Txoriengandik bereizten gaituena ez da espazioa apaintzeko dugun joera […], espazioa zatitzen dugula baizik.
Los argonautas
Maggie Nelson
…
Erakusketa-espazioa atondoaren barrenean dago, pasabide-eremu batean. Horma zuri batek —ez oso altua— eta inguruko espazioak osatzen dute.
Hormak denboraren joana erakusten du eta leiho itxi bat ezkutatzen du. Arrail batek bere ingerada mugatzen du, eta izkinetatik beste hainbeste sortzen dira, eskaiolaren tentsioak eraginda.
Leihoak irekitzera gonbidatzen du.
Sototik frontoirako sarbidea dago. Frontisaren paraleloa den horma honek beirate bat du. Ez dago, beraz, berezko errebote-hormarik. Argiak itzalita daudenean, aurrean duena islatzen du, eta frontoiko lerro zuriak ozta-ozta hautematen dira hondo beltzaren gainean.
Igarpen bat bezalakoa da.
Eraikina kuboen bidez konfiguratzen da. Haren egitura, beraz, aurreikusgarria da eta zirkulazioa intuitiboa suertatzen da, baita lehen bisitan ere. Sotoan, ordea, erraza da orientazioa galtzea.
Pasillo batek egituratzen du solairu hau: bi aldeetara altuera ezberdineko gela zabaletara ematen duten ateak daude; eta, amaieran, espazio berezi bat, zoru berdeduna eta argizulo batekin.
Eraikina berreraikitzean, frontisa ixtea erabaki zen. Aldaketa horrek, besteak beste, espazioaren esperientzia akustikoa aldatuko zuen ziurrenik.
Dardara. Durundi. Dirdira…
Frontoiko hormek pilotaren kolpeen arrastoa erakusten dute. Orban zuriz osatutako hodei bat metatzen da izkinan, zerrenda urdin batek markatuta: hiru lerroren elkargunea, hiru planoen topagunea. Begiratzeko edo eutsi ahal izateko horma/leiho edo leiho/horma bat.
…
Andrea, Carmen eta Gabrieleren arteko harremana espazioak ukitzen uzteko borondate gisa aurkezten zait, espazioaren elementuak bereganatzeko eta leku bihurtzeko nahi gisa.
Haien praktikak antzeko bilaketa adierazten du: behaketatik, errekonozimendutik eta intuiziotik abiatuta, korronte moduko bat azaleratzen saiatzen dira. Sentsibilitate bat partekatzen dute, forma edo gestu baten errepikapenetik abiatzen den egiteko era bat; pixkanaka mutatzen joaten dena, unibertso propio bat artikulatzen duten bariazioak sortu arte.
Nolabait, haien lanak frontoiaren oihartzuna ere egiten du, espazio fisiko eta sinboliko gisa; eta pilotarena, erritu eta estetika gisa. Kirol honetan aurkariaren ondoan jokatzen da, ez haren aurrean. Hiruren obran honelako zerbait dagoela pentsatzen dut: zeharka begiratzea, dirdira itzali ez dadin, erreboteak itzuliko duenaren zain.
.