Harriak lokatza isurtzen du begietatik, bere ahoak ibai bat jaurtitzen duela ikustean,
abestia zauritu eta zizelkatzen du islatzen zaituen uraren jainkoak.
Izandakoaren harira erortzen zara, anezkak jaurtita,
eta jostearen bibrazioarekin mitoa biratzen ikasten duzu:
den guztia idatzi egiten da idazketarik ez dagoen leku hartan.
Ipuin dogondarrak kontatzen duenez, beste anaia-arreba batzuen lana izan zen biluzik zegoen ama janztea. Biki horiek leunak, berdeak eta artikulaziorik gabeak ziren. Eurak dira Nommoa, egun hartan txirikordatzen eta bidekatzen hasi ziren ur-azalerak. Zuntzen artean, bere izaeraren zati bat kateatuta gelditu zen, bere jainkozko arnasaren hezetasuna, eta, harekin batera, mundua antolatuko zuen lehen hitza, sexua estaliko zuen jantzia.
Baina, beste behin ere, anai-arrebetako batek ordena apurtu zuen; izan ere, txakalak lehen hitza kendu nahi izan zuen, eta amak amore eman eta bere baitara hondoratu behar izan zuen; inurri eta inurritegi bihurtu eta Nommoek sexuan sartu beste irtenbiderik ez zuten izan, hezetasun argitsu eta berritsuak txakalaren sakrilegioa garbitu zezan. Anaia-arreba guztiak sartu eta ernaberritu ziren; baina, azkena ez, ez baitzuen atera nahi izan. Pixkanaka-pixkanaka Nommo hori hazi egin zen eta inurritegi osoa hartu zuen. Bere ahoak bat egin zuen ertzarekin eta hortzak atera zitzaizkion. Laurogei hari jaurti zituen ahotik eta haren masailezurretik ehungailua sortu zen. Halatan, gizakiari ehungailua eman zitzaion, bigarren hitza, errorea eta etengabeko ikaskuntza oroituko zituen teknika.
Hirugarren hitza errementariaren eskutik iritsi zen, eguzkiari zati bat lapurtu baitzion. Hastapeneko bidaian gizakiari lagunduko zion tresna. Lehen hitzetik geroz eta urrunago dauden azken bi hitz horiekin moldatu behar du gizakiak ezagutza-modu berriak ikasteko. Txakalaren nahasmenduaren ostean, munduak ez dio berrantolatzeari utziko, eta:
— “Biluzik egotea, hitzik gabe geratzea da”.
(Kontsultatutako iturriak: http://www.qyam.free.fr/Afrique/Dogonbis.htm)