Egungo lanaren kontzeptuan bi bereizketa gertatzen dira: langilearen eta bere lanaren produktuaren artekoa, eta pertsonen eta beren desioen artekoa.
Gizarte-eszenategi horretan, kontrola eta komunikazioa boterearen erdigunean kokatzen dira eta, “gizarte fabrika” behin gaindituta, gure bizitzaren une bakoitza emankorra bihurtzen da. Langabeek zein enplegatuek, aberatsek zein pobreek, denok ekoizten dugu kapitalaren “espazio-denbora”n, gizarte osoak ekoitzi egiten baitu lan mota abstraktu berri honen bidez (komunikazioa, softwarea, publizitatea, diseinua,…). Espazio berri honetan, jendearen subjektibotasuna bera ekoizten da, “gizartea ekoizten da”.
Langile ez-materialek, publizitatean, marketinean, informatikan (eta artean?) lan egiten dutenek, kontsumitzailearen eskaria asetzen dute eta, aldi berean, beraien kontsumo-formak eta bizi-estiloak ezartzen dituzte.
Hori ikusita, Inmersiones 2015ek praktika artistikoak ekoizpenaren eszenategi berri honetan daukan tokiari buruz galdetzen du, baita lanari lotutako arteari buruz, galdetzen du artea erresistentzia-espazio bat izan ote daitekeen edo, aldiz, lan-, ekonomia- eta gizarte-paradigma honen kolaboratzailea ote den. Inmersiones 2015ek artisten lanari buruz galdetzen du, haien mekanismo eta helburuei buruz, galdetzen du artelan horien askotariko forma, aplikazio, adierazpide eta elkarreraginei buruz. Inmersiones 2015ek galdetzen du: zer nolako lana da artearen lana?
Izan ere, alde batetik, bada arte- eta kultura-praktikei buruzko ikuspegi bat praktika horiek gizarte-jardueraren arlotzat hartzen dituena, lanaren eta bizitzaren arloen multzoan “aparte”kotzat dituena.
Aldiz, beste alde batetik, merezi du kultura- eta arte-lanaren prekarizazio-baldintzak esplotazio ekonomiko eta instituzionaleko prozesu batean aztertzea. Pentsatu behar da prekaritatea, sarritan, nork bere buruari ezarritako baldintza dela, barneratua, eta artearen praktika salbuespentzat jotzearen (nork bere buruari emandako) ideian koka daitekeela.
Beraz, paradoxa baten aurrean gaude: egungo lan-baldintza artistikoei buruzko mespretxua eta, aurrez aurre, badugu lan hori eragiten duen barneko premia; lan artistikoaren gutxiespena (hezkuntzan, eguneroko bizitzan) eta, aurrez aurre, badugu bizirik mantentzeko daukagun borroka, benetako prekaritatean izanik ere.
Inmersiones 2015ek “Pikutara lana!” hartu du goiburutzat, muzin egiten baitio lanari, hauxe post kapitalaren gizarte-kontrolaren arma den aldetik; aldi berean, proposatzen du artea lan-arloan erresistentziarako tokia (ere) izatea.