Sarrera / irteera ikerketa-programa esperimentala da. Helburu nagusia proposamenen bidez artea bestelako komunitate formetatik esploratzea eta entseatzea da, eta horretarako artistek gidatutako ekintza publikoak antolatzen dira.
Sarrera / irteera programan artistak gonbidatuko ditugu beste harreman eta antolakuntza mota batzuk bultzatzen dituzten irudiak, eszenak edo uneak pentsatzera eta garatzera, aurkako bi ideia edo mugimendutik abiatuta: sarrera eta irteera. Hala, hiru artista gonbidatuko ditugu beste komunitate batzuk sortzeko proposamenari erantzutera, haien hizkuntza eta lan egiteko modutik abiatuta.
Horretarako, espazioa hartuko dute, irteeratik zein ihesetik Adibidez, sarrera ariketetako bat Sarean guztiz eraldatuko duten ekintzak antolatzea izango litzateke: garaje misteriotsu batean, gela sekretu batean, dimentsioarteko ate batean, sutzar batean, zuhaitz baten barrualdean, lurreko zulo batean, zapo baten poroetan. Beste modu batera bizi eta adierazteko gonbidapena da.
Irteera ariketa bat, aldiz, behaketarako irteera bat bilatzea eta eraikitzea izango litzateke. Izateko eta egoteko beste modu batzuez hitz egiten diguten egitura eta forma inspiratzaileei kasu egiteko nahitik jaiotako kanpoaldearen esplorazioa: mendian gau bat igarotzea gaueko hegaztiak entzuten, urpean igeri egiten ikastea beste ingurune batean bizitzeko, perretxiko espezie berriak ezagutzea, inurriak behatzea. Bestelako organismoak eta espeziak nola bizi diren aztertzera irteteko gonbidapena: behatu, leku batekin mimetizatu…