distantziak / distancias / distances

2021ko urriaren 29an eta 30ean, Tabakalerako Z aretoan,

⇒ Ikusi hemen jardunaldietako bideoak

Distantziak jardunaldietan parte hartu zuten gonbidatuak honakoak izan ziren: Lorea Alfaro, Tarek Atoui, David Bestué, Luz Broto, Patricia Esquivias, Dora García, Olatz González Abrisketa, Erlea Maneros Zabala, Asunción Molinos Gordo, Lisa Rosendahl. Jardunaldiak Eddi Circa-ren saioarekin bukatu dira.

Gorputzak-distantzia binomioa jorratzen dugu 2021eko Nazioarteko Jardunaldietan. Egungo testuinguru honetan puri-purian dugun gaia dugu, baita jarduera artistikoetan ere. Izan ere, jazoera esanguratsuen bidez adierazten da azkenaldi honetako artean gorputzen arteko espazio-harremana –hurbilekoa zein urruna– eta haien beren inguruneen artekoa.

Proxemiaren teoria ekarri dugu gogora hausnarketa honetan. Latineko proximus terminoa (“oso hurbila”) du jatorri proxemia hitzak. Labur adierazita, norberaren espazioaren erabilera eta pertzepzioa aztertzen du proxemikak, gure gorputzen inguruko espazioa. Edward T. Hall antropologoak formalizatu zuen teoria hori, zeinak hau aztertzen baitu: nola okupatzen dugun espazioa, eta zer distantzia gordetzen dugun interakzioan eta komunikazioan. Zenbait espazio-mota identifikatu zituen Hallek, faktore hauen arabera aldatzen direnak: topaketa-mota, solaskideen arteko harremana, haien nortasuna eta beste zenbait. Lau azpikategoriako eredu bat diseinatu zuen, distantzia txikiagotik handiagora sailkatuz: distantzia intimoa (gorputzarena) kontaktu fisikotik 45 cm-rainokoa; distantzia kasual-pertsonala, ohikoena pertsonen arteko harremanetan, 46tik 120 cm-rainokoa; distantzia soziala, eguneroko harremanetan –lanean adibidez– interakzioa bideratzen duena, 120tik 360 cm-rainokoa; eta distantzia publikoa, ikusmenaren eta entzumenaren mugetaraino iristen dena.

 

Nolanahi dela ere, irizpide hau dugu abiapuntu: distantzia handiagoak ez du nahitaez intimitate txikiagoa esan nahi. Gerta daiteke gorputz batzuen arteko distantzia handia izatea baina elkarri lotuak egotea; horrelakoetan ezinezkoak diruditen eremuetan ere intimitate-modu berriak irudikatzeko baliabide gisa ageri zaigu artea. Espazioen arteko distantziak, mugikortasun-murrizketak eta harreman fisikorako mugak ezartzen baina hari uko egin ez dioten arauekin negoziatuz, egoteko eta harremanetan jarduteko beste eredu batzuk irudikatzen laguntzen digu arteak.

 

Esparru hartan eremuak#8 aldizkaria eta artista-koadernoa aurkeztuko dira.