Pluraltasunaren xehetasun horrek aukera emango digu artearen munduarekin eta sorrarazten edo aurrean dituen natura guztien errealitatearekin bat datorren aniztasunari heltzeko.