Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan

2012 urriak 5 – 2012 urriak 7. Ikastaroa: Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan.

XX. mendearen erdialdetik dago sortze prozesuan, eta, ezagutza kritiko oro bezala, ezagutza feministak enbarazu egiten du. Enbarazu egiten du produkzio artistikoaren alorren mistifikazioa argitzen duelako; egitura sexistak agerian uzten dituelako; sexuak, etnizitateak, arrazak eta klase sozialak horietan duten eragina aztertzen duelako; jasotzen duten esker on desberdinaren arrazoiak ulertzen laguntzen duen sexuko gizarte harremanen sarean jartzen dituelako artistak; eragin androzentrikoa eta etnozentrikoa duten arte-narrazioen inposaketa -irakaskuntzako maila guztietan- salatzen duelako; jatorrizkoak diren produkzio artistikoen alor batzuei buruzko sinesmen faltsuei aurre egiten dielako.

Bi bloketan egituratuta dago, eta hainbat gai jorratzen ditu: ezagutza ez-sexista sortzen jarraitzeko ikerlari feministek aurre egin behar dieten arazo teoriko eta politikoak, eta “artearen” erakundearen askotariko dimentsioak zalantzan jartzen dituzten praktika artistikoak, sexu-desberdintasunaren irudikapen hegemonikoen kritika azpimarratuz.

Lehen blokeak, “Artearen dimentsio sozialak: artistak, obrak eta testuinguruak” izenekoak, hainbat emakumeren hitzaldiak biltzen ditu: Amelia Valcárcel, Ivonne P. Doderer, Mónica Mayer eta Guerrilla Girls. Bigarren blokeak, “Artearen Historia Femistaren eraketa” izenekoak, Erigid Doherty, Helena Reckitt eta Maite Garbayo historialariaren parte-hartzea izango du. Hitzaldien ostean, hizlarien eta publiko parte-hartzailearen arteko eztabaidarako denbora izango da.

Ikastaroko hitzaldiak argitalpen hirueledun (euskara, gaztelania eta ingelesa) batean bilduko dira. Gaur egun, eztabaida hori euskaraz hedatzen duen proiektu bakarra da, baita gaztelaniaz zabaltzen duen proiektu urrietako bat ere.