eremuak #9
Urtero, udazkenean, eremuaken argitaratzen dugun aldizkariaren 9. zenbakia duzue hau. Azken zenbakietan ez bezala, oraingo honetan aldizkariak ez du gai nagusi jakin bat; aitzitik, gure intuizioari jarraitu eta hurbileko testuinguruari behatu diogu, eta hortik hasi gara. Dena den, abiapuntuko gairik ez dagoen arren, prozesuan zehar eta aldizkaria osatzen duten egileei gonbidapenak luzatu bitartean, edukietan behin eta berriro azaldu dira zenbait ardatz edo esparru. Horietako bat artearen «gogoetarako» gaitasuna da, artea berariazko ezagutza-modua delako ideia. Ezagutzeko modu bat, norberarena bestearenean eta bestearena norberarenean islatuz. Iridiszentzia moduko bat, kanpoko argitik datorren islapenaren eta barne-errefrakzioaren arteko interferentzia erakusten duena.
Zenbakiari hasiera emateko, sei artistak idatzitako testu laburrak daude. Beren aukerako beste artista baten jardunari buruz idazteko gonbit egin diegu; bizirik edo hilda egon daiteke artista, eta hurbilekoa edo urrunekoa izan. Hauek izan dira gonbidatutako artistak: Azucena Vieites, Pello Mitxelena, M. Benito Píriz, Naia del Castillo, Estanis Comella eta Lucía C. Pino. Horiek honako hauen lanari buruz idatzi dute: Gretchen Bender, Miroslaw Balka, Ainhoa Lekerika, Anthea Hamilton eta June Crespo, Barbara Wojirsch eta Nadia Barkate eta Claudia Rebeca Lorenzo. Gonbidapenak luzatzean, hau zen gure hasierako intuizioa: begirada orotan norberarena bestearenean proiektatuko zela. Eta ariketa horretan zer ezagutza sortzen zen aztertu nahi izan dugu.
Ondoren, Juan Pérez Agirregoikoa artistaren eta Sonia Fernández Pan komisario eta idazlearen testu bana dago aldizkarian. Beren ahotsetik idazteko eskatu diegu, ezinbestean beti beste bat barne hartzen duen ahots batetik. Lehena artista-testua da: artearen eta kulturaren arteko tentsioari buruzko aipuak, pasarteak eta kontzeptuak berrikusten ditu, eta, aldi berean, aintzatespena bilatzen du kapitalismoaren begizten artean. Bigarren testua beste posizio batetik idatzi da, non, askotan, elkarrizketa abiapuntua izaten baita, edo harreman batean bestea ezagutzeko, norbera ezagutzeko edo izateko modua.
eremuak erakusketa kolektiboaren hirugarren edizioarekin bat etorri da eremuak #9 aldizkaria argitaratzea. Erakusketaren helburua da arte-testuingururik hurbilena begirada kolektibo baten bidez haztatzea, inguruko artea zer unetan dagoen zehatz-mehatz erakutsi nahian. Esparru horri dagokio Basilika kolektiboari agindutako testua; erakusketari buruzko aipamena egiteko eskatu genion, hura ikusi gabe pentsa eta idatz zezan, alegia. Oraindik «egin gabe» dagoen erakusketa bati buruzko aipamena idazteko proposamena espekulatzeko gonbidapena zen nolabait.
Aldizkaria osatzen duen azken testua Julen García Muelari eskatu genion. Julenek laguntza bat jaso zuen, eremuaken deialdi jarraituaren bidez, Rakel Winchester proiektua egiteko; baina, azkenean, ezin izan zuen gauzatu. Emaitzatik harago, garrantzitsua iruditu zitzaigun Juleni aukera ematea prozesuari buruz eta arteak desioarekin ebazteko duen zailtasun bereziari buruz hausnartzeko.
Aldizkariaren zenbaki honek ohiko esku-hartze artistikoa dakar erdiko orrialdeetan. Oraingoan, Ignacio Sáez izan da horren egilea eta eremuak erakusketa kolektiboan duen parte-hartzearekin lotu du. Bestalde, kontrazala Sofía Velascok egin du; horretarako, boligrafoz egindako marrazki bat eskaneatu du. Irudi horretan, konstelazio baten kopia librea egin du paper laukidun batean, paper laukidunak kopiatutako formarekiko ezartzen duen ordenan sartuz eta hartatik urrunduz. Azken orrialdeetan, agendan, eremuakek azken urte honetan gauzatu dituen jarduerak bildu dira; besteak beste, HARRIAK 2022 programaren xehetasunak ageri dira.
Azkenik, ongi etorria eman nahi diogu Leire Muñoz artistari, 2022ko urtarrilean eremuakeko batzorde teknikoan eta aldizkari honetako argitalpen-taldean hasi den kideari. Era berean, egindako lana eskertu eta onena opa nahi diogu Aimar Arriolari, batzordea utzi baitu lau urtez jardun eta gero, eta zenbaki honetan editore gisa azkenekoz parte hartu ondoren.
Doakoa da eremuak #9, eta EAEko eta Espainiako Estatuko hainbat banaketa-gunetan dago eskuragarri.
⇒ Ikusi hemen aldizkariaren doako banaketa-guneak
Edizioa: 2022ko urria | Aleak:1500 | 68 orrialde
Edizioa: José Ramón Amondarain, Aimar Arriola, Leire Muñoz
Koordinazioa eta diseinu grafikoa: Maite Zabaleta Nerecán
Testu-edizioa: Marina Balenciaga Juaristi
Euskararako itzulpena: Belaxe
Inprenta: Gráficas Lorea