“Esplotazioa balio definitu batetik bereizirik iraunarazi ezina”
Orain dela bi urte, Espainiako gerra zibilari buruzko dokumentu batzuetan oinarrituta, botila sukoien, geroztik “Molotov koktelak” deitu izan direnen irudi eta informazio sail bat eskuratu nuen. Arma hori fronteko soldaduek beraiek asmatu zuten, egoeraren larritasunak bultzaturik, inondik ere, nahiz eta gaur egun oso bestelako konplizitate ideologikoak gogoratu; asmatu zen garaian, nolanahi ere, arma ofizialaren estatusa izan zuen gudarostearen barruan, eta fabrikazio industriala eta guzti egin zen.
Azkeneko bi urte hauetan, erreferentzia historiko horretan oinarrituta botilak ekoizteko dinamika bat sortzea izan da nire lana. Lehenengo jarduera horrez gainera, “botilategiz” eta gai berari dagozkion beste egituraz osatutako serie paralelo bat egin dut. Bi lan-ildo hauek “positibo-negatibo” dei daitekeen harreman baten arabera joan dira elkar osatuz eta elkarri eraginez, ia maila guztietan ia konnotazio antonimoak osatuz. Botilen ekoizpen-lana, neure konbentzimenduz, arte-jarduerak eskaintzen duen ikusgarrien mugez kanpo eduki dut; alderantziz, “euskarrien” (botilategien) produkzioak bete du nire jarduera profesionalaren eremu “publiko” hori. Hala ere, ordea, lotura estu horrek, eremuen irazgarritasunaren eraginez aldatuz eta sendotuz joan ondoren, bere nortasun berezia hartu du, eta nortasun hori ekoizpen formal “soila” gainditu beharra iradokitzen ari da, ezin bestean.
Erakusketa: 2012 martxoak 9 – 2012 maiatzak 12