todo movimiento

Manu Arreguiren proiektua bideo-instalazioak, argazkiek eta grafikoek osatzen dute. Irudiak lortzeko, 3D-ko mugimendu birtualez baliatu da, baita ohiko bideogintza- eta argazkigintza-jardunbideez ere.

Eskuen mugimenduan oinarrituz, bi gai jorratu ditu: batetik, dantza, desadostasun-eskubidearen iturburu sustatzaile gisa; bestetik, gizabanakoaren desoreka, gizarteak inposatutako maskulinizazio-eredu sexisten ondorioz. Betidanik, maskulinotasunak bat-bateko bulkadak menderatzeko gaitasuna izan du ezaugarri. Amore eman eta bulkada horietan erortzen denak estereotipoa zapuztu eta gizonezko izateari uzten dio. Gizonezkoen mugimenduek zuzenak eta bortitzak behar dute izan, eta urratsek, berriz, handiak eta irmoak, inoiz ere ez leunak, zalantzatiak eta txikiak. Gizonezkoek mugimendu zurrunak egiten dituzte eskuekin, eskuturrak ia geldirik eta atzamarrak zeharo luzatuta, ezertarako ere itxi gabe, salbuespen bakar baterako izan ezik: ekintzaren bat egiteko. Malgutasuna eta bizitasuna ez datoz bat maskulinotasunari buruzko autokontzeptuekin. Itxura maskulinoaren oinarrizko printzipioa, noski, gorputz-jarrera tentea eta irmoa da. Kanpo-itxura horren presioaren eraginez, jokaera-elementu makur, ahul edo desbideratu guztiak menderatuz, helburua lortzen da: gizon gogorra izatea, hau da, indartsua, hitz gutxikoa, isila. Gorputz-jarrera maskulinoa neurritsua da beti, mugimendu eta emozio gehienak kanpoan sortzen baitira. Emakumezkoen mugimenduak, aitzitik, bihurriak eta malguak dira, oldarkortasunerako edo erresistentziarako joera txikia eta hurbiltasuna edo otzantasuna uzten baitituzte agerian.

Historiak erakusten digunez, 1930etik aurrera, ekonomia-krisiak nagusitzen hasi ondoren, afeminamenduaren  kontrako gorrotoa erruz indartu zen. Dantzaren mundua adibide garbia dugu. Ted Shawn koreografo ospetsuak oso adierazpen gogorrak egin zituen balet-talde errusiarren kontra. Gizonezkoen dantzak homofoboen gaitzespenetik babesteko nahiak eraginda, eta, era berean, gizonezko dantzari guztiak homosexualak ez direla eta, beraz, errespetua merezi dutela aditzera emateko asmoz sortu ziren. Hona hemen Shawnen hitzak: “Amerikak maskulinotasuna eskatzen du, ez artea”. “Depresio handiaren kontra, gizontasuna eta nazionalismoa”. Shawnek eskultura greziarren irudiak ekartzen zituen gogora. Bere leloak indarra, apaltasuna eta suhartasuna ziren. Dantza kementsuak sortzen zituen, ez sexualak, eta dantzariek inoiz ere ez zuten elkar ukitzen.

Gerora, koreografo moderno prestigiotsu batzuek maskulinotasuna eta femeninotasuna neutralizatzea eta sexu-konnotazioak bertan behera uztea erabaki zuten, beren homosexualitatea ezkutatzeko. Beraz, ezaugarri abstraktuetan oinarritu ziren, hala nola espazioan, denboran eta mugimenduetan. Dantza modernoak ingurune antisexuala sortu zuen. Bertan, gizonezko dantzarien arrazionaltasuna eta emakumezko dantzarien barne-arakapenak aurrez aurre zeuden. Esanahia bilatzeko ez zitzaien erreparatu behar gorputzaren mugimenduen inplikazio psikologikoei, mugimenduaren beraren ezaugarri fisikoei baizik. Horra zer zioen Merce Cunninghamek bere koreografiez: “Ez dago sinbolorik, ez istoriorik, ez arazo psikologikorik. Zer ikusten duzun, horixe dago, besterik gabe”.

Mende batean zehar, koreografoek eta dantzariek emozioei eta formei lotutako dantzak jorratu dituzte, sexu-bulkadekiko loturak erabat uxatuz. Dena den, homosexualen askapen-mugimenduen eta HIESaren krisiaren ondorioz, hori guztia aldatzen hasi zen.