egiar aldizkaria

Egiar aldizkaria artearen gaiaren inguruan eta formatu fisikoan sortutako argitalpen proiektua da, teilakaturik ulertzen diren ikerketa eta sorkuntza tandema lantzen dituena oinarrizko interes moduan. Argitalpena testuaren eta irudiaren arteko harremanetan du funtsa, eta arteak natural dituen baliabideak eta moduak erabiliz, lan-esparru baten eskaintza ireki nahi du. Hizkuntzaren inguruko jarrerak testuen jatorrizko plastikak mantentzea defendatzen du, hizkuntza nagusiak euskara eta gaztelania direlarik, orokorrean itzulpenik gabe, zenbait kasu berezietan izan ezik.

Gonbidatutako parte-hartzaileekin artearen inguruko sentipen bat partekatzen da, poesia izanik proposamen guztien arteko lotura edo gida, aldizkarian zentzuzko egitura edo narrazio plastiko batean antolatuz. Argitalpenak artikulu akademikotik artelanera hedatzen ditu proposamenak, saiakera-bisuala zein literatura-idazketa barne, artearen jardunbideak sentikortasun eta jakintza moduan sortzen dituen esperientziatik bertatik landuak. Artearen berezko naturak etekin komun bezala propio daukan materia antropologikoa defendatzen du proiektuak, artearen transmisio pedagogikoa ahalbidetzen duen ezagutzaren inguruko hausnarketen bitartez.

Jorge Oteizaren Quosque tandem…! liburutik ateratako EGIAR terminoak materia donesten eta bizitzaz dohaintzen duen gertaera estetiko baten berri ematen du, gainerako hizkuntzetan baliokiderik gabekoa eta euskararen funtsezko bi erro semantikoen elkartzetik eratortzen dena: EGI– (EGO errotik: eguzki, Jainko, Hegoalde, hegoa-hegala; GO sustraiduna:  goi, garai) eta –ARR (tarte-zulo, huts, zeruko ahurtasuna, harrihitzaren sorburu, eta zehazki, bertan egindako zulogunea). Harrian gauzatzen den Egia. Eliza eta parlamentu primitiboak.

EGI haraindiko gertaera baten adierazlea da, goreneko gertakariarena (GO), Jainkoa edo Egia. ARRgertaera argitzen (ARR-gitu) duen materiaren adierazle, harria. Hauek dira aldizkari honen zutabeak (mugARRiak, zedARRiak, metARRiak eta pilAReak), berorren oinARRiak eta euskARRiak, Hegoaldeko argirantz (ARRgi, Eguzki), hegaldian, gidatuko gaituztenak, hARagitutako Jainkoa (ARR-EGIztatuta?).

EGIAR-rek paperezko errekaren uharri-hitz izan gura du, ebaketa zuhurraz materia eragingo duena, egiak uretatik burua atera dezan, arnasketa ahalbidetuz, artearen esparrutik bizitzaraiko: gorantz pisua daukan letra izan nahi du.

https://egiar.org/
https://www.instagram.com/egiaraldizkaria/
https://issuu.com/egiaraldizkaria

Egiar4_azala_urt2021
  • Interpretazioa
Egilea/k:
Ebazpenaren data:
maiatza 2017