eremuak #11
Aurten, elkarrizketaren inguruan egituratu da aldizkaria, elkarrizketa hartu du formatzat eta sintomatzat. Gauzen egoeraren irudi bat finkatu nahian —partziala edo iragankorra bada ere—, esparru kolektibotik publikora eta alderantziz dabiltzan konfigurazio berrien testuinguruan, erakusketa (erakusketa-jarduera) agertu da konfigurazio horien guztien elementu komun bezala, baina ezer mugatu gabe edo gaia inposatu barik. Asmoa ez da tesi edo oinarri teoriko originalen bat finkatzea, baizik eta artista eta agente batzuei ahotsa ematea, hain zuzen ere haien jardunaren bidez lanaren erakusketa publikoari buruzko eredu batzuk zalantzan jartzen dituztenei, eztabaidak indarrean jarraitzea ahalbidetzen dutenei. Horretarako, kasu esanguratsu eta interesgarri batzuk aztertu ditugu gertuko testuinguruan. Horiek erakundearen esparruan, esparru horretatik kanpo, bien arteko mugan edo aldi berean bietan jarduten dute, eta agerian jartzen dute espazio eta lan egiteko modu horietan ibiltzeak sorrarazten duen tentsioa.
Gauzak horrela, zenbaki honetan argitaratutako ekarpenak ikuspegi partzialak dira, dagokien testuinguruaren berri eman nahi dutenak: geografiko-historikoa, soziala, politikoa eta kulturala. Nolabaiteko mapa inperfektua osatzen dute, oraingo eta hemengo erakusketa-jardueraren ingurukoa, baina arteehuna etengabe berrelikatzen duten beste errealitate batzuetara —aipatzez eta/edo omisioz— jo gabe.
Gai horiei erreparatuta, tresna epistemologiko —kontzeptual eta formalki konplexu— moduan ulertu nahi izan dugu erakusketajarduera, gehienetan ezkutuan geratzen den prozesu baten emaitza moduan baino gehiago. Edo, bestela esanda, helburu gisa baino gehiago bitarteko gisa ulertu nahi izan dugu erakusketajarduera. Orobat, ekintza kolektibo gisa nabarmendu nahi izan dugu erakusketa, konplexutasun guztiarekin, eta ekintza horretan parte hartzen duten agente guztiak aintzat hartu. Leku propioa izaterik ez duten jarduera heterogeneoen izaera zatikatuari
buruzko eztabaida kritikorako gune gisa, hain zuzen. Halaber, eztabaidara ekarri nahi izan dugu bitartekaritzaren gaia, berori ulertuta kanpokoaren eta barrukoaren arteko nahitaezko lokarri gisa edo esparru publikoan inplikatutako agente guztien —artista, espazioa, komisarioa eta erakundea— arteko interfaze gisa.
Hauxe da eremuak #11 aldizkariaren lehen edukia: «Erakusketa baten entsegua pentsatzea». Andrea Rodrigoren eta Bulegoa z/b-ren arteko elkarrizketa-formatuko testua da, non kolektiboko hiru kideek testuinguru-mapa bat sortzen duten —atzera begirakoa— euren iritzian erakusketa-jarduera zer den adierazteko. Era berean, gako batzuk ematen dituzte bitartekaritza proaktibo eta arduratsuaren garrantziari buruz, krisian jarriz, behin eta berriro, inplikatutako eragile guztien arteko harremanak (baita euren burua ere).
Bestalde, eszena bat aktibatu zuten eta, ia ezinbestean, agertuz eta desagertuz joan diren espazioen —Okela, Artiatx, Flex, Puerta, Le Larraskito Club— ikuspegi panoramikoa eskaintzen du Aimar Arriolak «Bilbon gertatu zen» testuan, atzerako begirada pertsonalaren bidez. Ondorengo testuak, «Coda Le Larraskito Club» izenburukoak, Bilboko (Euskal Herriko eta Estatuko) musikaren eta artearen espaziorik adierazgarrienetako bat nabarmentzen du. Elkarrizketa-formatua du testuak, eta Miguel A. García (aka Xedh) artista polifazetikoa da elkarrizketatua, funtsezko pertsonaia Le Larraskito Clubaren fundazioan eta bizitzan —Enrike Hurtado koordinatzaile duen talde batek kudeatzen du Le Larraskito Club—.
Hemen erakusketa-jarduera deitu dioguna birformulatu nahian, adibide zehatz eta hurbil bat izan dugu abiapuntu: Ibon Aranberri artista, eta erakusketari heltzeko haren modua. Aldizkarirako ekarpen hori Atoi (Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta) espazioaren eskutik etorri da, proposamen hibrido batekin: alde batetik, Kinu #11+1: Ibon Aranberri lantegian sortutako materialaren zati bat —zehazki, Distiraken Exhibition in time izenburuko azken ediziorako sortua—, eta, bestetik eta lehenengoz, Paula Guerrerok aldizkarirako egindako komikia.
Esparru publikora iristeko beste modu bat aurkitu nahian, 101 kolektiboa gonbidatu dugu. 2017an sortu zen, espazioaren, gorputzaren eta materiaren arteko harremanak aztertzen dituen moda horretan jarduteko plataforma gisa. Haren ekarpenak Arqueología del desecho proiektuaren —eremuak babesle izan zuen 2020an— garapenaren testigantza uzten digu. Kolektiboak Bilboko arte-testuinguruan jardun zuen, Divinotekan izandako erakusketa batean. Horrez gain, jarduera eta lantegien programa luze-zabala garatu zuen.
«Open Source (Kode irekia)» Pierre Bal-Blancek idatzitako testu baten berrargitalpena da, Mattin artistaren Expanding Concert (Lisboa, 2019-2023) kontzertuaren hirugarren edizioaren harira egindakoa. Oraingo honetan, Mattinek bere jardueraren testuinguruan kokatzen du testua, eta galdekatu egiten du.
Zenbaki honetan Antonio Menchen, Estéfana Román eta Leire Lacunza ere gonbidatu ditugu, gai hauei buruz nahi duten bezala hausnar dezaten: nola ulertzen duten erakusketa eta zer leku hartzen duen haien lanean esparru publikoarekiko topaketa horrek. Antonio Menchenek, eskulturaren eta mugimenduko irudiaren artean dabilen artistak, «debut.» dakarkigu, jarduerari ekin baino lehenagoko momentu horren gaineko begirada bat: nola prestatzen den modelo bat agertokira irten aurreko minutuetan. Argiak, musika, betileak dantzan… Xehetasun hautemanezin oro larrialdi bihurtzen da: Erakusketa modadesfile baten antzekoa izatea izan da nire asmoa.
Estéfana Románek lehen pertsonan kontatzen du leku batez jabetzearen esperientzia, kanpokoa zein barrukoa den espazio baten eraldaketa sotilari erreparatuta. «Security» haztatuz doa hatz-punten eta pentsamendu-fluxuaren artean. Espazio propio bat; etxetik urrun, gauza eta gertaerekiko topaketatik sortzen den prozedura.
Leire Lacunzaren testuak, «Musu bat ematera ausartzea» izenburukoak, jatorrizko irudi bat du hizpide —itzuli beharreko oroimeneko leku mitikoa—, bizitzan eta sorkuntzan bultzada ematen digun sorrerako momentua delakoan. Estudioko lanean eta, beraz, erakusketan inbokatu nahi duen esperientzia estetikoa.
Bestalde, editorial honek ematen digun aukera aprobetxatuz, honako hau jakinarazi nahi dizuegu: eremuak #11 aldizkariak diseinu-eraldaketari ekin dio —progresiboa izango da, eduki espezifikoen arabera—, eta, lehen fasean, sail berri bat gehitzeak eragingo du eraldaketa. FILM MATERIAL da, aldizkariaren barruko paper-formatuko erakusketa-espazio bat. Sail berriak komisariotza-izaera izango du, eta errotatuz joango da hiru urtean behin. Manuel Cirauquik hasiko du FILM MATERIAL (I) sail berria, lanen irudiz osatutako mosaiko batekin: Tini zabutykh predkiv (Gure arbaso ahaztuen itzala) (1964), Sergei Parajanovena; Talcako Unibertsitateko Arkitektura Eskolak Curtidurían (Txile) 2006an antolatutako tailer bateko artxibo galduaren material ugari eta ez-ohikoa, José Luis Uriberena; eta Windows Blowing Out (2005), Jorge Satorrerena, Matta-Clarken obra baten reenactmenta dirudien jarduera baten erregistroa. Cirauquik film (material) baten munduetan murgiltzen gaitu bere hitzaurrean: … barruan antolatu den, baina barrua gainditzen duen, eta obra bere identitatearen aurkako desafio moduan tenkatzen duen material hori.
Aldizkaria objektutzat hartuta esku hartzea izan da aurtengo beste berritasunetako bat. Oraingoan, Beatriz Olabarrieta izan da artista gonbidatua, eta irrati-maiztasuneko teknologiarekin egin du lan.
Azkenik, Mikel Ruiz Pejenaute arduratu da atzeko azalaz, eta aldizkarirako berariaz egindako irudi bat erabili du; alegia, marrazkia, grafikoa eta diseinua nahastuz osatutako collage bat.
Azkenik, ongietorria egin nahi diogu Raul Domínguez artistari, 2024ko urtarrilean eremuakeko batzorde teknikoan eta aldizkariko argitalpen-taldean hasi den kideari.
eremuak #11 aldizkaria doan banatzen da, eta EAEko eta Espainiako estatuko hainbat banaketa-puntutan dago eskuragarri. Halaber, www.eremuak.eus webgunean deskarga daiteke, baita ingelesez ere.
⇒ Ikusi hemen aldizkariaren doako banaketa-guneak
Edizioa: 2024ko urria | Aleak:1500 | 82 orrialde
Edizioa: Leire Muñoz, Iñaki Garmendia, Raúl Domínguez
Koordinazioa: Eneka Fernández
Diseinu grafikoa: Maite Zabaleta Nerecán
Testu-edizioa: Marina Balenciaga Juaristi
Itzulpena: Belaxe
Inprenta: Artes Gráficas Lorea