ARIMA ERRATU GUZTIEK osatuko dute biharko kontzejua
gorputzak komunalak izango dira
nabarmenkerian sinistuko duzue
eta diot:
Adarbakarrak existitzen gara
“Adarbakarra”, euskalduntasunari, eta zergatik ez, gudariari, luma jarri nahian dabilen olatura batzen den proposamena. Beste modu batera esanda, euskal iruditegia eta erreferentziak ikuspegi kuir-feminista eta garaikide batetik ikertzeko helburua duen sormen proiektua da. Maite Aizpuruaren “Esnatze basa” ipuineko “Adarbakarra” poema eta Garazi Navasen musika garaikidearen gurutzaketa abiapuntu, performanze poetikoa eta kontzertuaren artean dagoen emanaldia sortuko dugu. Umorea eta olerkaritza, diziplina arteko esperimentazioa eta euskal topikoen gaineko gaurkotasunezko hausnarketak eta begiradak ikusgarri egitea dira proiektuaren ardatza, adarbakarraren munstroa erabiliz aitzakia poetiko gisa. Zer konta dezake gutaz, inoizko izaki mitologiko globalitzatu eta kapitalizatuenak?
Antzerki musikal garaikide bat egitea zer demontre den galdetu diogu gure buruari, eta horretara jarri gara! Klasikoa, herri tradizioa eta korronte garaikideak uztartuko ditugu, errepertorioa, estetika eszenikoa, lan metodologia eta lengoaia artistikoei dagokionez. Eta bide batez, sortzeko eta adierazteko bide propioak eraikitzeari behar duen denbora eta maitasuna eskainiko diogu.