garai aldakorretako txoriak

«Garai aldakorretako txoriak» bideoa Joxan Artzeren lanaren irakurketa integrala egiteko proposamena da. Beraren lehen lanari («Isturitzetik Tolosan Barru») egiten dio arreta, gaizki ezagutua eta gaur egun ezezaguna ere badelakoan nago eta.

«Isturitzetik Tolosan Barru» argitaratu zenean kritika-oldea jaso zuen, baina lanaren alderdirik anekdotikoei (erlijioari eta sexuari, garai hartako euskal gizartearen tabu handiei) soilik begiratuta; hartara, lanaren ikuspegi murritza plazaratu zuten kritikek, berariaz.

Badaukat lan hori hautatzeko beste arrazoi bat: hurbil-hurbiletik ezagutzen ditudala lana eta haren sorrera-prozesua, nik egindako argazki-bilduma batekin lan horretan parte hartzeko ohorea izan bainuen. Izan ere, harrezkero harreman estua izan nuen Joxan Artzerekin.

Eta, horretaz guztiaz gain, funtsezkotzat jotzen dut Joxan Artzeren lanaren irakurketa egiteko proposamen hau, gaizki ezagututako lana izanik ere, hizkera plastiko-poetiko garaikidearen eraldaketan funtsezkoa izan zelako eta, horrenbestez, oraindik ere balio osoa mantentzen duelako.