eremuak #10

«Komeni da gertaeraren aukeraren unea eta gertaeraren unearen aukera bereiztea.»

Sarritan, badirudi artea lekualdaketa-eragiketetan murgilduta dagoela, irudikapenari lotuta egon ordez bizitzarekin eta esperientziarekin zerikusia duten joan-etorrietan. Eragiketa horietan, erlazioak sortzen dira afektiboa den horretatik abiatuta. Afektibo diogunean, emozioekin ez ezik bi gorputzek elkar ukitzen dutenean sortzen diren afektu guztiekin ere zerikusia duena esan nahi dugu, kontuan hartuta gorputzek ere beren barne-erlazioak dituztela.

Afektua egoeraren aurka egitea da, eta, aldi berean, nork bere burua ematea, eta egoera paradoxiko horretan subjektua agertzen da, subjektibazioa. Erresistentzia afektu- erlazioen osagaietako bat da, eta ezarritakoaren inertziari euts diezaiokeen indar gisa agertzen da. Horretarako, berezitasunak agertzen dira, hots, geruzetan sortzen diren eta sortzen direnean aldaketa ahalbidetzen duten «puntuak edo guneak».

Artea inoiz ez dago espero den lekuan, eta artean ezinegona eta mugimendua dira bizitzaren etengabeko eferbeszentziaren adierazgarririk seguruenak. Ildo horretan, aldizkari honen edizioan, konfiantza izan dugu badakigula ez dakigun horretan eta egileen sentsibilitatean. Nolanahi ere, egileek aldizkarirako egindako ekarpenei ekiteko garaian, saihestu egin dituzte aldez aurreko ziurtasunak. Edukiak dinamika ireki batean oinarrituta sortu dira. Dinamika horretan, prozesuak estalita dauden egoeratzat hartzen dira, eta desplazamenduak ahalbidetu eta kanpotik etorritako inertziak saihesten dituzte.

Aldizkariaren asmoa ez da errealitate bat kontatzea, errealitate hori gauzatuz eta berezitasunen —subjektibotasunen— aniztasun hori kontuan hartuz aurkeztea baizik. Aldizkarian parte hartzeko gonbidapenak egitean, partehartzaile bakoitzak aurrean zuen horretan propioa zena partekatzeko eskatu da. Lanari ekin aurreko unea isolatzeko, ekoizleak bere baldintza propioak sortzeko eta aukeraketa baten esanguratsutasunean konfiantza izateko hartzen duen jarrera isolatzeko.

Maddi Barber, basoan gauez harat-honat zebiltzan oilar batzuen irudi batetik abiatuta, Claros de Bosque izenburuko fikziozko gidoia idazten hasi zen (proiektua María Zambra- noren izenburu bereko liburuan oinarrituta hasi zuen). Handik urte batzuetara, haren ordenagailuko disko gogor batean, Claros de Bosque zioen karpeta zegoen. Barruan, hiru karpeta (1, 2 eta 3) eta Urrobi ibaiaren ertz batetik egindako argazki bat. Horrela deskribatzen du Maddik lanari ekin aurreko «lehen une» hori. Testuan, bere filmaren hiru faseak azaltzen dizkigu, eta xehetasunaren estetikarekin garatzen du gidoia nolabait ere; zoomaren dinamika, erreala denaren puzzlea osatzen duen pieza ordezkaezin ba- koitzaren inguruan gure arreta erakartzeko. Eta erreala den horretan, ehizatzen ez duten ehiztariak, lur orotako ibilgailuak, zuhaitzak berde digitalean, eta laino handia —oso handia— daude. Eta oilarrak daude.

Mertxe Murua psikologoak Jean-Pierre Garnier Malet fisikariak sortutako denboraren eta espazioaren desdoblamenduaren teoriaz hitz egingo digu. Azaltzen duenez, gure orainaldiko une hautemanezin edo «denbora-irekitze» batzuetan esperientzia jakin batzuk gertatzen dira, baina ez gara haietaz jabetzen. Garnier Maletek borondate onari ematen dion garrantziak pentsatzen dugunaren gaineko erantzukizunaz jabetzera eramaten gaitu.

Sentsazio bat, ideia baten desberdina den aldetik, lantzeko gairik zailenetako bat da. Sentsazio bat zailagoa da deskribatzen, eta ez da gauza baten inguruan intuizio handi bat izatea. Sentsazio baten euskarri bakarra haren zehaztugabetasuna da, baina, hala ere, hain bizia da, non sentitzen duen pertsonaren jabe egiten den azkenean.

Zenbaki honen asmoa mixtape «adrenaliniko» gisa funtzionatzea balitz bezala, «es obvio que las Mimosas están hablando» kaligrama sinplea eta, ondoren, Elenak eta Borjak proposatutako kantutegia aurrerapen bat dira, «nola erabili ahotsa zerbait kontatzeko» enuntziatuarekin podcast moduan egindako esperimentu pilotu batena.

Hinrich Sachsek eta Samo Tomšiček gorputz egonkor gisa diharduen hizkuntzaren eta bizi izandako esperientzia ezegonkor eta aldakor gisa agertzen den hizkuntzaren arteko erlazioari buruzko gogoeta bisuala proposatu dute aldizkariaren erdiko orrialdeetarako.

IbonRGk «ahotsaren diktadura» esperimentu formal atsegina proposatzen du, bi ahotseko monoentzute-entsegu iragarle gisa funtzionatzen duena; batetik, norberaren ahotsa, oihartzunaren eraginez bezala itzultzen digun jakintzarako tresna tekniko gisa, eta, bestetik, kakofonia, sorkuntza-prozesu ororen inguruko askotariko ziurtasun gertagaitzak. Baita haren prozesuaren ingurukoak ere.

Azpikultura jakin batean indarrean dauden eta haren oinarri diren errituek eta kodeek sentsibilitate jakin batzuen bereizketa gauzatzearekin dute zerikusia nagusiki. Sentsibilitate horien adierazpenak ez du inguruko errealitatearekin bat datorren ihesbiderik, eta bere hizkuntza propioa —bitxia eta, zenbaitetan, autoparodikoa— sortu behar du klandestinitatean.

Bestalde, Stewart Home idazleak eta Itziar Bilbao artista eta aktibistak artistaren eta Defiant Poseren egilearen proiektu batzuei buruz egindako elkarrizketa gidoitu baten transkripzioa «bizi izandako» erreferentzien gurutzaketa baterako esparrua da, azpikultura eta testuinguru soziopolitiko eta kultural baliokide bezain paradoxiko batzuetan murgildua. Take it Like a Punk lanak historia- eta bizi-une bat —egileentzat— disekzionatzen du, konpromisotik eta desadostasuneko militantziatik abiatuta, eta imajinatu daitezkeen hedonismo- eta disidentzia-mota guztiak aldarrikatzen ditu azkenean.

Estrella de Diegok, lau eskultorek (haietako hiru, euskaldunak) CA2M museoan aldi berean aurkeztutako lau erakusketa aitzakiatzat hartuta, «euskal» eskultura «berriari» eta subjektibotasuna produzitzeko agertzen dituen prozesu formalei buruzko disertazio berezi eta idiosinkrasikoa garatzen du bere testuan.

Eta amaitzeko, Miel Oyarzabalek collage bat proposatzen du kontrazalean, aldizkariaren bizkarrean, hainbat eskalaren artean planteatutako eszena batekin. Lan horrek tratamen- duaren espezifikotasuna eta zati bakoitzaren dimentsio anitzeko espezifikotasuna uzten ditu agerian. Irudi hori zurrunduta agertzen zaigu errealitate gisa, aireko begirada bate- tik abiatuta eta Subjektu baten bila.

Azkenik, aukera baliatu nahi dugu 2023ko urtarrilaz geroztik eremuakeko batzorde teknikoko eta aldizkariko argitalpen-taldeko kidea den Iñaki Garmendia artistari ongie- torria egiteko.

eremuak #10 aldizkaria doan banatzen da, eta EAEko eta Espainiako Estatuko hainbat banaketa-puntutan dago eskuragarri. Halaber, www.eremuak.eus webgunean deskarga daiteke, baita ingelesez ere.

⇒ Ikusi hemen aldizkariaren doako banaketa-guneak


Edizioa: 2023ko urria | Aleak:1500 | 82 orrialde
Edizioa: José Ramón Amondarain, Leire Muñoz, Iñaki Garmendia
Koordinazioa eta diseinu grafikoa: Maite Zabaleta Nerecán
Testu-edizioa: Marina Balenciaga Juaristi
Euskararako itzulpena: Belaxe
Gaztelerarako itzulpena: Celia Montolio
Inprenta: Artes Gráficas Lorea