Vis a vis proiektua Bilboko parkeetan egiten da, eta haren asmoa da aldez aurretik elkar ezagutzen ez duten edo antzeko interesen inguruan eta jarduera eta testuinguru desberdinetatik lan-lerro bat garatu nahi duten bi artistari edo ikertzaileri entsegu formatuko topaketa bat egiteko aukera ematea. Oraingoan, topaketa Doña Casilda parkeko pergolan izango da. Bi parte-hartzailek erabakiko dute, euren arteko elkarrizketan, nolako itxura izango duen topaketak, baina leku horretarako bereziki sortuko dute, eta jendearentzat irekita egongo da. Proposamen honek probarako eta trukerako esparru bat sortu nahi du, gonbidatu bakoitzak bere lanaren berri eman dezan, betiere, bestearen lana aintzat hartuta. Oraingoan, honako hauek izango dira gonbidatuak: Ignacio García Sánchez eta Paco Chanivet (espekulazioaren eta zientzia-fikzioaren inguruko beren lanaren berri emango digute); Sahatsa Jauregi eta Julià Panadés (susmatzen dugu eskultura- eta instalazio-piezak lantzeko moduan harreman formala dutela); eta, azkenik, Raquel Meyer eta Saioa Olmo (gizarte-zientziak aztertzeko erabiltzen den teknologiari buruz hausnartuko dute). Halaber, gertatutakoa dokumentatzeko modua ere birplanteatu dugu: artearekin lotura duen pertsona bat gonbidatzen dugu, bere ikuspegitik eta bere jardueran oinarrituta topaketan hautematen duena eta interesatzen zaiona jaso dezan. Izan ere, topaketa egin ondoren, zenbait koaderno argitaratuko ditugu.