erresistentzia + tematzea = erresistematzia
(eragileen biltzarra, hospitalarios -erakusketa eta prestakuntza tailerrak)
Botereari eta erresistentziari buruzko ideiak, bereziki erresistentzia sorkuntza eta eraldaketa direla defendatzen dutenak, eredugarri izan dira interbentzio artistiko askorentzat, eta artearen munduaren barruko ekintzaren aldeko printzipioak hezurmamitzen dituzte. Aldiz, erresistitzea ez da ekintza heroiko bat. Hala ikusiko bagenu, seinale ez ginatekeela ondo ulertzen ari praktika artistikoari lotuta ikusten dugun konpromiso edo erantzukizunaren esanahia.
“Baztertuen areto”etatik abangoardia taldeetaraino, status quoari erantzutearen eta aurka egitearen ideiari lotuta egon da artearen praktika. Egun, teoria praktika moduan ulertzea ezin bestekoa da testuinguru garaikide honetan erresistentziaren ideia ulertzeko,arteen zeharkakotasuna ulertzea beharrezko bihurtzen den bezala. Zeharkakotasuna, izan ere, toki ezin hobea da konkretua denari eragiteko, gure eguneroko testuinguruan ekiteko.
Inmersionesen, gure jarduera erresistentzia-ariketa eta tematze-lana dela ikusten dugu gero eta gehiago. Egiten dugun deialdi bakoitzean, bada berriz elkartzera, puntu komun bat eta “egiteko moduak” aurkitzera garamatzan egoskorkeria eta matraka puntu bat. Hor ikusten dugu guk geure burua talde moduan.
Horregatik beharbada, beti konektatu dugu espiritu hori partekatzen duten erresistentzia kulturaleko formekin, proiektu, ekimen edo lan-ildo bati lotzen zaizkionak, egokiera edo unean uneko zirkunstantzia zein den erreparatu gabe.
“Boterea dagoen tokian erresistentzia dago”. Ez dago erresistentzia “bat”, “erresistentziak” baizik, eta bereziki kitzikagarria da “mikro-erresistentzi”en ideia. Ez dago erresistentzia forma “aratz” bat. “Erresistentziak” gizartetik dabiltzan bizi energia motak dira, armatu eta desarmatzen direnak, beren burua adieraztera heldu edo hutsaltzen direnak. Haien taupadarik gabe, ezinezkoa kontserbazioa eta higiezintasuna bilatzen duten erreakzio indarren mehatxuari aurre egitea.
Bestalde, tematzeak rol garrantzitsua du erresistentzia artikulatzeko orduan, behartzen baitu denboraren eta erritmoaren kudeaketa propio batean pentsatzera. Tematzen gara ere erresistentzia mota bat delako. Erresistentzian tematzea orainaren eta betikotutako iraganeko forma guztien “kontrako” orainaldiko ekintza bat da, etorkizunaren alde.