Aldizkari honek 2025 eta 2026 artean egindako lana jasotzen du*. Beraz, zenbaki bikoitza da —eremuakek azken bi urteetan sortutako jardueraren zati bat hartzen du—, eta eremuaken lau urtean behingo laugarren erakusketarekin batera aurkezten da. Aurreko zenbakian hasitako lan-ildoari (neurri batean, erakusketa-ekintzaren inguruan sortutakoari) jarraitzen diote aldizkari honen edukiek eta, oraingo honetan, egitura instituzionalek artea ekoizteko eta hedatzeko ezartzen dituzten baldintzetan jartzen dute arreta, baldintza horiek zalantzan jartzeko eta geure buruari galdetzeko eremuakeko batzorde gisa egun dugun eginkizunaz.
Zenbaki honetako zenbait ekarpen eta lau urtean behingo erakusketa hainbat topaketaren eta lan-mahairen emaitza dira; egungo beharrak identifikatu eta jasotzeko eta horiei erantzuteko ekintzak proposatzeko antolatu ziren topaketa eta lan-mahaiok. Gainera, eremuaken artxiboko dokumentu programatikoak berreskuratu eta berrikusi genituen, eta programaren fundazio-gaiei buruzko hausnarketa ahalbidetu. Zenbaki honetarako, Juan Luis Moraza artistak eta batzordekide ohiak 2011n eremuaketik atera zenean idatzi zuen «Existentzia baldintzak» txostena argitara ematea ere erabaki dugu. Osorik sartu dugu oraingoan, egileak gehitu duen sarrera labur batekin batera.
Bestalde, eremuaken lau urtean behingo laugarren erakusketaren esparruan, gure buruari galdetu nahi izan diogu ea nola gerta daitezkeen publikoki arte- eta komisariotza-jardunbideak, horiek hartzen dituen ingurunearen testuinguru material, denborazko eta lurraldekoarekin bat datorren konpromiso batetik. Hala, Marina Vishmidtek(1976-2024) bere obran garatu zuen azpiegitura-kritikaren kontzeptura jo dugu; Mattinen hitzetan, kontzeptu horren bidez, Vishmidtek «kritika instituzionaletik askoz harago doazen» tresnak jarri zituen gure eskura. Danny Haywardekin lankidetzan, Marina Vishmidten ekarpen baliotsua omendu dugu, eta haren hil osteko Infrastructural Critique: Contemporary Art Between Reproduction and Abolition liburuaren pasarte bat argitaratu dugu, euskarara eta gaztelaniara itzulita, haren pentsamendua Euskal Herrian sartzen laguntzeko asmoarekin.
Azterketa teoriko eta praktikoko kasu zehatzak azaltzeaz gain, kritikari buruzko gune berri bat sortu dugu zenbaki honetan, artea bere ingurune sozial, politiko eta kulturalarekin elkarrizketan jartzearren. Horrekin, artearen hizkuntza propio eta espezifiko bat eraikitzen ere lagundu nahi dugu. Lehen fasean, eremuakek Julen García Muela artista gonbidatu zuen 2025eko HARRIAK programako erakusketei eta 2026ko batzuei buruz idaztera; bost testu idatzi zituen guztira, eta zenbaki honetan sartu ditugu. Horrez gain, «Sare partekatu bat» testuak lehen fase honen ondorioak eta distantzia kritikoa mantentzeko bere ikuspegia aurkezten ditu.
Testuinguru horretan, eta gure egoeraz idazteko errutinak sortzeko eta eztabaida-giroa bultzatzeko esparruak eskaini nahian, Peio Aguirreren testua azaldu da; izan ere, hari luzatu genion gonbita, euskal inguruneko kritikaren fenomenoak azken hogeita hamar urteetan bizitako historia berria kartografia zezan. «Arte-kritika eta esperientzia» (2025) testua izan zen haren ekarpena eta hori ere jaso dugu aldizkari honetan.
Azterketa-kasu gisa, eta erakusketa-azpiegituraren pitzadurak ikertuz, «Gela hutsetan entseatua» testuan, estudiotik erakusketa-gunera igarotzean eratzen diren piezak nola formalizatzen diren azaltzen du Ane Berganzak, Montehermoso Kulturunean egindako bakarkako bigarren erakusketa (The Seasoned Baby Scholar, 2026) muntatzean izandako esperientziatik abiatuta.
Bestalde, Cristina Morales idazlea eta Clara Moreno Cela artista gonbidatu ditugu, lan-baldintzek idazketa taxutzeko duten moduari buruz hitz egin dezaten beren esperientzia oinarri hartuta. Haiek erabakita, posta arruntez aritu dira, eta hemen argitaratu dugu haien arteko korrespondentzia osoa.
«Deji Lasi Oier Etxeberriarekin hizketan: Cybernetics of the Poor erakusketa egin eta bost urteren ondoren» elkarrizketak 2020ko Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketa aztertu du, Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria komisario izan zituena. Cybernetics of the Poor erakusketaren inguruko elkarrizketak azaltzen duenez, erakusketa epe luzerako lankidetzazko ikerketa-proiektu baten amaiera izan zen, eta zibernetikaren garaiko estrategia eta metodologia artistikoen inguruko azterketa-kasu bat.
2024an, FILM MATERIAL saila argitaratu genuen lehen aldiz, paper-formatuko erakusketa-espazio bat aldizkariaren beraren barruan. Ikus-entzunezko proposamenak aurkezteko hiru urtean behingo proiektu
gisa sortu zen, eta Manuel Cirauquik eman zion hasiera. 2025ean aldizkaririk egon ez zenez, zenbaki honetan FILM MATERIAL (II) eta FILM MATERIAL (III) argitaratu ditugu, lehen zikloa itxiz.
Salbuespen moduan, aldizkariaren azala eta atzeko azala estaltzen dituen irudi bat erabili da aurten. Elba Martínez artistaren argazki bat da, egungo batzordearekin lankidetzan aukeratua. Esku-hartze hori aldizkariaren barrura ere hedatu da, berariaz aukeratu den olerki-sorta batekin. Azkenik, Izar Ocarizen ekarpena aipatu behar dugu, «Zurian 100», literatura-lanak argitaratzeko gonbidapen libre bati erantzunez egina.
eremuak #12 aldizkaria doan banatzen da, eta Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat banaketa-puntutan dago eskuragarri. Halaber, www.eremuak.eus webgunean deskarga daiteke, baita ingelesez ere.
–
* 2025ean eremuak programaren harrera-egoitza lekuz aldatu izanak egokitzapen-prozesu luzea ekarri zuen administrazio- eta lurralde-esparruetan, eta, horren ondorioz, urte horretarako aurreikusitako programaren egitura osoa berrantolatu zen. Programaren jarraipena bermatzeko, eremuak #12 aldizkariaren argitalpena 2026ra atzeratzea erabaki zuen eremuakeko batzorde teknikoak.
Edizioa: 2026ko urria | Aleak:1500 | 160 orrialde
Edizioa: Iñaki Garmendia, Raúl Domínguez, Olatz Otalora
Koordinazioa: Eneka Fernández
Diseinu grafikoa: Maite Zabaleta Nerecán
Testu-edizioa: Marina Balenciaga Juaristi
Itzulpena: Belaxe
Inprenta: Artes Gráficas Lorea