Diotimak zioen bizidunen eta hildakoen arteko deabru mezulari bat zela maitasuna, giza eraldaketen haria, denbora eta zeru guztiak apetitu aseezinez irensten zituen bidaiaria.
Behin batean maitasunak Auritz, Ander eta Katza irentsi zituen. Amodioaren heste-meharra uzkurtzen hasi zenez eta sabel kirasdun honetatik irteteko helburuarekin, ezusteko bidai bati ekin zioten artistek.
Pintzel batekin olio pasta lodi bat arrastatu zuten eta maitasunaren sakonenean itotzen ari zen aurpegi baten begien kliska urduria erretratatu zuten, Gero, txitxar baten ezusteko kirrinka harrapatu eta abesti erromantiko batean infiltratu zuten. Gertaera horiengatik asaldaturik, eta lanpostua galtzeko zorian zegoela ikusirik, amodioa balantzaka hasi zen, baina artistek adaxka bati gogor heldu zioten eta dardara hori gainditzea lortu zuten.
Hainbeste lorpenen zirrarak gainezka eginda, zulotik indarka atera ziren gure hiru protagonistak eta maitasunaren zati material eta ukigarriena agerian uztea lortu zuten. Pertsonaia etereo eta boteretsu hau kreatura adardun eta urdinxka bat besterik ez zela ikusi zuten, belarritik belarrira aurpegia zeharkatzen zion bibotea zuena. Harrituta, maitasunak galdetu zien: Nola egin duzue ihes nire barneko urin kiskalgarrietatik? Eta haiek irribarre eginez eta erakusketa honekin
erantzun zuten.
programa
Urriaren 26an
18:00: Irekiera.
19:30: Txitxirios de Lamana taldearen kontzertua.