Proiektu honekiko interesa monumentu xehe baina hunkigarri batekin topo egin nuenean sortu zitzaidan. Ebroko guduan (1938an) eroritako burkideen omenez, Nazioarteko XV. Brigadako Zulatzaileen Batailoiko gudariek Tarragonako Sierra Pandolsen egin zuten monumentuarekin topo egin nuenean, hain zuzen ere.
Eraikin hori izan zen dagoeneko hiru urtetik gora dirauen ikerketa- eta sorkuntza-prozesuaren motorra, eta bera da Espainiako Gerra Zibila hainbat ikuspuntutatik aztertzen duen ikus-entzunezko dokumentuaren ardatza, historia eta memoria ikuspegi kritikotik eta bizipenetik berreskuratzeko beharrizan garaikideari buruz hausnartzeko asmoz.
Monumentuarekin zuzen edo zeharka lotutako pertsonen lekukotasunen bidez eta bertara egin ditudan bisitetan bildutako esperientzien bidez, lanak hainbat ildo narratibo garatzen ditu paraleloan eta elkarrekin nahasita, ikuspuntu bakar batetik inoiz kontatu ezingo den errealitate baten irudikapen poliedriko gisa. Hala, dokumentu-izaerako elkarrizketekin batera, historia irudikatzeko fikzioak eta eszenan esperimentatzeko atalak tartekatzen dira, guduaren eremua ezagutzeko bidaian barneratutako bizipena islatzen duten grabazioekin batera.