album # 4: aimar pérez galíren “lo tocante” argitalpena

Aimar Pérez Galí dantzari eta ikertzailearen Lo tocante argitalpena Album plataformaren laugarrena da. Pérez Galíren The Touching Community proiektu zabalagoaren parte da (GIB/Hiesaren krisiak dantzaren komunitatean izan duen eraginari buruzko ikerketan datza proiektu hori). 2015. urteaz geroztik, Hiesak Espainiako eta Latinoamerikako dantzan izan zuen eragina aztertzen du Pérez Galík, eta ‘contact improvisation’ izenekoaren hedapenarekin lotzen du, dantza mota horretan bi gorputzen edo gehiagoren arteko kontaktu fisikotik abiatuta inprobisatzen baita mugimendua. The Touching Community, nolanahi ere, ukimenaren eta kontaktuak biziraupen-tresna gisa betetzen duen zereginari buruzko lana ere bada.

Orain arte, The Touching Community proiektua obra eszeniko batean gauzatu da. 2016ko azaroan estreinatu zen, Bartzelonako Casa de la Dansa del Mercat de les Flors izenekoan, eta hainbat lekutan aurkeztu da ondoren. Oraingoan, berriz, Lo tocante argitalpena gaineratu zaio obra horri. Lo tocante argitalpenaren muina Pérez Galík idatzitako hogei bat gutunek osatzen dute, eta genero epistolarraren eta fikziozko idazketaren arteko obra bat dela esan daiteke. Liburua eta obra eszenikoa hertsiki lotuta daude: biek ikertzen dute gorputzaren eta idazketaren, ukimenaren eta mugimenduaren, oroimenaren eta argitalpenaren arteko lotura.

Lo tocante argitalpena Bartzelonan eta Mexiko Hirian lan egiten duen Roger Adam-ek diseinatu du. Besteak beste, André Lepecki-ren Agotar la danza (2009) obraren gaztelaniazko edizioaren eta Pérez Galíren Sudando el discurso dantza-obrari lotutako izen bereko liburuaren diseinugilea da.

[Irudia, erlojuaren orratzen noranzkoan: Album # 3 – Duen Sacchi, Ficciones patógenas, 2018 (Brumaria-rekin editatua), barneko ilustrazioa; Album # 4 – Aimar Pérez Galí, Lo tocante, 2018 (Eremuak-ek produzitua), barneko ilustrazioa; Aimar Arriola & Jeleton, Eremuak Jardunaldiak: editatzea, ekoiztea, programatzea, 2013, erregistroaren stilla bideoan; Album # 1 – Style As Resistance, 2011, argitalpen fisikoaren argazkia; Album # 2 – Antonio Gagliano, El espíritu del siglo XX, 2014, barneko ilustrazioa.]

  • Interpretazioa
Egilea/k:
Ebazpenaren data:
urria 2017