hausturarena
O people that I know
It is enough for me to hear the noise of their footsteps
To be forever able to indicate the direction they have taken
Guillaume Apollinaire, Cortege, 1920
Hirugarren Belarriaren edizio berri honen asmoa, soinua, musika eta entzumenaren bidez jasotzen ditugun eta gure gizartea osatzen duten hainbat baliabide dramatikoren eta erretorikoren pertzepzioa zabaltzea da. 2011ko irailan ospatu jardunaldien lehen zatian, soinua (eta ondorioz musika), mundu sakratuaren esplorazio horretarako egokiak zirela esaten genuen, izatez, diskurtsoaren jardunera murriztu ezin den zerbait delako. Aurtengoan, bai sakratuaz eta bai soinuaz aritzerakoan aurkitzen dugun muga izaera honi jarraituz, hausturaren esanahiari buruz hitzegingo duten zenbait pentsalari lagun gonbidatu ditugu.
Nietzscherentzat Musika Dionisiakoa (borondatearen pareko zerbait) aintzinako Greziako nomosaren hausturatik eta haren gainditzetik sortzen da. Soinu dionisiakoaren extasia itxurazko mundu hartan bapatean agertu zen, gizakiaren gorpua muturreraino biziagotu eta bere nortasuna eraldatuz: “ez ahoaren sinbolismoa ezta hitzaren aurpegiarena ere, baizik eta gorputzeko atal guztiak erritmikoki mugitzen dituen dantzaren erabateko keinua”.
Hain zuzen, aintzinako Greziako idatzi batean topatzen du Victor Shkolvskik, bere ezkontza eguneko ospakizunean, bere burua dantzak arrastaka eramaten utzi zuen printzearen bitxikeria hau: “…arropa kendu zuen arte, eta behin biluzik, eskuen gainean dantzan egiteari ekin zion. Emaztegaiaren aitak, Erregeak, haserre, oihu egin zion: ‘Printzea, zure dantzaren erruz zure ezkontza suntsitu duzu!’. ‘Berdin zait’ erantzun zion printzeak eta eskuen gainean dantzan jarraitu zuen”.
Musikaren eta dantzaren erritmoak sortu ditzazketen bestetasun adibide hauek, Victor Turner antropologoak deskribatzen zuen igarobide errituen aurreko fasean kokatu daitezke. Eragilea izaki osatu gabea den leku batean. “Ez gauza bat, ez bestea” izanik ere, aldiberean eta modu iragankor batean bi baldintzak izateko aukera duen norbait.
Sakratuaren eta hausturaren arteko erlazioa sarritan azpimarratu zuen George Bataille idazleak. Frantziako soziologia eskolan horrenbesteko eragina izan zuen Marcel Gaussen aforismo batean aurkitu zuen arazoaren muina: “tabuak bortxatzeko asmatuak izan dira”.
Gaur egun, aisialdi programatuaren jendetzentzako musiketan eta dantzetan topa ditzazkegu tragikotasuna, zalaparta eta amorrua. Edozein diskotekako iluntasunean topa dezakegu tragikotasunaren esperientzia, otzana agian, kontserba-latako eroaldi baten modura, baina esperientzia azken finean. Bestetasunaren bilaketa, mundutik eta norbere burutik ihes egiteko gogoa berdinak dira oraindik. Mundu guztiak izan nahi du beste norbait.
Bere aldetik, jolasa eta pentsamenduaren arteko harremanak uztartzen dituen liburu batean, Javier Echeverria, gorputza ezarritako antolaketa batenpean jartzeko garaian Niaren eta Jainkoaren artean osatzen den elkartasunaz aritu ondoren, modu harrigarri batean riau-riau-ari buruz hizketan hasten da. Aldiberean dantza eta borroka politikoa den errito ariketa honetan, Echeverriak dantza egiten jarraitzea ez den beste helburu edo xede guztietatik aske ageri den ariketa ikusten du.
Izan ere, festa, bitarte musikalaren antzera, denboraren salbuespen estatu bat da. Manuel Delgadoren hitzetan, festak, nolabait esatearren, ez dauka iraupenik. Goraipatzen duen jardun beraren etenaldia suposatzen du. Inauterian erakusle garbiena topatzen duen denboraren haustura honek, inskribatzen den gizartearen behin-behinekotasuna antolatzeko orduan funtzio garrantzitsua du.
Bestalde, ezin dugu ahantzi, modernitateak, munduaren lilura amaitzetik urrun, haustura bera makulu hartuta mundua bizitzeko modu ezberdinenak sakralizatu dituela. Zentzu honetan, Michael Taussig idazleak erlijioa drogen diskurtsora moldatu edo mugitu dela aipatzen du: “Gizarte modernoak, bereziki Amerikako Estatu Batuetakoak, drogak legez kanpo utzi eta hauen erabilera eta salmenta ezohiko moduan zigortu ondotik, sakratua den horretan gordetzen den haustura eta tabuaren logika perfekzio maila beldurgarrienera eraman du”.
Hortaz, arrazionaltasun modernoak mundu sakratuarekin amaitzeko egin duen saiakera, bere logikaren azpian dagoen gatazka deusezteko saiakera baino ez da. Sakratua dena, espazio bakar eta nonahiko bihurtzeko saiakera, giza portaeraren eremuko zoko ezkutuenean ere eragiteko gaitasuna duena.
Peter Sloterdijkek, El extrañamiento del mundo liburuan, sakratuaren eta sustantzia ezberdinen erabileraren arteko erlazioak “bizitzaren gehiegizko eskaeraren” aurrean ihes egiteko tresna bezala aipatzen ditu. Entzumena eredu bezala hartzen duen ihesa: “Entzungailuak ditugunetik, musikaren kontsumo modernoan munduarekiko deskonexioaren printzipioa gailuen eskalaren arabera ere aurreratzen da. Ideia hontatik abiatuz, modernitatearen giro sutilagoen forma guztien eboluzio drogoteoriko batetik gero eta hurbilago gaude. Gaur egun, zaila da munduarekiko urrutiratzeko balio dezaketen teknika musikalen aztarnarik ez duen kultur fenomeno garaikiderik pentsatzea. Soinu instalazioaren menu tonalean egindako murgiltzerik gabe, ezta Coccooning modernoena ere, sinbiosi, parranda eta erretiroen barren hurbilgaitzetara egindako migrazio masiboa, ez zen posible izango. Munduarekiko aldentzea gizarte polieskapista baten gutxieneko izendatzaile komuna da”.
Hirugarren belarriaren edizio berri honek, gaur egun sakratuak bere burua aurkezteko dituen modu anitzak deskribatzeko saiakera egingo du: gauzetaz baliatzeko erabiltzen dituen modu berriak, eszenatokian agertzen duen biolentzia, erakusten dizkigun jantziak eta ahotsak, mundua ikaratzeari utzi ez dioten aurpegi anitzak.