bulegoa z/b

bulegoa zenbaki barik 2010. azaroan sortutako arte- eta jakintza-arloko bulego bat da, eta ikerketa, eztabaida eta hausnarketa egitea du xede. Bilboko Solokoetxe auzoan kokatuta dagoen elkarlaneko ekimen hau ondoko ikerketa-ildoen inguruan sortu da: historizazio-prozesuak, kulturako itzulpena, performatibitatea, generoa, postkolonialismoa, teoria soziala, artxiboko estrategiak eta hezkuntza.

bulegoa z/b ekimenak praktikaren eta teoriaren arteko gurutzagunea eta topagunea izan nahi du, eta, horrela, bide eman nahi die egoera hibridoei eta diskurtsiboei.

bulegoa z/b gunea ekoizteko, ideiak eztabaidatzeko eta trukatzeko, eta arte-proiektuak gauzatzeko leku bat da. Helburu horiek betetzeko, mintegiak, aurkezpenak, proiekzioak, performanceak, hitzaldiak, elkarrizketak eta beste jarduera batzuk antolatzen ditu.

Egun, ondokoak dira bulegoa z/bk irekita dituen programak eta ikerketa-ildoak:

formagabeko ezagutza-formak

Formagabeko ezagutza-formak ikerketa-ildoa “forma”, “ezagutza” eta “formagabe” hitzez jabetu da, baina ez aurrez finkatutako zentzu itxietan aipatzeko, baizik eta bihurritzeko, eta ekoizpen artistikoari lotutako jakintza sortzeko molde berriak antzemango dituen tresna lagungarri gisa baliatzeko.

Ideia horri jarraiki, gonbit egiten diegu ingurune desberdinetakoak diren ekimen batzuei, ezagutza-bide berriak proposatzen baitituzte, esperientzia praktikoa bera abiaburutzat hartuta. Programak esperimentaziorako gunea izan nahi du, esperientzien eta ideien arteko elkarketa izango da haren oinarria, eta itzulpena ezinbesteko metodologia izango da proposamen bakoitzaren berezitasuna begien bistan jartzeko. Formagabeko ezagutza-formak ikerketa-ildo gisa jartzen da abian, eta bulegoa z/b ekimenaren abiaburuko definizioa sustatu eta bizirik iraunarazi nahi du.

oho

OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) ikerketa-ildo bat da, eta auto-hezkuntza kontzeptua da bere ardatza, hau da, subjektuek beren prestakuntzan zeregin aktiboa hartzen dutenean izaten den prozesua. OHO ildoak baterako gune bat garatuko du lan egiteko, bilera itxiak eta irekiak abiaburutzat hartuta. Ikasketa-talde gisa jardungo du, eta bere helburua ezagutza sortzea izango da, elkarrizketa eta jakintzen trukea baliatuz.

glosategia

Glosategi espreski idaztera gonbidatutako guztien ekarpenekin osatzen doa. Isidoro Valcárcel Medina artistak 2011. otsailean emandako definizioekin hasita, ekimen hau diziplina ezberdinek hitz jakin bati atxikitzen dizkioten esangurak eztabaidan jartzeko beharretik dator. Denbora aurrera joan ahala, zerrenda berba eta definizio berriekin handitzen doa.

zinema_ilegala

Zinema_ilegala, zer den ez dakigun hori trukatu eta testuinguruan kokatu nahi duen proiektu ireki eta (auto)hezitzailea da. Proiektua zabalik dago, eta, beraz, filmak proposatu nahi dituzten lagun guztiek parte har dezakete, baldin eta hitz ematen badute film horiei buruz hitz egingo dutela, eztabaida bat abiaraziko dutela, edo hori egin dezaketen pertsonak gonbidatuko dituztela. Zinema_ilegala kode irekiko proiektua artista eta kultura-arloko langilea den Marta Popivodak sortu zuen, 2007. urtean, Belgradeko Teoria Ibiltaria plataformaren barruan.

hormaren kontrako ekoizpenak

Hormaren kontrako ekoizpenak izenpean, bulegoa z/b ekimenaklan-ildo bat proposatzen du, iraupen gutxiko proiektu artistikoak ekoizteko. Proiektu horien euskarria bulegoan erabiltzeko moduan dagoen horma bakarra izango da. Antzokiko “laugarren hormako” eta erakustokiko “kubo zuriko” hiru dimentsioko guneen konbentzioen aurrean, pareta baten bi dimentsioko azalera eskaintzen da. Gune bakundua da baina aski da, topagune bat mugarritzen du, eta bertan ekintza performatiboa eraiki daiteke. Hormaren kontrako ekoizpenak ildoaren arabera, pareta orri zuri bat da, eta haren gainean testuak eta idazkiak desegituratu ahal dira.

aldiriak

Aldiriak izeneko atalean, beste instituzio batzuekin elkarlanean egindako proiektuak bildu nahi ditugu. Bulegoa z/b ekimenaren gune fisikotik kanpo eginda egon arren, proiektu hauek argi islatzen dituzte arte eta jakintzaren bulegoak dituen gaikako ardatzak eta egikerak.