erótico / pornográfico

Duela 7 bat urte argitaratu nuen “Boys” an erotic magazine for women fanzine erotikoa. Fanzinea, aldizkari erotikoa, emakumeei bideratuta zegoen. Marrazki-sorta hori egin eta fanzinea kaleratzeko motibazio nagusia hausnarketa nahiko sinple bat izan zen: ia ez dago emakumeek emakumeentzat egindako mota horretako materialik. Fanzinea egiteko, 50eko hamarkadako estetika erabili nuen, aldizkari vintage bat balitz bezala. Zuri-beltzeko marrazkiak ziren gehienak, arkatzez edo tintaz marraztutakoak. Marrazkiak egiteko, Bob Mizer edota Andy Warhol artisten argazki-erreferentziak erabili nituen, eta baita aldizkarietan eta Interneten aurkitu nituen argazkiak ere.

Bestalde, fanzinea plazaratu nuen garai berean, eleberri erotikoen liburu-azaletan oinarritutako marrazkien seriea landu nuen. Lan horretako marrazkiek fanzinekoek baino ikuspegi komikoagoa zuten, eta kolorezko arkatzez egin nituen. Orain berriro heldu diot erotismoaren gaiari, baina modu irekiagoan eta sakontasun handiagoz.

Erotikoa dena ikertu nahi dut, baina baita sexualki esplizitua dena ere. Gaia lehen aldiz jorratu nuenean, Boys fanzinean, bazegoen asmo estetiko bat, baina, esan dudanez, batez ere emakumeek emakumeentzat sortutako material erotikoaren urritasunari aurre egin nahi izan nion. Aldi berean, historian zehar emakumea objektu bilakatzeko joera zapaltzailearen aurreko erreakzioa ere izan zela uste dut.

Proiektu honetan, berriz, sexuala, erotiko pornografikoa edo dena delakoa den horren aurreko erantzun pertsonala sortzea da motibazio nagusia. Lanari ekitean, nire asmoa ez da izan dagoenaren edo ez dagoenaren aurrean erantzun bat ematea; irudien mundu hori sortzeko interes pertsonala izan da abiapuntua.

Bestalde, gaur egun, sexualitateari eta erotikoa denari buruzko ikuspuntu gehiago, mota askotako irudi gehiago eta askotariko jarrerak behar direla uste dut.

Plastikaren aldetik, marrazki-sorta berri honetan bi ildoak landu nahi ditut, Boys fanzinekoa eta liburu-azal erotikoena, marrazki errealistagoak sortu nahi ditut, baina kolorea erabilita.

  • Sorkuntza artistiskoa
#SorkuntzaArtistikoa
Egilea/k:
Ebazpenaren data:
iraila 2019