Hizkuntza saihesten duten moduetan artikulaturik, hainbat soinu gertakizunek geure lekutik ateratzeko gaitasun berezia dute. Beraz, ez da harritzekoa adierazpen hauetako hainbat mundu sinboliko, politiko eta sakratuarekin lotuak izatea.
Murray Schafer konposatzaile eta irakasleak “Zarata sakratua” deitu izan die egunerokotasunarekin hautsi eta onartutako arau guzien gainetik sortzen diren soinu horiei. Behin gizakiaren eskuhartzetik kanpo, zarata hauek boterearen adierazpide bihurtuko lirateke. Horren adibide Jainkoek eragindako trumoiak eta tximistak edo apezen ezkil eta danborrak. Schaferrek, ideia bera egokitzen du gaur egungo teknolojiara: sakratua eta ukiezina den zarata horrek, tresneria modernoetan eta zibilizazio sekularrean ere bere lekua egin duela argudiatuz.
Garai honetan kontuan izan beharrekoa da sakratutasunak beste makinaria batzuekin izan dezakeen zerikusia: adostasun sozialarekin, esaterako. Gizabanako modernoa eta bere barne-munduaren garapenean isolamendu akustikoak berebiziko garrantzia izan du (norberarentzako liburuaren irakurketatik iPod-era). Hauek jendetzaren zarataren aurrean zein eraginkorrak izan daitezkeen argi ageri zaigu gaur. Agustín García Calvok, gaztelerazko hitz jokoaz baliatuz Medios de formación de masas/ Fedabide deitzen dituenez ari gara. Edo bide berean, Guy Debordek Espektakuluaren Gizartea, eta berriki Giorgio Agambenek Carl Schmitten irakurketa eginez “arrakastaren forma modernoa” bezala definitzen duen iritzi publikoaz. Beraz hemen, inguruan dagoen jendetzaren oihua, edo komunikazio prozeduren joan-etorria sintonia berberaren osagai dira: ereserkiak, kantatak, aurrez grabatutako barreak, txaloaldiak, kantu arrakastatsuak, mantrak, oihuak…
2011n hasi eta 2012an jarraituko duen mintegi hau, soinuak, sentimendu bakarrak eta errepikaezinak sortzeko duen gaitasunetik abiatu nahi dugu. Eta bide horri jarraituz eztabaida, argitalpen, entzunaldi eta erakusketez osatuz joango da. Egitasmo honen bidez entzumenaren funtzio politikoa eta errituala aztertu nahi dugu, demokratiko eta demagogikoa. Edo nahi bada, soinuak giza-taldeak batzeko duen gaitasun “sakratua”.