barrenak usten

“Orduan, historia guztiak bestela kontatuko lirateke, etorkizuna aurretik jakitea ezinezkoa litzateke, indar historikoak eskuz eta gorputzez aldatuko lirateke, aldatuko dira, beste pentsamendu batek, oraindik pentsaezinak, gizarte ororen funtzionamendua aldatuko du. Izan ere, bizi garen garai honetan, milaka urteko kultura baten kontzeptu-oinarria suntsitzen ari dira inoiz ezagutu ez den espezie bateko milioika sator”.
(Helène Cixous, “Le Rire de la Méduse”)

Izibene: Hizketan hasi ginen urrunetik, “egiten duten emakumeei” buruzko animazio baten ideiari buruz. Emakume horiek garrantzitsuak dira guretzat, egiten jarraitzeko bizitzan hartzen duten jokabideagatik. Egiten jarraitu, bizitza gorabehera.

Proiektuaren hasieran egin nuen zuri-beltzeko marrazki sorta luze baten bidez irudikatu nituen emakume horietako batzuk. Tamarak zera esaten zidan marrazki horiei buruz: tinta beltzarekin eta emakume haien ezaugarriek paperean hartzen zuten karikatura-itxurarekin, guzti-guztiak arraza berekoak ziruditela.

Tamara: Carmen Martín Gaitek honako hau esaten zuen solaskide egokia bilatzeari buruz: “hartzaile egokiak agertu behar du, ezin baitizkiogu ‘gure gauzak’ kontatu edonori eta edonola”. Eta “jolas” hitza erantsi zuen, zerbait gertatzeko abiapuntu gisa, prozesu gisa, marrazketan eta idazketan jolastu. Ikertzea, beraz, jolastearen antzekoa da proiektu honetan. Kontua ez da hizketan jardutea, Izibenerekin hizketan jardutea baizik. Ez da ahotsa aurkitzea, entzuten duen belarria aurkitzea baizik.

Honela hasten da huste-proiektu hau: espazio bat betez, hain zuzen ere letra eta marrazkien artean zizelkatutako gorputz batez.

Barrenak husten / Vaciando interioridades proiektuan, Izibene Oñederrak eta Tamara Garciak, marrazki eta testu propioekin lan eginez, ahots-entzumen bat sortzen dute gorputz baten sakontasunetik barne-barneko zerbait kontatzeko; gorputz hori gaixorik eta osasuntsu dago aldi berean, eta bizirik egotearen eta egitearen argitasuna du. Bizitzarekiko erresuminaren eta, aldizka, genealogia ezezagun batetik baletor bezala, berarengana iristen den indarraren artean dabilen emakume gaixoa da.

  • Sorkuntza artistiskoa
Egilea/k:
Ebazpenaren data:
urtarrila 2017