praktika artistikorako laguntzak

Euskal testuinguru artistikoaren behatoki gisa, eta arte-lanari datxekion prozesualitatea bultzatu eta babesteko hautemandako beharrari erantzuteko, eremuak-ek deialdi berri bat abiarazi du jarduera artistikoari zuzendutako 2 laguntza esleitzeko.

Artisten egitekoarekiko konfiantzatik abiatuta, deialdi honen bidez lagundu nahi da aurretik zehaztutako proiektuen menpekotasunetik askatzeko lan-denbora bat sortzen, oro har, sorkuntza-prozesutik beratik ez datozen errekerimendu guztietatik bestelakoa. Halaber, eremuak-ek elkarrizketa ezarri nahi du onuradunekin, bi aldeentzako aberasgarria izan dadin.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko otsailaren 17an (astelehena) hasi eta martxoaren 13an (ostirala) bukatuko da; eta erabakia 2020ko martxoaren 20an (ostirala) jakinaraziko da, eremuak-en webgunearen eta sare sozialen bidez.


eremuak-en batzorde teknikoak, deialdian jaso diren proposamenak aztertu ondoren, Laida Lertxundi eta Tripak kolektiboa aukeratu dute 2020ko praktika artistikorako laguntzak jasotzeko.