sorkuntza feministaren behatokia

Hemen aurkezten den proiektua, Sorkuntza Feministaren Behatokiaren lehendabiziko harria jartzea litzateke. Aurkezpen honen hasieratik, adierazi nahi dugu, agian, behatokiaren izena bera ez dela aproposena, baina proiektuaren inguruan pentsatzen hasteko erabilgarria gertatu da.

Feminismo ezberdinek, beraien praktika eta teorian ere, sorkuntzara bideratuak dauden proposamenak dakartzate. Existitzen duten egoeren eraldaketara bideratuak dauden momentutik, sorkuntza elementuak eta sorkuntza praktikak dira beraien proposamenak.

Sorkuntza Feministaren Behatokia ikerketara eta topaketara bideratua egon beharko litzateke. Urteetan, arte esparru garaikideko zentroetatik egindako esfortzu pertsonalak: arte eta feminismoek elkarrekin egindako bidea; maila teoriko eta metodologikoan aurrera eramandako ikerketak: maila akademikoan eta mugimendu feministaren lana eta eskarmentua jasoko lukeen topagunea eta lanerako gunea ere izango litzateke.

Sorkuntza Feministaren Behatokitik, maila ezberdinetan kokatzen diren sorkuntza tresnen arteko elkarreragina eta elkar lana sustatuko da: maila teorikoa, maila metodologikoa, maila sinbolikoa, maila estetikoa, maila politikoa. Modu honetan, sorkuntzarako tresna berriak garatzen joatea izango da Sorkuntza Feministaren Behatokiaren funtzio garrantzitsuenetakoa. Tresna hauek ikertzaile, politikoei, irakasleei, artistei eta kultura teknikariei eskainiko zaizkie beraien lana modu egokian aurrera eraman dezaten. Lantresna hauek erabilgarriak izango dira aurrerantzean adibidez artea ikuspuntu feministatik kritikatzeko eta aldarrikapen feministen eraldaketa indarra ikusgarri egiteko.

Bere lehendabiziko urratsa mintegi formatuan emango du Behatokiak. Bertan, arte esparrutik, akademiatik eta mugimendu feminista antolatutik jendea gonbidatuko da eta beraien proiektuen arteko harremanak eta lankidetza posibleak mahai gainean jarriko dira.

teoria eta militantzia feministen eragina arte-sorkuntzan

arte-sorkuntzaren eragina teoria eta militantzia feministetan

Metodologia feministen, feminismoen eraginpeko arte-jardueren eta mugimendu feministaren desafioen arteko topagune izatea dute helburu jardunaldiek.

Gaur egun, oztopatu egiten zaie ikerketa feministen metodologiei gure inguruan esku-hartze eta interpretazio berritzaileak izatea, eta ez dira kontuan hartzen zenbait artistaren proposamen bisual berriak. Bestalde, ezagutza-prozesu berriak proposatzen dituzte bisualtasun horiek; prozesuek, berriz, zenbait ekarpen egiten dizkiote ezagutza akademikoari, eta ezagutza-prozesua bera ere aldatu egiten dute.

Mugimendu feminista ere hurbildu zaie artistek beren desafioak aurkeztean sortzen dituzten bisualtasun berri horiei. Horrenbestez, ezinbestekoak dira hiru alderdi horien arteko elkarguneak, eta horien arteko lankidetza sustatzea dute helburu jardunaldiok.